Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraAiara GorbeialdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Aiara Gorbeialdea Artziniega-Maroņo-Amurrio-Urduņa-Tertanga-Delika-Gorbeiako parkea
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Argazkiak Argazkiak


Nola iritsi AIARA-AMURRIO-URDUÑA

NERBIOI IBAIAREN ITURBURURANTZ Arabako ipar-mendebaldeko ertzean kokatua, Artziniega, (Bizkaia utzita) probintzia honetako lehen herria da, eta bere monumenturik garrantzitsuenen artean herritik kanpo dagoen Arteko Andra Mari santutegia (Santuario de Nuestra Seņora de la Encina) nabarmentzen da. Gure ibilbidea hortik hasiko dugu. XVI. mendeko santutegi gotiko ikusgarri honen ondoan (barruan erretaula bikaina dago), bera bezain ederra den antzinako artea dugu, hiriko ikurra, alegia. Honez gain, ondoko museo etnografiko eta parke atseginaz ere goza dezakegu, inguru osoa egun pasa burutzeko leku ederra bihurtuz.

Artziniega bera kilometro bat beherago aurkituko dugu, erdigunea Amurriorako bidean zeharkatuko dugularik. Herriko alde zaharrak oraindik Erdi Aroko bidearen zati bat gordetzen du eta bertako harrizko karriketan Aiala eta Barratagure dorretxeak aurkituko ditugu.

Aiarako udalerri zabalean barneratuz, lehenbizi Lanteno auzoa zeharkatuko dugu (Andra Mari Zuriaren santutegi gotikoa). Hiruzpalau kilometro egin ondoren berriz, Menagarai. Bertan eskubira desbideratuko gara, Beotegi-Kexana norabidea hartuz. Horrela, kilometro gutxitan, zonaldeari izena eman zioten Aiaratarren jatorria den Kexana bisitatu ahal izango dugu. Gune txikia izan arren, ondare historiko-artistiko aberatsa gordetzen du. Bertan dira XIV. mendeko Aiaratarren jauregi-gotorleku izugarria, Biloaren Ama Birjinaren kapera-dorretxea (jatorrizko erretaula gotiko bikainaren kopia eta Aiaratarren hilobiekin) eta Domingotarren komentua eta San Joan Bataiatzailearen eliza (XIV. mendeko Ama Birjinaren erlikia ederra ikusgai).

Amurriorako bidera itzuliz, segituan Arespalditza igaroko dugu, aurrekoak baino auzo handiagoa. XVIII. mendeko Andra Mari elizak aurreko tenpluaren atalde erromaniko berantiarra kontserbatzen du. Udaletxean, berriz, artxibo historiko interesgarria dugu.

Laster, Izoria auzunean eta eskuinetara, Maroņora hurbilduko gaituen bidegurutzea ikusiko dugu. Zuzen joanda, 3,5 kilometrotara Maroņoko urtegira iritsiko gara. Uraren, beste aldeko etxaldearen eta horren osteko Salbada mendikatearen irudia oso polita bada, haizerik gabeko egun batean gerturatzen bazarete, osotasun eder hori bikoizturik ikusiko duzue, uretan islatu egiten delako, oraingoan irudi harrigarri eta zoragarri bikoitza sortuko delarik. Aho zabalik geratuko zarete.

Azkenean, errepidera berriro itzuli eta laster Amurrion barneratuko gara, erdigunean eskuinerako bidea hartuz (Urduņara). XIX. mendearen erdialdean Aiaratik desanexionatu zen hiri honetan eraikin zibil eta erlijioso ugari bisita dezakegu. Eraikin erlijiosoetan, Santa Maria eliza (batez ere XVII. mendekoa, erretaula ederra du), eta San Anton baseliza aipa ditzakegu. Zibilei dagokienez aldiz, ugaritasuna zabalagoa da: Mariaka (herritik kanpo), Ugarte (1718koa, armarriduna eta egun Kultur Etxea), Saerin (Sagarribai auzoan, armarria geratzen da), Mendijur dorretxea (XV. mendekoa, kartzela izandakoa) eta Urrutia jauregia (XVI. mendea).

