| ELORRIO
Elorrioko Hiria Bizkaian izendatu zen
(1964an) lehenengo Osotasun Monumental Historiko-Artistikoa da,
eta horretarako arrazoiak soberan ditu: Bizkaiko zaindari den San
Balentinen sorterria, bi parrokia, Erdi Aroko hilerri bat, 20 bat
jauregi eder, bederatzi gurutze artistiko, 69 armarri eta beste
zenbait monumentu ditu. Horiek guztiek, hiri ezin ederrago eta ezinbestez
bisitatu beharreko lekua bihurtzen dute.
HISTORIA
Hiria Don Tello Kondeak, Bizkaiko Jauna zenak,
1356an fundatu zuen, Etxebarriako San Agustin elizatearen lurretan.
Harresiz inguratu zuten, gipuzkoarren erasoei eta sendien arteko
gudei aurre egiteko. Bere historia luzean pertsonaia garrantzitsu
bat baino gehiago sortu du, eta horren ondorioa ikusgai dugun jauregi-bilduma
zabala. Garrantzitsuena San Balentin Berriotxoakoa da. 1827an Arriola
jauregian jaio eta Santa Ana komentuan eliz-mutil izan ostean, Filipinak
eta Vietnam aldean misiolari eta apezpiku izan zen, 1861ean harrapatu
eta lepoa moztu zioten arte. 1905etik beato, 1988an santu bihurtu
zen.
IKUSTEKOAK
Gernikako Arbola plaza atseginean alde batean arkupedun udaletxea
dago, aurrealdean bi armarri eta Bibliatik ateratako bi esaldi dituela
eta beste aldean Sortzez Garbiaren basilika dago. 1506an amaitutako
basilika honen aurrealdean Berpizkundeko estiloa eta estilo gotikoa
nabaritzen dira. Barrualdean urreztaturiko erretaula nagusia, eta
San Balentinen aldarea, ekialdeko estiloan marmolez egina nabarmentzen
dira. Basilikako elizpe zabaletatik Elizburu kaleko etxe lerrokatuen
irudi polita dugu.
Plazan bertan, elizaren alboan Arabio-Beitia jauregia dago. Honen
alboko Don Tello kalean ezkerrera, Arezpakotxaga jauregiari atxikia,
Don Tello Ate almenaduna dugu, harresietatik geratzen den bakarra.
Ezkerrera egin eta bidegurutzera ailegatuz, eskuinerantz Durangorako
bidea hartuz San Agustin Etxebarriakoa parrokiara (XV. mendeko euskal
neogotikoa; erretaula platereskoa eta kanpandorre barrokoa) hurbil
gaitezke, tartean Iturbe eta Larrañaga jauregiak, San Fausto ermita
eta Gurutzebarri gurutzea pasatuz.
Beste aukera bidegurutzean ezkerrera egin eta Elizburu kalea jarraitzea
da. Segituan Berpizkundeko Santa Ana gurutze ederraren, atzean duen
Arezpakotxaga-Askarraga jauregiaren eta honen parean dagoen Santa
Ana monastegiaren (San Balentinen estatua eta museoa) artean pasako
gara.
Ezkerrean eliza (kanpandorre ederrarekin) igaro ostean, eskuinean
Iturri eta Larreategi jauregiak ditugu, eta harantzago, eskuinean
baita ere, Olazabal jauregi oso ederra. Honen pareko bidegurutzean
Elorrioko perletako bat dugu: 1522an eraiki zen Gurutziaga gurutze
gotikoa. Bizkaian ez dago antzeko lan ederrik.
Gurutzea inguratuz, eskuineko Arkitekto Kapelasteki kalea hartuko
dugu, lehenbizi San Juan gurutzea eta harantzago Urkizu jauregi
ezin dotoreagoa behatu asmoz (ohar zaitezte ertzetako pinakuluetan).
Itzuleran, azken gurutzea ezkerrean utziz, San Juan kaletik Otsa-Goikoa
eta alboko Ugalde jauregiak igaro eta berriz ere plazaraino eramango
gaituen eskuineko Balentin Berriotxoakoa kalea hartuko dugu. Kale
galant honetan, oraindik ere Lekerika-Otsa, Altzerreka, Ibarguen-Urkizu,
Urkizu-Iturbe, Arriola, Untzeta eta Urkizu jauregiak izango ditugu
ikusgai.
ARGIÑETAKO NEKROPOLIA
San Adrian ermitaren aurrean, eta ferra antzera antolatuta, lekuari
misterio kutsua eta zer pentsatua ematen dion antzinako hilobi multzo
harrigarri eta bitxia dago. Hareharriz egindako 23 hilobiak (horietako
bat bikoitza) antza denez bisigodoen garaikoak dira, seguraski arabiarrengandik
iheska etorritako bisigodo nobleenak.
Sarkofago bakoitzaren gainean erditriangeluar itxurako estali bana
daukate, eta zakar landuak dira. Harriaren gainean IX. mendeko latinezko
inskripzioak dituzte. Multzo honetaz gain, kristo aurreko bost hilarri
ere badira.
|
Herrialdea |
Bizkaia
|
|
Bilbora |
39
km. |
|
Altitudea |
182
m. |
|
Biztanleak |
7.242 |
|
Euskaldunak |
%57 |
|
Azalera |
37
km2 |
|
Dentsitatea |
196
bizt./km2 |
|
Jaiak |
San Balendin Berriotxakoa (uztailak 4)
San Inazio (uztailak 31)
Feria Nagusikoak (irailak 8)
Errebonbilloak (urriak 1) |

|