Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraAiara GorbeialdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Aiara Gorbeialdea Artziniega-Maroño-Amurrio-Urduña-Tertanga-Delika-Gorbeiako parkea
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Argazkiak Argazkiak

Nola iritsi NERBIOIREN ITURBURUA ETA GORBEIAKO PARKE NATURALA

URDUÑAKO MENDATE IZUGARRIRA igotzen hasiko gara, tarteka panoramika zoragarriak eskainiko dizkiguna. Gaina harrapatu baino lehen Gaztelako lurretan sartuko gara. Berau igaro eta handik kilometro batera, ezkerrera, etxalde baterako sarrera ikusiko dugu, "Junta Castilla-León- Coto Privado de Caza" dioen langa metaliko berde batez. Sartu; ez zarete damutuko.

Bidexka zabala txarto asfaltatua dago, bidezulo handiekin, beraz oso kontuz joan behar da. 3,5 km.tara bidegurutze batera ailegatuko gara: ezkerrera "Senda Mirador Esquina Rubén" eta eskuinera "Senda Mirador Cañon del Nervion". Lehenbizi ezkerrera abiatzea gomendatzen dizuegu (1,5 km), bertatik Urduñako Bailararen ikuspegi izugarria izango duzuelako. Puntu horretan, gomendioa beste begiratokira oinez abiatzea izango litzateke, arroilaren ertzaren gaineko paseoa zoragarria delako (3 km).

Dena den, bidegurutzera itzuli eta kotxez abiatzen bazarete ere (bidegurutzetik 2 km), iristean ikusiko duzuenaren aurrean, batez ere euri garaia bada eta ur-jauzia sortu bada, erabat txunditurik geratuko zarete: Nerbioi ibaiaren Arroil-Iturburu ezin ikusgarriagoa. Aho zabalik utzi zaituzten mirari hau barrutik, behetik, behatu nahi baduzue, mendatea berriro jaitsi ondoren eskumara Delikarako bidea hartu.

Dagoeneko Delikan gaudela, berau zeharkatu, zubi baten azpitik igaro eta herrixkaren amaierako atsedenleku-askaldegian aparkatu, errekaren alboan. Puntu horretatik aurrera Nerbioiren arroil izugarrian barnera gaitezke, iturburu-urjauzipean jartzeraino.

GUIURIKO UR-JAUZIA ETA GORBEIAKO PARKE NATURALA Berriz ere Urduñatik pasatzen den errepidean, eskuinerantz Gasteizerako norabidea hartu behar dugu. Tartean, lauzpasei kilometrotara, oraindik ere zonalde honetan arruntak diren arroil-paisaia ikusgarriak behatzeko aukera berri bat izango dugu, eta pixkat aurrerago, gure ezkerraldean, Gorbeiaren silueta zabala ere agertzen hasiko zaigu.

Beti zuzen jarraituz, beste hiru bat kilometrotan Guiuri-Gujuli harrapatuko dugu. Beste kilometro batera berriz, kartel marroiska batek Urjauziraino (Cascada de Gujuli) ezkerreko norabidea markatzen digu, 50 metrora dagoen aparkalekuraino. Herriko erdigunetxotik zein aparkaleku honetatik, Guiuriko Urjauzi eder-ederra oso hurbil geratzen zaizue. Ziur egon metro gutxi hauek oinez betetzen badituzue, ikuskizunak zuen edertasun-gosea soberan asetuko duela.

Gasteizerako errepidean hurrengo gunea Beluntza izango da; handik 2 km.tara eskumara jo beharko dugu, bestela autopistan sartzen gara. Beste kilometro batera Murgiarantz irten beharko dugu, segituan Ametzagaña zeharkatzeko. 1,5 km.tara azkenean, Gorbeiako Parkeko populagunerik garrantzitsuena eta Zuia bailara-udalerriko hiriburu den Murgia herrian sartzen gara, inguruko edertasunek erakarrita txalet eta bigarren etxebizitzez josia. Inguruko ikuspegi polita, hurbil den Oroko Andra Mari Santutegitik lortuko duzue.

Murgiako sarreran ezkerrera egitean, Gorbeia Zentrala norabidean, bide erdian Sarriako eliza ageriko zaigu, bidegurutze bailitzan, bere eskuinetik Markinara eta ezkerretik Gorbeiarantz zuzenduko baikara, (gure kasuan ezkerretik joko dugu). Hortik aurrera, Gorbeiapeko zelai ederretara iristeko, errepidea zuzen segituko dugu, batzuetan sigi-saga baina beti kartel ugariak jarraituz, Zentralera 2 km.ra ailegatuz. Hortik aurrera, Gorbeia Parke Natural ederrean murgilduz, mendia bera igo genezake, Baias ibaiaren bideari jarraikiz.

