| HONDARRIBIA
Hondarribiaz hitz egitea Euskal Herriko herri edo hiri ederrenetako
bati buruz hitz egitea da, Gipuzkoan Donostia hiriburuarekin bakarrik
konpara daitekeena.
Batetik, Txingudiko ingurune miragarriaren beste aldea betez, penintsulako
lehen gune populatua izateak historia luzea eta kontatzeko istorio
asko ekarri dizkio. Bestetik, oro har monumentu bat den alde zaharretik
ibiltzea edota San Pedro kaleko etxe arrantzale tipiko eta koloretsuen
aurrean bertako gastronomia ospetsua dastatzea, edonoren eskuetan
dagoen luxua kontsidera daiteke.
Azkenik, Gipuzkoako hondartzarik zabalenean eguzkia hartu edo bainua
hartu ostean arrantzaleen kaira gerturatu eta Higer muturreko itsasargitik
itsaso zabala behatzeko paradarik baldin badugu, orduan konprenituko
dugu zergatik aukeratzen duen hainbeste jendek Hondarribia oporrak
igarotzeko leku gisa.
HISTORIA
Inguruetan agertutako aztarnen arabera, inguru hau duela 5.000
urte jada populatua zegoen. I. mendean erromatarrak bertatik pasatu
ostean, tradizioak VII.ean Wamba Errege Godoak lehen gotorlekuak
eraiki zituela dio. Hala ere, XII. mendea arte ez da agiri idatzitan
agertzen hasiko, eta fundazio ofiziala 1203an ezagutuko du, Gaztelako
Alfontso VIII.aren eskutik.
Mugaren ondoan egonik, bere kokapen estrategikoak laster gotorleku
bihurtu zuen, eta pribilegio asko eskurarazi ere bai. Baina era
berean, izaera horrek askotan setiatua bizi beharra ekarri zion,
batik bat Espainia eta Frantziaren arteko gudetan (lehena 1280an).
Batzuetan garaile (1638an 69 eguneko setioari eutsi zion, Guadalupeko
Amaren laguntzaz) eta bestetan galtzaile (1794an erori ostean,
hiri osoak lapurreta orokorra ezagutu zuen), bertako jendeak borrokalaria
eta gogorra izatearen fama du.
Euskal kostaldeko beste herri askoren moduan, arrantza eta merkatariza-portu
oparoa ere izan zen, lortutako pribilegioek horretan lagunduz. Ondorioz,
Gaztela eta Flandesekin zituen merkataritza-harremanek hango jendeak
honantz erakarri zituen. Azkenik, XIX. mendean Karlistaden gorabeherak
pairatu ostean, XX.ean kontrabandorako leku egokia bihurtu zen,
gerran nahiz gerra ondorenean.
HARRESIEN BARNEKO ALDE ZAHARRA
Osorik monumentu izendatua, bere baitan aberastasun artistiko eta
arkitektoniko oso zabala gordetzen du. Abiapuntu gisa Irunetik zatozela
hirirako sarrera funtzioa betetzen duen errotonda hartu dugu. Puntu
honetan, ezkerretara egiten badugu harresiz inguratutako Alde Zaharra
dugu; zuzen joanez gero, ordea, Portu Auzoan barneratuko gara, eta
eskuinetara jotzen badugu, Bidasoaren gainean jarriko gara.
Errotondaren alde batean, Ama Birjina baten estatua loretsu eta
polita dugu, eta bestean, harresien hasiera den San Felipe Baluartea,
horman balearen arrantza irudikatzen duen erliebe ikusgarria duela.
Ondotik igo ondoren, eta errotondatxo batean eskuinerantz egin eta
gero, harresien barnean sartuko gara, hiriko armarria ikusgai duen
Santa Maria Atetik hain zuzen.
Hiriko sarrera nagusia izan zen garai batean, eta zeuzkan hiru
ateetatik erdikoa geratzen da, beste biak 1795ean frantsesek suntsitu
baitzituzten. Atearen ostean Kale Nagusi ederra abiatzen da, hiriko
eraikinik berezienak erakusteaz gain atzealdean Jasokundearen parrokiako
dorrea ikusgai uzten duena.
