| EUSKAL HERRIKO HIRIBURU
POSTINDUSTRIALA Nerbioi ibaiaren bi aldeak jorratzen dituen
ibilbide honi hasierarik egokiena emateko leku bakar batetik has
gaitezke, itsasadarrari esker izugarri hazi den Bilbo honetatik
hain zuzen ere, Euskal Herriko populazio-gunerik handienetik alegia.
Hori bai, Bilbo bere osotasunean (zati handi batean behintzat) ikusi
nahi badugu, gure gomendioa 0. kma Artxanda mendian
kokatzea izango da, bertatik hiriko paisaia atsegina izango baituzue.
Hirirantz jaisten ari garela, berehala erdigunera
abiatu beharrean, bizkaitarren eta bereziki bilbotarren artean hain
maitatua den Begoñako Basilika ikusgarria bisita dezakegu.
Orain bai, Bizkaiko hiriburuan sartzeko moduan gaude;
gainera, gaur egungo eta etorkizuneko Bilbo islatu nahi duen ikur
garrantzitsuenaren ondotik (edo erditik) egingo dugu, Guggenheim
Museo harrigarritik alegia. Horrez gain, turistikoki ospe handirik
izan ez duen hiri honek gauza askotxo ditu erakusteko, orokorrean
kanpoko jendeak uste duena baino askoz gehiago: Alde Zaharreko giroa,
zabalguneko etxebizitza oparoak, museoak eta abar luzea.
Bilbo ongi bisitatu ostean, hiritik ateratzeko bide
bat baino gehiago badago ere, guretzat egokiena Santanderrerako
autopista izan liteke. Berau 9 bat kilometro geroago utziko dugu,
Trapagaran Max Center Zentro Komertzialera joateko irteeratik.
EZKERRALDEKO MEATEGI-GUNEA
Hortik aurrera, Trapagaranerako norabidean jarraituko
dugu, lehenbizi ezkerretara eta 200 metro geroago eskuinetara. Horrela,
segituan herrian sartu, eta pixka bat geroago, Trapaga Arango erdigunera
iritsiko gara. Triano mea-mendiaren magalean dagoen herri honen
erdialdean Udaletxea, Parrokia (XV. m.) eta XVIII. mendeko Olaso
Jauregia (XIX.ean berritua) aipa ditzakegu.
Herria zeharkatu eta ondorengo bidegurutzean ezkerretara
joko dugu, La Arboleda jartzen duen norabidean. Goranzko bidea,
200 metrotara aurkituko duzuen funikularraren bidez egin dezakezue.
Autoa erabiltzea aukeratu baduzue, bihurgune ugari eta itxiak dituen
errepidea duzue zain. Hori bai, tarteka Nerbioi itsasadarraren inguruko
paraje industriala behatzeko aukera izango duzue, eta arraroa badirudi
ere, kanpotik begiratuta ondo ematen duela esan genezake (hurbiletik
jada beste gauza bat da).
6,5 km. igo ondoren Larraineta auzora iritsiko gara,
Trianoko sarrerara. Triano mendigunea Bizkaiko industrializazioaren
garrantzizko faktorea izan genuen, bertatik lantegietan erabiltzen
zuten burdina ateratzen zelako.
Aktibitate horren ondorioz, azala kendu dioten mendia
dugu Triano, erraiak agerian utzi dizkioten mendi harrigarria, forma
harrigarriz zipriztindutako paraje ilargitarra. Gizakiak suntsitu
duena naturak berriz ere edertu egin dezakeela frogatzeko, beste
kilometro bat egin eta errepidearen ezkerraldean dituzuen lakutxo
harrigarriak behatu besterik ez duzue egin behar. Urak ederki betetako
zulo horiek, bere garaian Europako burdin-meategirik aberatsenetakoak
izan ziren. Mendiari bere altxorra atera ostean, naturak berak bere
zauriak konpondu eta paisaia aluzinagarria sortzen jakin izan du.
Ondo-ondoan, Zugaztieta (La Arboleda) dugu, eta
auzoaren hasieran, ezkerreko aldean, aurrekoen moduko beste uharka
bat ikusiko dugu. Meatzarien artean herri historikoa izandakoa,
eliza eta etxe ederren artean langile hauen bizimoduaren aztarna
bat baino gehiago topatuko dugu (kantinak, kooperatibak...).
Zugaztietara iritsi bezain laster eskuinetara egingo
dugu, Triano auzorantz, mapa askotan agertzen ez den eta seinalaturik
ez dagoen errepidetxo batetik barrena; beraz, mea-mendi hori zeharkatzen
duen bide honetan arretaz gidatu beharko duzue (gainera txarto asfaltatua
dago). Bidearen lehen zatia Carmen Meategia zenaren ondotik doa,
tarteka bere ustiapenak utzitako itxura bitxiak ikusiko dituzuelarik,
animaliak aske bizi diren paraje batean.