Murgiara itzuli eta berau zeharkatuz, oraingoan Muruarantz abiatuko gara, zuzen eta Gasteizerako norabidea hartu barik. Bidegurutze honetatik 300 metrora agertuko zaigunean berriz, ezkerrera jo beharko dugu, Zarate-Gopegirantz. Horrela, 3 km.ra Manuerga, eta beste bitara Gopegi zeharkatuko ditugu, berehala ezkerrera Muruarantz jo aurretik. Gure helmuga Muruako Urtegia da, errepide-amaieran Gorbeiagañeko tontorreraino eramango gaituen bidezidorra hasten delako

Zer ikusi

NERBIOIREN ITURBURUA

Burgoseko begiratokitik ikusita (ikus ibilbidea) urtearen zatirik handienean, urik ez daramanean, jada zeharo txundituta uzten bagaitu (guri Colorado-ko Arroila ospetsuaren zati bat gogorarazten digu)... zer esan garai euritsutan sortzen duen 270 metroko ur-jauzia deskribatzeko? Hitzak ere soberan daude; ikusi eta entzun egin behar da.

Iturbururantz Delikatik Naturaren indar erraldoi honen behealdeko ikuspegia lortu nahi badugu Delika herriko askaldegi-atsedenlekutik abia gaitezke (ikus ibilbidea), ibaiaren sorbururaino zuzenduz. Kontuan izan gero eta ur gehiago izan (batik bat udaberrian) ikustaldia orduan eta zoragarriagoa izango dela, baina baita zailagoa eta arriskutsuagoa ere (ibaia handitua behin baino gehiagotan zeharkatu beharko da), eta alderantziz, urik ezean bidea erreza bihurtzen da baina ez du hainbeste merezi.

Askaldegitik, ibaia ezkerrean dugula ur-jauzitxo batzuk igaro eta harrizko zubi bateraino ailegatuko gara; zeharkatu eta beste aldetik arroilan barneratzen joango gara, bidezidorra ibaian bertan amaitzen den arte. Hortik aurrera dator zailtasuna, erreka ahal dugun moduan behin eta berriz pasatu beharra. Beste aukera bat, tarteko uharka eta ur-jauziak gertutik sentitu eta ikusiko ez badituzue ere, harrizko zubia igaro eta goialdetik ibaiaren hasiera ingururaino eramango gaituen saihesbidea hartzea da, azken unean ibaira jaitsiz.

GORBEIA PARKE NATURALA
GUIURIKO UR-JAUZIA

Erdi bizkaitarra erdi arabarra, 21.000 Ha.ko naturgune honek izen bereko mendi multzoa biltzen du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko naturgunerik handiena da. Neolitikotik behintzat populatua, antzinako artzain-kultura irudikatzen duten monumentu megalitikoen artean ikaztegi edo kirikiñoen (gaztain-biltokiak) aztarnak ere topa ditzakegu.

Natur-Parkeak landaretza-tapiz zabala (pagadiak, hariztiak, ameztiak...), fauna ugaria (oreinak, igarabak, sai zuriak, aztoreak...) eta natur paraje ikusgarriak gordetzen ditu, Itxinako karsta, Mairuelegorreta kobazuloa edo Guiuriko urjauzia, esaterako.

Gorbeiaganeko gurutzea Gorbeiagane, izenak dioen moduan, izen bereko mendizerraren punturik altuena da, eta bertan Euskal Herriko mendi tontorretako gurutzerik ospetsuena dago. Leon XIII Aita Santuak XX. mendeari ongi etorria emateko tontorrik altuenetan gurutzeak jartzeko agindua eman zuenetik, hiru izan dira Gorbeia koroatu dutengurutzeak. Lehenak, 1901an inauguratua, hilabetera ekaitz batek bota zuen. 1902an bigarrena jarri zuten, baina 1906an haizeak berriz ere bota egin zuen. Azkenik, hirugarren eta azkenak, 18 metrokoa, gaur arte eutsi dio.

Gora iristeko arabar biderik errazena Gorbeia Urtegian hasten dena da (ikus ibilbidea). Parkeko bidezidorretako seinaleei jarraituz gero 7 bat km.tara goian izango gara. Goian 106 mendi seinalatzen dituen norabide-mahaia dago, Erdi-Pirinioak ere ikusiz.

Argazkiak


Guiuriko urjauzia


Nerbioi Delikatik


Gorbeiaganeko gurutze

Orrialde nagusiraAiara GorbeialdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: Sareko Argia
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403