Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraDeba-Urola-Oria kostaldeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Deba-Urola-Oria kostaldea Saturraran-Mutriku-Itziar-Zestoa-Zumaia-Getaria-Zarautz-Aia-Orio
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak


Nola iritsi ELORRIAGA-ZESTOA-ZUMAIA

UROLAREN INGURUAN

40. km-an kostaldeko errepiderantz itzuli ostean (tarteka bista oso politez gozatzeko aukera izango dugu), ibilbidearen 44,5. km-an (errepidearen 34. km-an) ezkerreko aldetik Elorriagara eramango gaituen bidea hartuko dugu (adi egon behar da), zuzen eta gorantz segitu behar duguna. Lehenbizi, auzora ailegatuko gara, sigi-saga zeharkatuko duguna, eta 500 metro geroago, Elorriagako atsedenleku-askaldegiraino. Horrela, berau zeharkatuz gure aurrean topatuko ditugun “flysch” erako hondartza eta labarrez gozatzeko moduan izango gara.

Zumaiarako errepidean goazela lehenbizi Zestoara desbideratuko gara, 51. km-an eskuinera eginez, 5,5 km. aurrerago bainuetxeak ospetsu bihurtu duen herri honetan sartzeko. Zestoako erdigunean, galtzada bat igaro eta eskuineko aldetik malda luze eta aldapatsua beherantz jaisten dela ikusiko dugu; bertatik jaitsi, zubi bat pasatu eta eskuinerantz egingo dugu, eta handik 200 metrotara, herriko bigarren eraikin ospetsua aurkituko dugu: Lili Jauregia.

Herri honen inguruan gaudela oraindik ere hirugarren gune bat bisita genezake: Ekain Haitzuloko pintura garrantzitsuak (Lili ondoko bidean Sastarrain Baserri-Eskolaraino joanda), nahiz tamalez bisitarientzako itxita dagoen.

Lehenbizi herriguneraino eta gero N-634 errepideraino itzuliz, 1,5 km-tara Urola ibaiaren itsasadarrak Zumaiarako ongi etorria egingo digu (erdigunea gure ezkerrean geratzen dela). Herria Donostia alderantz zeharkatuz, laster gure ezkerrean agertuko diren itsas padura eta haren ondoko hondartza ikusgarriaren albotik pasatuko gara.

Zer ikusi

ELORRIAGA PARKEA-AITZURI HONDARTZA

Deba eta Zumaia artean, itsaso aldera hartuz (ikus ibilbidea), Elorriagako herrixka eta atsedenleku ederra ditugu, eta hortik abiatuta, flisch izeneko fenomeno geologiko ikusgarria erakutsiko digun Aitzuri hondartza. Elorriagako (edo Elorrixako) askaldegi edo atsedenlekua, egun-pasarako paraje egokia da, Elorreta Jatetxeaz gain, jateko mahaiak, jolas-parketxoa eta inguruko labar eta hondartza basati eta zoragarrietatik ibiltzeko bidezidor seinalatuak prestaturik dituen eremu zabala delako. Nahiz eta gu Aitzurira hurbilduko garen, itsasorantz hainbat ibilera ezberdin aukera ditzakegu, zein baino zein ederragoa.

AITZURIKO KALA

Atsedenlekua itsasora begira zeharkatu ondoren, beherantz eta ezkerrerantz, bidezidor bat hartuko dugu, sigi-saga uretaraino eramango gaituena. Amaieran Aitzuriko kala harritsu edo hondartza basati eta ederrean sartuko gara.

Jaisteko itsasbehera aprobetxatu badugu, kalaren edertasun osoaz gozatuko dugu, flisch edo “hostopil-labar” hauskorrez eta itsasoaren hondotik zeharka eta paraleloki goratzen diren harri luze eta zabalez, goian dagoen helburu bati seinalatzen ari direla diruditen forma bitxi eta ikusgarriak eginez. Oro har, hondartza honek eta ingurukoek paisaia ezberdin eta zoragarria osatzen dute, ohikoak ez diren hondartza basatien multzo ikusgarria.

FLISH FENOMENO GEOLOGIKOA

Material gogor eta bigunak liburu baten orriak bezala tartekatzen dituzten, eta mugimendu eta toleskuntzen eraginez gora begira eta makurtuta agertzen zaizkigun lur-geruza hauek lurraren barnea ikertzea ahalbidetzen digute. Beste fenomenoa, berriz, itsasoaren indarrak higatu dituen itsas haitzetako ildaska edo nerbioak dira, itsasbeheran ageri direnak (Aitzurin adibidez).

ZESTOA

Zestoa hainbat auzotan sakabanatutako udalerria da, horietan zaharrena (erdigunea bera baino zaharragoa) Aizarna izanik. Jakina denez, XVIII. mendean aurkitu ziren ur beroetatik datorkio ospea Zestoari (Gezalaga iturrian jaio eta sodio, sulfato eta klorurotan aberatsak). 1804. urtean bainuetxe ospetsua eraiki zuten ondorioz, eta XIX. mendean zehar eta XX.aren hasieran oso modan jarri zen.

