Espainiako Epaitegi Gorenak Baltasar Garzon kondenatu du Gürtel kasuko buruei eta beren abokatuei entzuketak egitea agintzeagatik. Epaia eguerdiko 2:00ak partean jakinarazi da, eta aho batez hartu da. 11 urterako kargugabetu dute.
ELA, LAB eta EILAS sindikatuek zerbitzu publikoko 100.000 langile grebara deitu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Sindikatuek gaurko antolatutako protestak, murrizketak salatu eta kalitatezko zerbitzu publiko bat eskatzea du helburu. ESK sindikatuak ere greba deialdia babestu du.
La Setmana astekari okzitandarrak salatu duenez, CPPAP (Commission Paritaire de la Presse et des Agences de Presse) batzordeak ukatu egin dio bere proiektu digitala garatzeko diru-laguntza. "Okzitanieraz soilik jarduten dugulako ez dugu laguntzarik jasoko", azaldu du agiri baten bidez. Egoera bertsuan da Kazeta.info webgunea.
Lan eremuan gertatutako istripuak %8,6 murriztu dira Hego Euskal Herrian 2010etik 2011ra bitartean, LAB sindikatuak plazaratutako datuen arabera. Hala ere, sei minuturo ezbehar bat gertatzen da eta laupabost egunetik behin langile bat hil egiten da. Guztira 81 langile hil ziren iaz.
Hainbat esparrutako gazteek Jalgi Hadi Garaipenera ekimena aurkeztu zuten atzo Iruñean. Beraien indarrak helburu argi batekin bildu dituztela jakinarazi dute gazteek, Euskal Herriaren historian sakondu eta berau azaltzea eta iraultzea hain zuzen ere. Horretarako, gazteen formaziorako ekitaldiak antolatuko dituzte Euskal Herri osoan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2.386.422 euroko diru-laguntza emango dio aurten euskarari, iazko kopuruari (2.373.490 euro) eutsiz. Euskarazko aldizkarien argitalpena sustatzeko erabiliko da diru sail handiena: 610.000 euro.
Londresko poliziak 200 lagun baino gehiago atxilotu zituen atzo, hirian koordinatutako 300 bat sarekada egin eta gero. Operazioa The Trident Gang Crime Command izeneko "gaizkile-taldeen" aurkako poliziaren unitate berriak egin zuen eta 1.300 polizia baino gehiagok hartu zuten parte bertan. Britainiar Gobernuaren arabera, kalean aritzen diren gazte talde hauek izan ziren pasa den udan hiriburuan gertatutako istilu larrien sustatzaile nagusiak.
Aurtengo Aberri Egunaren esanahi sinbolikoa dela eta, apirilaren 8an Iruñean egingo dela azaldu zuten atzo Independentista sareko kideek. Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurrena eta Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena gogoratzeko abertzale guztiak Iruñean biltzera deitu ditu Independentista sareak.
Asentxio Ondarzabal (Hernani, 1934) atzo hil zen, 77 urte zituela. Besteren artean, Erein argitaletxearen eta Tolosako (Gipuzkoa) Laskorain ikastolaren sorreran parte hartu zuen Ondarzabalek.
Kukai dantza konpainiak Out/in lana estreinatuko du igandean Errenteriako (Gipuzkoa) Hiria Kulturunean, 19:00etan. Iazko maiatzean sortutako Karrikan ikuskizuna abiapuntutzat hartuta, bi koreografiak osatzen dute lan berria: Aupa mutil eta Sorbatza.
Publizitatea
![]() |
Nazkatuta Jon Torner - 2012-02-09 |
![]() |
Leilaren iturri begiak Mikel Asurmendi - 2012-02-07 |
![]() |
Ingelesari beldurrik ez? Onintza Irureta - 2012-02-06 |
![]() |
Langabezia ari du Urko Apaolaza - 2012-02-03 |
Publizitatea