| DEBA BEHEA Gipuzkoako
kostaldeko lehenbiziko hondartza, eta baita ikusgarrienetako bat,
Saturraran arrokatsua da, oraindik Ondarroaren ondoan.
Lehenbiziko herria, halere, hondartza eder honetatik
errepidera atera, eta ezkerretara eginez aurkitzen dugun Mutrikukoa
dugu, alde zahar interesgarri bezain aldapatsua (autoa herriaren
goiko partean utzi beharko duzue) duen itsasgizon ospetsu askoren
sorterria. Errepidea jarraituz, kilometro bat geroago, Portu atsegineraino
jaisteko bidea topatuko duzue (horra bai sar daiteke autoz). 500
metro aurrerago, aldiz, aparkatzeko lekurik uzten ez duen begiratoki
handi bat duzue.
Ibilbidearen 7. kilometrorako parkin-begiratoki
handi bat pasatu ostean, hurrengo herria dugu ikusgai, berau zeharkatzen
duen ibaiaren izen bera duena: Deba. Erdigunean barneratzeko ibai
gaineko zubia igaro eta ezkerretara joko dugu, eta horrela hondartzaraino
ere hurbilduko gara (km. batera, ezkerreko aldean). Hori bai, hondartza
zabalaz gozatu baino lehen merezi du erdialdeko eraikinak behatzen
hastea.
Herritik irten eta berehala, ezkerretara, itsasgaineko
hainbat behatoki agertuko zaizkigu, bista politekin, eta baita haizearen
eraginez era bitxian okertutako arbola ikusgarria ere (10,5 km.).
Geroxeago itsas bazterrak utzi eta barrualdera sartuko gara.
11,5. km-an (gasolindegia baino 500 metro lehenago)
gure ezkerretara etxabe edo loja gorri bat ikusiko dugu, aparkatzeko
leku nahikoa duena (adi ibili behar da ikusteko), eta parean (errepidearen
beste aldean) gorantz abiatzen den bidexka bat (autoei sarrera debekatzen
dien seinaleaz). Bidexka horrek, zuzen-zuzenean, inguru honetako
begiratoki naturalik ederrenetako bateraino eramango gaitu, bisitatzea
biziki gomendatzen dizueguna: Santa Katalina Ermita.
Errepidean gora, laster gure hurrengo helmuga ikusten
hasiko gara: Itziar. Bertaratzeko, 14,5. km-an eskuin aldera hartu
(autopistarako sarrera pasatu eta 200 metrotara), eta 300 metro
harantzako berriz ere eskuinetara (zuzen joz gero Lasturrera iritsiko
gara, baina hori gero hartuko dugun norabidea izango da). Gotorleku
itxurako Itziarko Santutegi entzutetsuak, oso antzina eraikia baina
XVI.ean berritua, erretaula plateresko ederra eta Itziarko Andre
Mariren irudi erromaniko oso zahar bat (itsasgizonen zaindaria)
gordetzen ditu besteak beste.
Lehen aipatutako bidea hartuz (orain eskuin aldera)
Lastur nekazari-auzora hurbilduko gara, Industrigunea Elgoibarrerako
bidean zeharkatuz. Horrela beti zuzen joan ondoren, 21. km-an eskuinerantz
desbideratuko gara, bide oso estu batetik barrena 1,5 km-tara Lasturgo
erdigunetxora iristeko. Lastur euskal zezenaren sorterria
da (euskal sokamuturra asko bertako zezenekin egin ohi dira), eta
bertako erdigunetxoak zezen-plaza bitxi baten itxura dauka. Honez
gain, aldameneko Plazaola Errota ere bisita daiteke.
Elgoibarrerako bideari eskuinerantz eta gorantz
segituz, panoramika politak agertuko zaizkigu, eta bukaeran (29,5
km) Madariagako atsedenleku-begiratoki ederrera ailegatuko gara.
Bertan atzera egingo dugu.