Urduņako uharte bizkaitarrean sartu aurretik, Saratxotik pasako gara, eta bertan jada hurrengo kilometroetan eredu izango den paisaia ikusten hasiko gara: arroilak, haizpitarteak eta pareta bertikaleko mendixkak. Urduņako erdigunean, plazaren inguruan zehazkiago, luzaro aduana izan zen hiri bizkaitar-arabarraren garrantziak utzi ondare aberatsa bisita dezakegu.

Urduņatik berriz ere Burgoserako errepidean, momentuz ez gara Delikarantz desbideratuko (gerorako utziko dugu), baina bai ordea Tertangarantz, Urdua mendatea igotzen hasi aurretik.

Tertanga herritxoa sigi-saga zeharkatuko dugu segitzea debekatzen digun seinalea aurkitu arte (ezkerrean bi garaje marroixka ditugu). Seinale horren atzean hain zuzen, Tertangako arroila ikusgarrian barneratuko gaituen bidexka hasten da.

Zer ikusi

URDUŅA

Bitxikeria bada ere, Bizkaiko hiri (gaztelerazko "ciudad" esanahiarekin) bakarra ez dago dagokion probintzian, Burgosekin muga egiten duen Arabako aldean baizik. Horrela, Erdi Aroan Gaztela eta Bizkaiko Jaunen borroka arrazoi, bere jabetza zela-eta, azkenean 1480an Aiala utzi eta Bizkaiari lotu zitzaion.

Bere kokapenak lehenbizi gotorleku funtzioa ekarri zion (horren seinale harresiz inguratutako Erdi Aroko kale antolaketa, plazaren ingurua izar itxuran). 1773tik aurrera berriz (sute baten ondoren hiria berreraiki ostean), Urduņako Haitza igarotzen zuen bidea ireki ahal izan zenean, aduana-plaza garrantzitsua bihurtu zen, Gaztela eta Bilbo arteko merkataritza osoa bertatik pasatzen zelako. Oparotasun-garai honek 1841 arte iraun zuen, aduanak kostaldera eraman ziren urtera arte, alegia.

IKUSTEKOAK

Hiriko eraikinik garrantzitsuenak Foruen Plazan bertan edo bere inguruan aurkituko ditugu. Arkupedun enparantza gogoragarrian bertan esaterako, aduanaren eraikin neoklasikoa, Mimenza jauregi (1629) ederra, Diaz Pimienta jauregi barrokoa (XVII. mendea) eta antzinako harresietako hondakinen eta almenadun dorre baten (zikoinak ere badira) ondoan altxatzen den armarridun Udaletxea aurkituko ditugu.

Udaletxetik izen bereko kalea hartzen badugu, segituan Andra Mari eliza gotikora iritsiko gara (XV-XVI. mendeetakoa). Barrualdean San Pedroren kaperaren erretaula flandiarra, erretaula nagusi barrokoa eta Guadalupeko Amaren kaperaren Berpizkundeko burdinazko langa landua azpimarra ditzakegu. Herrian bertan, Alde Zaharrean ibiltzea proposatzen dizuegu, interes handikoa baita.

TERTANGAKO ARROILA

Urduņan ikusgarriena bere ingurunea dela argi dago, hiria hegoaldetik inguratzen duen zirkunferentzia erdi itxurako harresi natural izugarria, alegia. Anfiteatro arrokatsu itzel horretan altxor bat baino gehiago dago, txanodun monjearen itxura duen Frailearen tontorra bitxiaren azpiko Tertangako arroila esaterako.

Bertaratzeko, Tertangatik (ikus ibilbidea) irteten den bidexka hartu eta hurrengo hiru bidegurutzeetan hiru aldiz ezkerrera egin behar dugu (lehena hasierako langatik 20 metrora dago). Ondoren, langa berde bat igaro eta atzeko bidegurutze hirukoitz handian erdiko bidea hartuko dugu, beherantz; ibaia (ura badago) zeharkatu, eta hortik aurrera beti zuzen eta gorantz arroila oso handi honetan barneratzen joango gara. Goian Kobaundi izenekoa dago, baina igotzea ez da batere erraza.

Argazkiak


Tertangako arroilak Urduña inguratzen du.


Maroñoko urtegia ispilu ezin hobea bihurtzen da.


Urduña inguruko nekazari paisaia arroilen jarraipenek mugatzen dute.

Orrialde nagusiraAiara GorbeialdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403