Orri nagusira

français english castellano
Orri nagusia


GAI NAGUSIA


ARGIA ASTEKARIA
Argia astekaria




Kioskoa
Euskara
Atsotitzak


Herri bat nola antolatu



   


2000. URTEKO BALANTZEA

 

Durangoko Azokako emaitza baikorrek gure kultura osasuntsu dagoela pentsatzera eraman gaitzakete urtea amaitzeko egun gutxi falta direnean. Bainan Durangokoa ez da gure kulturaren neurgailu bakarra eta guk urtarriletik hona gertatutako guztia hartu nahi izan dugu kontuan 2000 urteak euskal kulturan emandakoaren balantzea egiterakoan. Nagore Irazustabarrenak eta Izaskun Jauregik kulturaren alor ezberdinak ongi ezagutzen duten pertsonen laguntza jaso dute lan hori egiteko orduan eta protagonisten hitzak ere ekarri nahi izan dituzte.

Literaturari dagokionez, aurtengo liburu produkzioa 1.500 aletik gertu egon da eta emakume idazleen urtea izan dela esan daiteke. Hala ere, egon da beste ekimen garrantzitsurik ere: bizkaitarrek idatziriko liburu mordoa kaleratu da aurten, Gasteizko eskolak ere berea egin du, Gabriel Aresti hil zela 25 urte bete dira, Durangoko Azokako salmentek gora egin dute... Hala ere, irakurzaletasunaren inguruko inkestek kezka sortzen jarraitzen dute. Musika arloan, disko berri ugari entzun da azken 12 hilabeteotan. Uda partean jazz musika izan genuen nagusi eta ondoren klasikoa Musika Hamabostaldian. Elektronikaldia ere burutu zen iraila amaitzear zela Donostian eta musika elektronikoak eskaria izan dezakela erakutsi zuen.

Bertsolaritza ere gai nagusia izan dugu 2000. urtean, Nafarroako nahiz Bizkaiko Bertsolari Txapelketen ondorioz. Antzerkian, aldiz, euskal antzezlan batzuen arrakasta handia eta Euskal Herritik kanpo hainbat euskal taldek jasotako sariak euskal antzerkiaren gorakadaren adierazgarri dira. Baina euskarazko eskaintza urria da oraindik. Hurrengo urterako helburuak, aldiz, Dokumentazio Zentrua eta Euskal Zentru Dramatikoa. 

Dantza klasiko edo garaikidea jorratzeko zailatsunak daude Euskal Herrian. Euskal dantzei dagokienez, Erromeria eguna sendotzear dago, txapelketa ugari burutzen da urtero. Bainan, dirulaguntzak urritu egin dira eta emanaldi eskaria nabarmen murriztu. "Saturazioaren ordainak" Ramon Santxezen hitzetan. Artearen arloan, Txillida-Leku etorriko zaio gehiengoari gogora. Baina beste hainbat proiektu ere landu da aurten, Oteizaren Museoa, Gasteizko Arte Garaikidearen Museoa, esaterako. Erakusketak ere ugariak izan dira bukatzear dagoen urte honetan eta bat aipatzekotan Donostiako "Atarian" arrakastatsua aukera daiteke.

Eta, azkenik, euskal zinemaren inguruan hitz bi. Batetik, azken egunotan hedabidetan entzun dugu berria: hainbat film euskarara itzuliko direla, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzari esker. Eta, bestetik, marrazki bizidunen euskal produkzioen gorakada aipatu beharra dago. Azken emaitzak: "Karramarroen uhartea" (Irusoin) eta "Ametsen Lapurra" (Dibulitoon Studio).

 

 

 


Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: Sareko Argia
ARGIA. Zirkuitu Ibilbidea, 15. pabilioia. 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403