|
| MUTRIKU
Betidanik arrantzarekin lotua, bere armarrian irudikatzen den balearen
arrantzak erakusten duen moduan, maldan gora antolatua dagoen herri
polit hau itsasgizon eta pertsonaia garrantzitsu askoren jatorria
da, Trafalgarreko batailan hil zuten Txurruka Almirantea kasu. Neolitiko
arotik populatua, hiri gisa 1209an fundatu zen, eta XVI. mendearen
erdialdean berau zeharo suntsitu zuten suteak pairatu behar izan
zituen. Hirigintzari dagokionez, herriaren goiko aldeko bi plazak
eta beheko portua lauzatutako kaleen bidez lotuak daude, Gipuzkoan
ongien zaindu den alde zaharretako bat osatuz.
IKUSTEKOAK
Txurruka Enparantzan, gaur egungo herri-gune nagusian, Txurruka
berari eskainitako estatua altxatzen da, erdi-erdian. Plaza inguratuz
eraikin interesgarriak ditugu, hala nola, Udaletxea (hiru armarri
dituela), Jasokundeko Ama Birjinaren Eliza neoklasikoa (kapera batean
Zurbaranen margo bat dago gordea), eta harlanduz eginiko Galdona
Etxea, lehen solairuan armarria erakusten duena.
Mutrikuko Kondea kalea hartuz Arrietaren Etxea aurkituko dugu.
Plazatik Erdiko Kalea hartzen badugu, aldiz, XVI. mendeko Zabiel
Jauregiarekin topo egingo dugu, gaur egun Kultur Etxea dena. Beherantz
eginez, antzinako parrokia gotikoa dagoen bigarren plazaraino iritsiko
gara, eta pare bat aldiz eskuinerantz joz, Barrenkalen Olazarra-Mizkia
Etxea gure parean geratuko da, bere harlanduzko aurrealde, balkoi
eta armarriarekin.
Porturaino jaisten den Tranpakaletik jarraitzen dugun bitartean,
XVIII.eko Montalibet Jauretxea eta Berriatua Dorretxea edo Sulengokua
(1533ko suteari aurre egin ahal izan ziolako) behatzeko parada izango
dugu.
Azken honek, bere atarian arku bikoitza eta arku konopialeko leiho
bikiak erakusten dizkigu, erreformak jasan aurreko aztarna gisa.
Amaitzeko, zenbait dike eta hondartza-kala harritsu artifizial
(edo igerileku natural, nahiago duzuen moduan) baten inguruan arrantza-portu
oso atsegina dugu, bertatik paseo ederra egitera gonbidatzen gaituena.
SATURRARAN HONDARTZA
Ondarroatik oso gertu badago ere, Mutrikuko udalerrian dagoen hondartza
honek Gipuzkoako hasiera markatzen du, eta kostaldean daudenetatik
basati eta ederrenetakoa da. Uren gainetik gailentzen diren itsas-haitz
handi eta ederrez inguratuta, alboko berdegune, atzeko Ondarroako
herria eta bertoko hondar fina lagun dituela, herrialde honetako
hondartzarik atseginenetakotzat jo dezakegu. Gainera, ez dago apenas
urbanizaturik eta itsasbeheran ezkutuko kala bat baino gehiago agertzen
dira (eskuinaldeko eskailerak igarotzen badituzue, ezusteko bat
baino gehiago izan dezakezue).
|
Herrialdea
Donostiara
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak |
Gipuzkoa
56 km.
49 m.
4.750
%85
28 km2
170 bizt./km2
San Isidro (maiatzak 15)
Madalenak (uztailak 21-25)
Kalbarioak (irailak 14-16)
Arrantzaleen Eguna (irailak 16) |
DEBA
Izen bereko itsasadarraren eskuinaldean kokaturik, ia herriaren
erdialdean bertan, hondartza karratu eta laua dauka, kirolean aritzeko
oso egokia. Kokapen horrek uda pasatzeko jende askok aukeratzen
duen turismo-gune bihurtu du Deba. Dena den, esan behar da Debako
udalerrian Itziar eta Lastur guneak ere sartzen direla; eta halaber,
itziartarrak izan zirela itsas bazterrean gune bat sortu eta garatzeko
beharra sentitu zutenak.
Gune hori 1343an fundatuko zuten, Monreal de Deba izenez.