IKUSTEKOAK

Zestoako erdigunean, nola ez, herria ospetsu bihurtu duen Bainuetxea nabarmendu behar dugu, hots, honen inguruan jasotako eraikin multzoa. Horrez gain,, Zestoak bestelako monumentu interesgarriak ere baditu, adibidez antzinako harresietatik geratzen diren San Jose eta Inmaculada ateak, Cesareo Diaz kalearen bi muturretan.

Andre Mariaren Jaiotzaren Eliza XVI. mendekoa da, mendearen erdi aldera guztiz kiskalita utzi zuen sute baten ostean berreraikia (herriaren zati handi batekin batera). Halere, elementu batzuk (dorrea XVIII.ekoa) geroago eginak dira. Udaletxean Gipuzkoako Batzar Orokorrak bildu ziren, eta horren ondorioz, herri bakoitzari egokitutako jesarlekua gordetzen dira gela batean. XVIII. mendekoa da, eta arkupeak eta armarriak ditu.
Jauretxeei dagokienez, plazan bertan dauden Iraeta eta Lizenziadokua (biak XVI.ekoak), Portalekua edo Jantzi-Etxe (XVI. m.) eta geroagoko Aritxe Zaharra (XVIII-XIX. m.) azpimarra ditzakegu. Azkenik, erdiguneko bidegurutzean bertan harrizko gurutze ikusgarria ikusiko duzue.

LILI JAUREGIA

Herriaren behealdeko Zubiaurre zubiaren eskuinaldean (ikus ibilbidea) leku polit batean Erdi Aroko jauregi-jauretxe ederra jasotzen da, izatez bi etxe direlako, bata bestearen kontra, Lili Jauregia eta Lilibea Jauretxea. Gaur egun baserri gisa erabilia, Lili-Idiakez familiaren ondarea zen etxe eder hau gotiko-berpizkunde estiloan harlanduz eginiko monumentu oso interesgarria da. Ohar zaitezte adibidez leiho bikoitzetan.

Herrialdea
Donostiara
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak

Gipuzkoa
44 km.
52 m.
3.184
%87
44 km2
72 bizt./km2
Santa Krutz (maiatzak 3)
Ama Birjina (irailak 8)

 

 

 



EKAIN KOBAZULOA

Lili Jauregiaren ondotik doan bidetik (ikus ibilbidea) Sastarrain Baserri-Eskolara iritsiko gara, eta honen atzeko zelaian hainbeste hika-mika sortzen dituen haitzulo honen sarrera agertuko zaigu (bisitarientzako itxita dago). 1969an aurkitutako 150 metroko haitzulo honek Goi-Paleolitikoko animalien pintura eta grabatu oso garrantzitsuak gordetzen ditu (zaldiak, oreinak, arrainak...).

Gertatzen dena zera da, nahiz eta Zestoatik oso hurbil egon, koba bera Debako udalerrian kokatua dagoela (Deba herria oso urruti badago ere), eta bi udalak, bakoitza bere aldetik, pinturak (beti ere kopiak, inoiz ez orijinalak) turistikoki ustiatzeko proiektutan ari direla; ikusiko dugu zer gertatzen den.

ZUMAIA

Jatorriz Narrondo eta Urola ibaiek bat egiten duten lekuaren inguruan sortua, azken hau itsasoratu baino ehunka metro batzuk lehenago alegia, Zumaiak bi alde behintzat nahikoa ezberdin erakusten ditu. Horrela, Urolaren bokalearen ezkerraldean alde zaharra eta herria beraren zatirik handiena kokatua dagoen bitartean, eskuinaldea inguru naturalak betetzen du ia osorik, Santiago hondartza eta itsas padurak hain zuzen. Giza eta natur elementu edo bi alde hauek Zumaiaren izaera egituratzen dute, baina tamalez, bietako bat (padura) desagertzear egon liteke, bertan kirol-portua egin ostean.

LABURPEN HISTORIKOA

Aipatutako moduan Zumaia bi ibaien arteko topagunean jaio zen, monasterio baten inguruan. 1292ko lehen berrian behintzat Santa Maria izeneko monasterio hori aipatzen zen, dirudienez gaur egungo parrokia altxatzen den lekuan kokatua. 1347az geroztik, denbora aurrera joan ahala, herria garatzen joan zen, Gaztela eta Flandes arteko merkataritzarako portu izateak eta Santiago Bideko kostaldeko iraganlekua izateak lagundurik. Geroago, mende gorabeheratsuak ezagutu ostean, mende honen hasieran turismoa ezagutuko du, kostalde gehienak bezala garapen handia jasanez (Zestoako Bainuetxetik ere gertu dago).

IKUSTEKOAK

Debatik gatozela, eskuinaldean Narrondo ibaiaren azken metroak bidelagun izango ditugu, bertan hainbat txalupa koloretsu ikusiko ditugularik. Herriaren alde zaharrean sartu edo errepidea segitzeko bidegurutzea iragan ondoren, berriz, Foronda Kultur Etxea guri begira agertuko zaigu, XX. hasierako almenadun gaztelu dotore itxuraz.