|
| BILBO
Euskal Herriko hiririk handiena Nerbioi ibaiaren bukaeran kokatua
dago, mendiz inguratuta (hortik datorkio Botxo ezizena).
Izan ere, euskal industriaren eta merkataritzaren motore den hiri
honen garapen eta garrantziaren zati handi bat kokapen horri zor
dio. Beraz esan daiteke mendez mende Bilboko izaera eta bizimodua
moldeatzen joan dela Nerbioi itsasadarra, betidanik barnealdearen
eta itsasaldearen komunikazio-bide pribilejiatua izan baita; itsasadarrak
merkataritzako gaiak, industriak eta pertsonak erakarri ditu, gaur
egun ezagutzen dugun Bilbo Handia sortuz.
HISTORIARI BEGIRADA BAT
Hasieran, itsasadarraren eskuinaldean kokatutako nekazari eta arrantzalez
osaturiko hirixka bat zen, baina pirata normandiarren erasoak zirela-eta,
ezkerraldera aldatu ziren (Bilbo Zaharra). Halere, 1300eko ekainaren
15ean, On Diego Lopez de Harok hiri gisa fundatu zuenean, eskuinaldean
egin zuen.
Hiri berria, Bizkaiko burdinari eta Gaztelako artileari esker,
oso bizkor hazi zen. Horretan asko lagundu zuten Bizkaiko Jauntxoek
emandako pribilejioek, Bermeori merkataritza-plazaren estatutua
kendu izanak, eta, azkenik, Urduñatik Bermeora joateko Bilbotik
pasatu beharraren nahitaezkotasunak.
XVI-XIX. mende bitartean Bilboko bizitza bi erakundek arautuko
zuten: Udaletxeak eta Kontsuletxeak (azken hau merkataritzaz arduratzen
zen). Merkataritza eta itsasoari loturiko enpresek aberastuta, garapen
handiko garaiak ezagutu zituen Bilbok, baina nekazaritza gune eta
herrixkekin tentsioak ere bizi zituen, Bilbo beren lepotik aberasten
ari zela pentsatzen zutelako. Izan ere, hiriak, bere interesak gordetzeko,
aginte zentralarekin hitzarturik jarduten zuen, askotan herrien
interesen aurka. Horregatik, 1631, 1718 eta 1804. urteetan matxinadak
izan ziren.
Independentzia Gerran frantsesek bi aldiz okupatu zuten Bilbo,
baina Karlistadek eragin handiagoa izan zuten, liberalen gune izanik
karlistek hainbat aldiz setiatu zutelako. Gerra horiek amaitu ondoren,
Bilboko industrializazio izugarria etorri zen (industria astuna),
haren izaera erabat aldatuz: finantza-bankuak sortu ziren (1857an
Banco de Bilbao), hiriaren garapen handia gertatu zen (1876an Zabalgunea,
eta geroago Ezkerraldea) eta hiria bera handiagotzen joan zen (Abando,
Begoña, Deustua... irentsiz). Horrek guztiak eta etorkinek
(giza-klase berri bat sortu zuten: langileria) gaur egun duen itxura
moldatuko zuten.
Guda Zibilean Euskadiko Gobernu Autonomoko hirigune izan (burdinazko-gerrikoak
iraun zuen arte), eta gerraoste zaila bizi izan ondoren, 60ko hamarraldian
bigarren industrializazioa eta etorkinen uholdea ezagutu zituen.
Horrek, diru berriaz gain, urbanizazio, itxura eta kutsadura arazo
galantak ere ekarri zituen, gaur egun ahal den neurrian konpontzen
ari badira ere.
Gaurko egunean, azkenik, Bilbo XXI. mendean paper garrantzitsua
bete nahi duen hiri moderno eta itxurosoa bihurtzeko ahaleginetan
ari dira, industrian aritzetik gero eta gehiago zerbitzugune izatera
pasatzen ari delarik.
ALDE ZAHARRA
Hiriaren sorlekua ez da jadanik bere gune ekonomiko-administratiboa,
baina bere arima izaten jarraitzen du askorentzat. Gainera, historiari
eta arteari begiratuz gero, hiriko eremurik aberatsena da, eta bertako
Zazpi Kaleetako denda-gunea herrialde osoan ospetsua da.