Hortik aurrera, bertako portuak garrantzi handia bereganatuko zuen,
salerosketa eta arrantzaren bitartez herriaren garapena ekarri zuelako.
Joan den mendean portuak krisi larria bizi izan zuen, baina horri
aurre eginez-edo, beste jarduera berri bat sortu zen: udaldia, itsas
bainuei eta hondartzako atsedenari lotua.
IKUSTEKOAK
Mutrikura joateko zubiaren parean, aurrez aurre, Agirre Etxea dugu.
Ispiluen Saloia azpimarratzea merezi du. Ontziola kaletik erdigunerantz
abiatuz, Eguneko Zentroaren ondotik, Foruen Plazan sartuko gara.
Bertan dagoen XVII. mendeko Udaletxe barrokoak hiru armarri ikusgarri
ditu bistan.
Kale bat harantzago ibiliz gero Plaza Zaharrean sartuko gara, eta
bertan, Debako perla, XIV.eko Santa Maria Eliza eta bere klaustroa
aurkituko ditugu. Hasiera-hasierako eraikin gotikoa XIV.ekoa izan
arren, XVI.ean berreraiki egin zuten, zutabe estiloan. Estalitako
sarrera nagusian Birjinaren bizitzako eskulturez apaindutako sekulako
atari polikromatua ageri zaigu. XVI.eko Klaustroan gurutzeriazko
sabaia eta leihatea nabarmentzen zaizkigu.
Elizatik irten eta eskuinerantz, Ifarkaletik paseatuz, Bañez
eta Aldazabal-Murgi Etxeen ondotik pasatuko gara. Bietan armarriak
azpimarratuko genituzke, eta bigarrenean, harlandu eta burdinazko
balkoiak bereziki. Kalea amaitzean, errepidea eta Calbeton Zumardi
zabal eta atsegina zeharkatu ondoren (berdegune handia osatzen du),
Santiago hondartzara iritsiko gara.
Honen eskuinaldean haitzen gaineko Pablo Sorolabal Pasealeku ederra
abiatzen da, itsasbehera badago lapari hondartzaren gainetik, eta
bestela, itsasgoran, itsaso zabalaren gainetik. Pasealekuak altuera
dezente hartzen badu ere, itsasgora larrietan dutxa bat ere har
zenezakete. Hondartzatik ibilian, Cardenas Pasealekuko txalet politak
behatu ostean, itsasadarraren gainean amaituko dugu. Hemen, neska-mutikoek
beren buruak edo arrantzaleek beren kanaberak uretara nola jaurtitzen
dituzten ikus dezakegu.
Itsasadarra lagun dugula, Mutrikurako zubirantz abiatuko gara,
Arrantzale Ibiltokitik barrena. Gure ibilera hasi dugun leku berean
amaituko dugu, zubiaren gainean, ezkerraldean harlanduzko Sasiola
Dorrea dugula. Gure aurrean dugun ibaiaren gainean, ohar zaitezte
nola amarratuta dauden txalupak egurrezko kaitxo-eskailera bitxietara.
SANTA KATALINA BASELIZA
Itziarko gasolindegia baino 500 m. lehenago aparkatu ostean (ikus
ibilbidea), errepidearen beste aldean bidetxo partikular asfaltatu
eta estu bat abiatzen da gorantz (autoentzako sarrera debekatua
duena). Oinez 10 minutu ibili ostean, baserri batera ailegatuko
gara, eta eskuineko aldean lurrezko bidezidor bat hartuz baselizara
iritsiko gara (baserritik ikusten da).
Egiako auzoan kokaturiko baseliza hau begiratoki pribilegiatu eta
zoragarria da, bertatik Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldearen zati
handi bat ikus daitekeelako. Gutxienez XVI. mendekoa, Kostaldeko
Santiago Bidearen erreferentzia puntu bat da.
|
Herrialdea
Donostiara
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak |
Gipuzkoa
51 km.
5 m.
5.064
%76
52 km2
97 bizt./km2
Zoro Ferria (urte berriko 1. larunbata)
Debarraren Eguna (maiatzeko 3. larunbata)
San Pedro (ekainak 28)
San Roke (abuztuak 16) |

|