Kale honetan, bereziki azpimarratzekoak dira XVIII.eko Udaletxe
barrokoa, bi armarri eder erakusten dituena, Casadevante Jauregi
errenazentista(5. zk.) eta Zuloaga Etxea. Azken honetan gaur egun
Hiriko Artxibategi Historikoa eta Udal Liburutegia daude. Ohar zaitezte,
halaber, 4. zenbakiko Ladron de Guevara Etxeko adreilu urdinez beiraturiko
aurrealdean.
Kale Nagusiarekiko paraleloan oso interesgarriak diren beste hiru
kale luzatzen dira: Panpinot (ezkerrekoa), eta Apezpiku eta Fraxkueneko
Murrua eskuinean. XVI. mendeko Panpinot kaleari dagokionez, bere
etxe guztiak oso interesgarriak direla esan beharrean gaude, baina
baten bat azpimarratzearren, 16. zenbakiko Rameri Jauretxea aipatuko
dugu. Etxe honen aurrealdea oso ikusgarri agertuko zaigu, marrazki,
moldura eta lore-koadro ugariz apaindua dagoelako.
Orain, Kale Nagusiaren eskuinean dugun Apezpiku kalera aldatuko
gara. Hondarribiko kalerik zaharrenetakoa da, eta gaur egungo izenak
XVI. mendetik dirau. Mutur batean Palentziako Urbana Dorretxea edo
Etxebestenea dago, Sevillako Artzapezpiku, Carlos Varen kaperau
eta Santa Teresaren babesle izan zen Cristobal de Rojas y Sandovalen
jaiotetxea. Jaiotetxearen aurrean, bere izena daraman enparantzan,
estatua batek pertsonaia historiko hura gogorarazten digu.
Plazaren beste aldean, harresien gainean Fraxkueneko Murrua dugu,
eta bere amaieran (Nagusi eta Apezpiku kaleen amaieran ere bai),
Jasokunde eta Sagarrondoko Ama Birjinaren Eliza. Estilo gotikoan
egina, Berpizkundeko elementuak baditu ere, 1474an hasi ziren eraikitzen,
eta 1549an Baionako Apezpikuak kontsakratu zuen. Guda ugariek beren
eragina izan dute egituran, eta horrela, 1521ean erre egin zen eta
1638an sabaietako bat jauzi zen. Gaur egungo dorrea mende bat beranduago
altxatu zuten.
Gurutze latindar itxurako hiru barneluzego ditu, eta bertan korupeko
izardun sabaia nabarmentzen da. Sarrerako bi aldeetan Filipinetako
Itsasotik ekarritako ur bedeinkatuko bi maskor topa ditzakegu.
Elizaren atzealdean, Bretxa kaletik sartuz, Arma Plaza eta Karlos
V. enperadorearen Gaztelua ditugu. Gaztelua eraikin laua da, dirudienez
Nafarroako Santxo Abarka Erregearen garaian altxatu eta Karlos V.ak
handitua. 1794an frantziarrek zati bat suntsitu zuten arte. Bertan
pertsonalitaterik handienek ostatu hartzen zuten. Gaur egun Turismo
Paradorea da.
Plaza hau hiriko bilgune publiko nagusia izan da, jai eta ospakizun
herrikoi eta ofizialetarako gunea. Gaur egun, balkoi luzeko etxe
ederrek osatzen duten lerroa miretsiko dugu zabalgune honetan. Aurrera
eginez, Juan Laborda kalean (Egiluzko Jauretxea) eskuin-ezkerretara
joz, pasabide batetik barrena Gipuzkoa Plazara iritsiko gara, berria
baina zahar itxurakoa, eta batez ere oso ederra.
Diagonalean zeharkatuz, Santiago Konpostela kaletik lehenbizi eta
Jabier Ugartetik gero, turismo bulegoaren ondotik pasatuz Portu
auzoa dugu.