Ibilbidea Areatzan hasiko dugu, Arriaga Antzokiaren parean. Pariseko
Operan inspiraturiko eraikin neobarrokoa dugu berau. 1890an inauguratu
zen, La Gioconda operaren emankizunarekin, eta bitxikeria
gisa, bertaratu zirenek lan hura telefonoz entzuteko aukera izan
zuten. Plazaren ezkerraldean, XVIII. mendeko San Nikolas Barikoa
itsasgizonen zaindariaren omenezko eliza barrokoa dugu. Elizaren
alboan 1839ko Plaza Barri neoklasikoa dago; arkudun plaza itxia
da (sartu ezik, ez dugu ikusiko). Berau zeharkatu eta ezkerretara
eginez, Miguel de Unamuno Plaza dugu, idazlearen bustoa ere bertan
dagoela, bere jaiotetxetik (Erronda kalean) hurbil.
Ezkerrean gorantz abiatzen den Mallonako Bidarria hartu eta gero
bidegurutzean eskuinetara egiten badugu, Bilboko zaindari den Begoñako
Basilikara iritsiko gara. Basilika gotikoa XVIan altxatutakoa da,
birjina agertu omen zen antzinako ermita baten gainean. Bide beretik
itzuli eta ezkerretara joz, Euskal Museo Arkeologiko, Etnografiko
eta Historikoa topatuko dugu gure aurrean, Gurutze kalearen 4. zenbakian.
Ordutegia: asteartetik larunbatera 10:30-13:30 eta 16-19 (igandetan
goizez). Sarrera dohainik. Alboan Joan Santuen Eliza aurkitzen da,
jesuitek XVII. mendean berreraikia.
Aurreraxeago, Alde Zaharraren bihotzean, Santiagoko Katedrala dugu,
Bizkaiko gotikoaren eraikinik garrantzitsuenetako bat. Antzinako
tenplua hiria bera baino zaharragoa da, eta gaur egungoa XIV. mendean
hasi ziren eraikitzen. Aurrealdea neoklasikoa du, baina elementu
zaharragoak ere baditu. Alboko Aingeruaren ataurrea, isabeldar estilokoa,
oso ederra da. Barrualdean erretaula neoklasikoa nabarmenduko dugu.
Apostoluari eskainitako katedralaren plazan bertan, Karlos III.aren
garaiko iturri barrokoa dago.
Katedraletik irten eta Zazpi Kaleetako edozein hartuta itsasadarreraino
hurbilduko gara. Kale horiek (Somera, Artekale, Tenderia, Belostikale,
Carniceria Vieja, Barrenkale eta Barrenkale Barrena) Alde Zaharraren
sorlekua izango lirateke eta San Antongo Zubiaren eta Katedralaren
artean paraleloki antolaturik daude, denda eta taberna sare bitxia
osatuz.
Somera kalearen amaieran, eskuineko aldean, Atxuriko Azoka aurkituko
dugu, itsasadarraren gaineko itsasontzi itxura duela (horretaz hobeto
ohartuko zarete ibaiaren bestaldetik). Ezkerrean aldiz, San Antongo
Eliza eta Zubia. Tenplua XIV. bukaera aldera hasi zuten, hiriko
harresiak amaitzen ziren lekuan. Eliza gotikoa ia karratua eta txikia
da, eta hiru barneluzegok eta triforioak osatua dago. Fatxada Berpizkunde
garaikoa, dorrea barrokoa eta erretaula platereskoa dira. Zubia
ez da Bilboko eta Athletic-en armarri zaharretan ageri dena, hura
elizaren aurrean zegoelako eta 1882an desagertu zelako, Gerra Zibilaren
ostean eginiko beste bat baizik.
Zubia igaro eta eskuinetara eginez, hurrengo zubiaren (Erriberakoa)
aurreko kalean (Mirasol Kondea) Arte-Erreprodukzioen Museoa dugu.
Hemen Artearen Historiako lanik ospetsuenetakoak ikus ditzakegu,
eskaiolaz eginiko tamaina errealeko kopien bitartez. Ordutegia:
astelehenetik ostiralera, 9-13:30 eta 16-19 (sarrera 200 pta.).
Igandeetan 11-14 ordu bitartean (dohainik).
IBAIAREN ESKUINALDEA
Erriberako Zubia igaro eta ezkerreko aldetik, ibai ondoko Erribera
kalean zehar Udaletxerantz abiatuko gara, tartean Arriaga berriz
zeharkatu eta itsasadarraren alde bietako etxe politak ikusiz. Udaletxea
XIX. mendekoa da, eklektiar estiloan egina. Barrualdean Saloi Arabiar
exotikoa nabarmentzen da. Zubizuri biribila eta Salbeko zubien ondotik
igaro ondoren, Bilbori XXI. mendean indartsu sartzen lagunduko dion
ontziaren branka ikusiko dugu uretan islaturik.