Bidegurutzean bertan dugun Turismo Bulegoa atzean utziz, ezker aldean San Jose kalean Ubillos Jauregia topatuko dugu, alde zaharreko lehen monumentu azpimarragarria. Jatorrizko dorretxeari XVI.ean beste dorre bat eta patio ederra gehitu zizkioten, Berpizkunde estiloari jarraituz. Inguru horretatik, hiriko zaindariaren babesleku atsegina den Arritokieta Ermita hurbileraino igo zaitezkete.

San Jose kaleari jarraituz izen bereko karmeldarren Komentua ikusiko dugu segituan, 1609an fundatua, eta berau inguratuz, Udaletxea topatuko dugu, Foruen Enparantzako eraikin nagusia, alde zaharraren bihotzean. Une honetan, herri askotako alde zaharretan gertatzen den bezala, onena pixka bat galtzea izan daiteke, norarik gabe paseatzea, kasualitateak txoko eta altxor ezkutuak topatzea ekarriko digulako, Intxaurtxoetako Kalestua, esaterako.

Paseo horretan ezinbestez aurkituko duzuena gotorleku itxurako San Pedro Parrokia da. Harlanduz egina, XIII.-XIV. mendeetan hasi ziren eraikitzen, baina dorrea XV. mendekoa eta sabaiak XVI.ekoak dira. Barruko nabe bakarrean eta gurutzeriako sabai ederraren pean altxor bat baino gehiago daude gordeak: triptiko flandes bat, XVI.ean Juan de Antxietak eginiko erretaula nagusia edota eskaintza-ohol margotua (1475eko Gibraltar-eko itsas bataila gaitzat harturik), besteak beste.

Parrokiaren ondoan Ganboatarren Jauregia dugu, egin zenetik oso aldatua baina erdi aroko elementuak kontserbatzen dituena. Aipatzeko moduko beste jauretxe batzuk: Goikotorre (babeserako dorrearen zenbait elementu geratzen dira), Torreberri (kanpoko hormak bakarrik), Olazabal (hareharrizko eta armarridun jauregi ederra) eta Kondekua (burdinurtuzko balkoia).

Alde Zahar gehiena zeharkatu ostean Amaia Plazara iritsiko gara, eta bertan, ezkerreko aldetik, hain zuzen, Itzurun Hondartza garbi eta ederreraino eramango gaituen bidea abiatzen da. Ondoko beste bide batetik berriz, barrualde ederra duen eta begiratoki aparta den San Telmo Baselizaraino iritsi gaitezke (XVIII.eko erretaula errokokoa). Beste aukera bat plazaren ondotik, Urola itsasoratzen den tokira arte joatea da, beste aldean padura ikusgarria eta aurreraxeago bere atzeko Santiago Hondartza fina behatzen ditugun bitartean.

Paseoaren bukaera aldean, itsas barra hasi aurretik aipatzeko moduko beste bi eraikin ditugu: “Kresala” Beobide Museoa (zumaiar egilearen lanak ikusgai dituela) eta Paola Itsasargia, mendixka-balkoi baten gainean ezin hobe kokatua. Puntu honetan ibai ondotik atzera egin, Narrondo ibaiaren bokalean bertan oinezkoentzako zubi batetik Gernika Ibilbide atseginean zehar paseatzen jarraitu, eta berriz ere ezkerretik Urola zeharkatuko dugu, Zumaiako naturgunerik ikusgarri eta interesgarrienean sartzeko: itsas padura.

Inguru zigortu honek (kirol-portua 2003. urterako bukatua egongo omen da eta dagoeneko paduraren beheko erdia betetzen du), itsasaldiaren arabera aurpegi bat ala bestea erakusten du, baina biak ederrak, eta horrez gain padura eta dunek ekosistema bakana osatzen dute, beranduegi izan baino lehen bisitatzea gomendatzen duguna.

Padura eta hondartzaren artean Santiago Ermita (XIII. mendekoa eta Zuloagak erosia) eta “Santio Etxea” Zuloaga Museoa konplexua dauzkagu, eibartar egile ospetsuaren lanez gain Goya, Zurbaran eta beste batzuenak ere erakusten dituena. Errepidearen beste aldean, aldiz, “Laia” Euskal Herriko Artisau Produktuen Museo Denda, nekazaritza munduko tresna eta produktuak ikusgai eta salgai dituena. Azkenik, Santiago Hondartza zabala eta hondar finekoa geratzen zaigu, Getariarako bidean.

Herrialdea
Donostiara
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak

Gipuzkoa
37 km.
10 m.
8.324
%73
11 km2
757 bizt./km2
San Telmo (Bazko ondorengo astelehena)
San Pedro (ekainak 29)

 

 

 


Argazkiak

Aitzuriko kala

Zestoako bainuetxea

Orrialde nagusiraDeba-Urola-Oria kostaldeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: Sareko Argia
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403