PORTU AUZOA
Herriko lehenbiziko gune populatua izan omen zen, eta gaur egun
aurrekoarekiko ezberdina bihurtzen duten elementuak gordetzen ditu.
Horrela paraleloki dauden San Pedro eta Santiago kaleek arrantzaleen
etxe tipiko askotxo erakuts dezakete, eta baita Santiago eta Pisuzarra
Plazaren artean sortzen den Madalen Karrikak ere.
Hiruetan ezagunena eta ospetsuena lehendabizikoa da. Izan ere,
aurrealde zuri, teilatu eta gapirio edo habe berde-gorrixka eta
lorez beteriko egurrezko balkoi koloretsuek sortzen duten postal
moduko irudia, buruan grabaturik irauten duten horietako bat duzue,
zalantzarik gabe. Hemendik, Done Pedro Itsasgizonen Kofradiara hurbiltzea
gomendatzen dizuegu.
KAITIK HIGER LUR-MUTURRERANTZ
Bertatik badiaren gaineko ibileran bi aukera ditugu, hegorantz
Bidasoa kale-pasealekua hartzea, edo bestela iparreratz, Butron
Pasealekua. Txingudiko Badiaren gainean, eta beste aldean Hendaia
dugula, biak dira ederrak, eta beraz, lehenengotik ibili ostean,
Butroikoa hartzea gomendatzen dizuegu.
Bide honetan laster Hondarrabia hondartzara iritsiko gara, eta
berau zeharkatuz hurbil dugun Arrantzaleen Kai Babestura. Alboan
ditugun San Telmo Mutur eta Gaztelutik barrena, begiratokiz josirik
dagoen bide bihurgunetsu eta eder batean gora, Higer Muturreko Itsasargira
ailegatu gaitezke.
GUADALUPEKO AMAREN BASELIZA
Jaizkibel mendian, XVI.eko baseliza hau dugu, sekulako bistak eskaintzen
dituen paregabeko ingurunean. 1638an suntsitua, eta ondoren berreraikia,
Guadalupeko Andre Mariari egozten zaio urte horretako setioa gainditu
eta hiria askatu izana. Une horretatik aurrera Hondarribiko armarriari
Ama Birjinaren irudia erantsita agertuko da, hiriko zaindari izendatuz.
Bertatik, Guadalupeko Gotorlekuaren eraikin-multzo harrigarrira
iritsi gaitezke.
|
Herrialdea
Donostiara
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak |
Gipuzkoa
21 km
18 m.
14.704
%60
29 km2
507 bizt./km2
Ostiral Santuko prozezioa
Kutxaren jaia (uztailak 25)
Jaizubia (abuztuak 15)
Ama Guadalupekoa-Alardea (irailak 8) |
IRUN
Hainbeste urtetan muga-hiri izan den hau, bere kokapen estrategikoa
dela-eta, aspaldian populatzen hasi zen, erromatarren garaitik bederen,
aurkitutako aztarna ugariek erakutsitakoaren arabera. 1203an idatzizko
agiri batean lehendabiziko aldiz agertzen denetik, 1766an Hondarribitik
bereizi eta hiri bihurtu arte, ugariak izango dira auzo-herriekin
izandako liskarrak.
Bere kokapena zela-eta, hiriak eraso eta suntsipen asko ezagutu
zituen. Lortutako garaipenik handiena 1522ko San Martzialekoa izan
zuten. Eta, nahiz eta 1659an Faisaien Irlan Pirinioetako Bakea sinatu,
horrek ez zuen luzaro iraun. Beste garaipen handia 1813koa izan
zen, San Martzialeko bigarrena, frantziarrak botatzearekin batera
Independentzia Gudari amaiera eman ziona. Hurrengo Karlistadek eta
Guda Zibilak ere eragin handia izan dute hirian.
IKUSTEKOAK
Bisitaldia Luis Mariano Lorategietan hasiko dugu, Frantzian izen
handia lortu zuen kantariari eskainiak. Bere parean, Colon Pasealekua
zeharkatuz, Zabalgune Plaza dugu, musika-kiosko bat duela. Honen
beste aldean dugun Argentinako Errepublika kalean eskuinera eta
handik gutxira Iparralde Etorbidetik ezkerrerantz eginez gero, Gernikako
Arbola Plazara iritsiko gara.
