Aste honetako ARGIA astekariak gai nagusitzat Zuberoa
lantzen du, eta azala ere berari eman dio: "Txikiena Krisian.
Zuberoak Bizi Nahi du" izenburupean. Mikel Asurmendi kazetariak
prestatu du dossierra. Euskal Herriko lurralde ttipiena, doi-doi
iritsia da 2000. urtearen atarira. Mendiko laborantza eta Maule
hiriburuko industria izan dira Zuberoako euskarri ekonomiko
nagusiak mende honetan Ekonomiari
buruzko artikuluan deskribatzen denez. Gaur egun, berriz,
Zuberoak iraunen badu, bere ekonomia azkartu beharraz ohartu
dira bertako herritarrak. Kari horretara, azken hiru urteotan
ekimen berriak sortu izan dituzte zuberotarrek: Herrien Erkidegoa
(Communauté de Communes) da eraturiko egitura berria.
Antzinako Batzorde Sindikala eta ODACE elkartea dira Zuberoako
ekonomiaren beste eragile nagusiak. ARGIAn azken aldi honetan
Zuberoari buruz plazaratutako beste bi artikulu ere intereseko
izango zaizkio irakurleari, alor honetan: "Zuberoako
ekonomia bihurgune garaian" erreportaia eta Jean Jaques
Manterolarekin egindako elkarrizketa: "600
lanpostu berri behar dira Zuberoan".
Zuberoa husten ari da, alta. 13.471 dira biztanleak;
azken hamar urteotan 1.000ko bat galdu ondoren. Alabaina, Euskal
Herriko beste nehongo eskualdetan bezainbatean, urterik urtera,
kultur bizi baten agerle biziak dira
zuberotarrak: neguko maskaraden ondotik pastoral berri bat landu
digute engoitik zuberotarrek. Zuberoako mugaz landako Eskiulako
herritarrek jokatua izanen delarik. Zuberoako
kultur aktualitatea ere aztertu dugu ARGIAn, tarte zabala
utziz Kultur
Eragileen kexuei. Zuberoaren soziologia azaleratzen dute
hauteskundeek eta horien ondorioz indarrean diren kargu politikoen
filiazioak; hor ageri da Erdira
Lerratzen den Gizarte Anitza. Guzti honetan garrantzia berezia
dute Hedabideek
eta beren eraginak.
Lau zuberotar garrantzizkoren iritziak ere
bildu ditu ARGIAk: Pier
Paul Berzaitz, Allande
Socarros, Jean
Louis Davant, Jean
Pierre Miranderenak.
|
Eta non da Zuberoa
sarean?
|
Gauza gehiegirik ez du aurkituko bilatzaile
batean "Zuberoa" hitza ipiniko duenak. Harluxet hiztegi entziklopedikoan
Zuberoaren
definizioa ageri da. Zuberoako zenbait abizenen
genealogiak eskaintzen dituen orri bat ere bada. Eta gutxi
gehiago. Datorren irailean ARGIA eta Zuberoako Ideki elkartearen
artean Zuberoa.net martxan jarritakoan besterik izanen da.
Alta, Soule izenarekin zerbait gehiago aurkituko
duzu. Zuberoak Interneten duen presentzia urria frantsesez da
eta. Sohütako
Lanbide Eskolak dauka orri polit bat, ikasleentzako erakargarriak
diren hainbat informaziorekin, tamalez frantses hutsez... Eperra
ikastolatik ehun metrora! Basaburuako informazioa eskaintzen
du Haute
Soule Accueil guneak, frantses hutsez Etxahunen irudiarekin,
eta musikatxoak "Pello Joxepe" jotzen dizula. Eta oraintsu zabaldu
berria duet Paysdesoule.com
gune berria. Mendira igo eta parapentea egitea laket baduzu,
Errobert
"Pipas" Larrandaburuk proposamena ipini dizu.