GUGGENHEIM-BILBAO MUSEOA
Frank Ghery-k diseinaturiko eraikin ezin ikusgarriago honetan (batez
ere ibaiaren beste aldetik behatzen badugu), 24.000 m2tan zehar
gaur egungo artearen bilduma pribaturik garrantzitsuena (New York
eta Veneziako museoekin batera) ikusteko parada izango dugu. Arte
mota hau ulertu ez arren, eraikina bera bisitatzea merezi du, barrutik
zein kanpotik zeharo harrigarria delako. Zergatik?
Kanpoaldetik titaniozko estalki distiratsu eta irregularrak eraikinari
hondartutako itsasontziaren itxura sortzen diotelako, eta barrutik,
argi zein espazioen jokoek eta forma biribilek ez dutelako inolako
zerikusirik beste museoekin. Ordutegia: asteartetik igandera 10-20
ordu bitartean. Astelehenetan itxita. Sarrera: Helduek 1.200 pzta.;
jubilatu-ikasleek 600, eta 12 urtetik beheragoko umeek (pertsona
heldu batek lagunduta) dohainik.
ZABALGUNEA
Museoa igaro ondoren, Deustuko Unibertsitate ospetsuaren egoitza
neoklasikoa dugu, eta Deustuko Zubia zeharkatu ostean, eskuineko
aldean Casilda Iturrizar Parke handi eta atsegina dugu, ahateak
eta iturri zibernetikoa barne.
Parkearen hasieran Arte Ederretako Museoa aurkituko dugu, Europan
onenetarikoa dena. Bilduma iraunkorretan El Greco, Goya, Van Dyck,
Tapies, Zuloaga... eta beste askoren lanak azpimarra ditzakegu.
Ordutegia: asteartetik larunbatera, 10-13:30 eta 16-19:30 ordu bitartean
(igandeetan 10-14 artean). Sarrera: helduek 400 pta. Ikasle, langabetu
eta jubilatuek 200 pta. Parkea eta Gurutze Sakratuaren Monumentua
pasatu ostean, Euskalduna Zubi okertutik hurbil, Erruki Etxearen
lorategia, Bilboko Athletic taldearen San Mames futbol-zelaia eta,
horren atzean, Erakustazoka ditugu.
Gurutze Sakratuan bertan, hiriko arteria nagusia dena abiatzen
da, hots, Gran Via de Don Diego Lopez de Haro, Gran Via
gisa ezagunagoa. Plaza Biribilean du amaiera, Areatzatik hurbil,
eta bertan (eta kale perpendikularretan) Bilboko eraikin zibil ikusgarrienetako
asko aurkitzen dira. Goraka begira ibiliz, fatxada ikusgarriak dituzten
etxe asko ikusiko ditugu. Esaterako, Gran Viaren erdialdean, Moyua
plaza biribil ikusgarrian, Txabarri Jauregia (Gobernu Zibila; leiho-talde
guztiak ezberdinak ditu), Carlton Hotela (lehen Eusko Jaurlaritzaren
egoitza), Estatuko Ogasunaren Eraikina edo Aurora Polar-en eraikin
arrazionalista.
Kalean aurrerago eginez Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza eklektikoa,
BBVArena (goian Mercurioren estatua duela) edota Espainiako Bankuarena.
Azkenik, Plaza Biribilean, BBVAren egoitza modernoko kristalen aurrean
Lopez de Haroren monumentua ikusi ostean, Atxukarroren Bilbo-Santander
tren geltoki modernista berdexka eta ikusgarria dugu, eta alboan,
Sociedad Bilbaina ingeles estiloko egoitza kulturala eta Burtsaren
eraikina. Bertara edonor sar daiteke.
Beste monumentu eta etxe interesgarri batzuk honako kale hauetan
ikus ditzakegu: Albiako Lorategietako plaza atseginean Justizia
jauregia, Iruña Kafetetxe neomudejar ospetsua, Sabino Aranaren
jaiotetxe izandakoaren gaineko Sabin Etxea (EAJren egoitza), eta
San Bizente Martiri eliza euskal-gotikoa. Mazarredon Athletic-en
egoitza den Ibaigane Jauregia, besteak beste. Bertendona kalean
Campos Eliseos Antzoki ikusgarria, bilbotar Art Noveau
estiloaren erakusgarri. Azkenik, Elkanon zehar ere etxe dotoreak
aurkituko ditugu.
|
Herrialdea
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak |
Bizkaia
19 m.
358.422
%14
41 km2
8.742 bizt./km2
Inauteriak
Aste Santua
Aste Nagusia (abuztuko 3. astea)
Santo Tomas (abenduak 21) |

|