Hemen berriz ere eskuin aldera, Tadeo Murgia kaletik Santiago kalea
topatuko dugu, hiriko zaharrenetakoa eta amaieran Junkaleko Andre
Mariaren Eliza Nagusia erakusten diguna. 1606an amaitua, 100 urteren
ostean, bertan gotiko zahar eta euskal Berpizkundeko gotikoaren
elementuak nahasten dira. Barruan, Amabirjinaren irudia duen erretaula
nabarmentzen da.
Elizaren atzean beste hiru plaza edo parke datozkigu segidan, Juncal,
Sarjia eta Urdanibiakoa. Azken hau azokak, kontzertuak eta hainbat
ekitaldirako erabiltzen da, eta bere alde batean Urdanibiako antzinako
Ospitalea ageri zaigu. Plaza zeharkatu eta izen bereko kaletik aurrera
segitzen baduzue Ama Xantalen Baseliza-Museora iritsiko zarete,
20 mendetan zehar gurtza-toki, erromatarren aztarnategi eta Gipuzkoako
X. mendeko eliza bakarra dena; gaur egungo eraikina XIV. mendekoa
da.
Urdanibiara itzuli, berau zeharkatu eta San Martzial kaletik ezkerretara
egiten badugu, izen bereko plazan San Joan Harria Zutabea behatu
ahal izango dugu, goian 1850eko estatuaren azpian armarri batzuk
dituela (Austriako Etxea, Gipuzkoa, eta Irungo Unibertsitatearenak
izan daitezke). Aurrealdean, 1763ko Udaletxe arkupeduna dugu.
Zutabearen beste aldean Eliza kalea dago, eta bertan, Arbelaizko
Jauregia, sendi garrantzitsu honen etxe eta pertsonaia garrantzitsuren
bizileku izandakoa. Atalde barrokoa azpimarratzeko modukoa da. Azkenik,
berriz ere San Joan Harriaren ondotik igaro ondoren, Kale Nagusitik
(Zabaleta Etxe dotorearen aurretik) Aureliano Galiano Lorategietara
iritsiko gara, hasi garen lekutik oso gertu.
SAN MARTZIAL BASELIZA
Aldabe mendian 1522ko garaipena gogorarazteko eraikia (ikus ibilbidea),
San Martzial izena jarri zitzaion, mendiari bezala, garaipen eguneko
santuaren omenez. 1796an errea, 1804an berriz altxatu eta irudi
berria jarri zuten. 1899. urtean bertara iristeko errepidea egin
zen (lagundu zutenen izenak ageri dira kanpoaldean) eta 1910ean
dorrea eraiki zen. Ondoko begiratokitik Irun, Txingudi, Hondarribia,
Bidasoa, Jaizkibel... ikuspegi paregabea aurkezten zaigu.
|
Herrialdea
Donostiara
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak |
Gipuzkoa
18 km
21 m.
55.686
%29
43 km2
1.295 bizt./km2
San Markos (apirilak 25)
San Martzial (ekainak 30) |
AIAKO HARRIA
Hamaikatxo izen dituen eta hainbat lekutatik ikusgai den granitozko
mendigune hau Gipuzkoako antzinakoena da eta hiru haitz handik osatzen
dute: Irumugarrieta (igotzeko lehena eta errazena), Txurrumurru
eta Erroilbide. Beren azpian, erromatarrek lantzen hasitako meategietako
galeriak, leizeak, pasabideak, monolitoak... ageri dira, ordenik
gabe eta osotasun harrigarria eratuz.
Goraino igotzeko abiapunturik egokiena Elurretxeko Gaina da, Ingelesaren
Gaztelutik gertu (ikus ibilbidea). Behetik begiratuz gero gaztelu
ikusgarria den hau, gainean Bidasoaldeko talaia izugarria da, baina
pentsa ezazue goian, bere egituragatik, kontu handiz ibili behar
duzuela.

|