|
|
Behi eroen gaiza
Zoratu al gara?
|
|
|
Behi eroek gizartea erotu dute azken
aldian. Gaixotasuna ez da, ordea, atzo goizekoa. 80.hamarkada
amaieran detektatu zen Britainia Handian eta ondoren Europako
hainbat estatuetara zabaldu. 1997an Frantzian indartu zen ostera
gaitza, eta azaroan berriro astindu du abeltzantza eguneroko
ogi duen lurralde hau. Espainiar estatuko lehen kasua Galizian
atzeman da, eta badirudi gabonetako jaiotzan ere ez dugula behirik
ikusi nahi. Baina zer
egin die behiei gizarte ero honek?
Brigitte Chaman doktoreak aztertu du
gaitz hauen historia "Science" aldizkarian. Lehen
aldiz XVIII.mendean detektatu zen Europan "scrapie"
edo ardien dardara gisa. 1938ean Toulouseko Cuillé eta
Chelle albaitariek frogatu zuten gaitza espezie batetik bestera
pasa zitekeela. Gizakien artean 1920an Hans-Gerhard Creutzfeldt-ek
kasu bat deskribatu zuen. Behi eroen gaitza, berriz, 1986an
azaldu zen Britainia Handian lehen aldiz eta ikerketek erakutsi
dute aberekiz egindako pentsua zegoela oinarrian.
Gizakia
zoroaren pare jartzen du gaitz honek, eta hil erebai. Behi
eroen gaixotasuna eta harrapatu eta bost, hamar edo urte gehiagora
ager daiteke. Gaixotasuna sortzen duena "prioi" misteriotsua
da. Ez du gure organismoan inolako erreakzio inmunologikorik
sortzen eta beraz, ezin da odolean antzeman. Gaitza sabelean
sortu eta gorputz osora zabaltzen da nerbio sistematik. Sintoma
asko ditu: memoria hutsunea, umore aldaketak... eta orokorrean
gaixoa lehen sintomak nabaritu eta 18 bat hilabetera hiltzen
da.
Behi eroen kontuak erosketa eta jateko
ohiturak aztoratu dizkigu. Ipar Euskal Herriko hainbat udalek
behikia jangeletako menuetatik kendu dute. Eta saltoki handiak
dira krisiaren eragina gehien sufritu dutenak. Akitania osoan
zabaltzen den Champion saltokiko "Guyenne et Gascogne"
kateko Indaburu arduradunak dionez, "1997an aste gogor
bat jasan genuen. %30 apaldu zen salmenta baina krisia iragaiten
ari da emeki eta aldi honetan %8-10 apaldu da". Irungo
Txingudi merkatalguneko Al Campon, berriz, behikiaren salmenta
%30 jaitsi zen azaroan. Baina harakin txikien kasua bestelakoa
da. Hauei salmenta igoarazi die krisiak. Izan ere, kontsumitzaileak
konfidantza gehiago dute bertako baserritarren jeneroarengan,
eta kalitate zigilu edo labelari prezioari baino kasu gehiago
egiten hasi dira.
Egoerari neurria hartu artean, gaitzaren
aurkako hainbat neurri hartu dira. Europako Batasunako 15 herrialdetako
nekazazal ministroek urtero sei milioi behiri analisiak egitea
eta 1198ko uztailaz geroztik sortutako abere denak aztertzea
erabaki dute. Analisiez gain, abere okelez eta hezurrez egindako
irina eta pentsuak debekatuta egongo dira urtarrilaren 1etik
aurrera. EAEn ere 13.000 buru aztertzen ari dira. Espainiako
Gobernuak, bestalde, Frantziako eta Irlandako behikia inportatzea
galarazi du.
Baina zerk erotuarazten ditu behiak?
Kanibalismoak. Animalia belarjaleak haragijale bihurtu ditugu
egungo pentsuekin. Abere hondakinak traba ziren lehenago: erretzea
garestiegia eta kutsakorra litzateke, eta lurperatzeak ura eta
lurra kutsatzen ditu. Baina mende honen hasieran traba negozio
bihurtu zen Erresuma Batuan, animalia hondakinekin pentsua egiten
hasi baiziren. Formula majikoa zirudien, hondakinak aprobetxatzeaz
gain, larrean gizentzeko hiru urte behar dituen behia 20 hilabetetan
gizentzen baitu pentsu honek. Baina pentsutarako haragi hauen
artean dago "Scrapie" edo ardi eroena, eta ardiek
behiak eroarazi zituzten.
Nekazariek badute gai honen inguruan
zer esan frango. EHNE sindikatuko Aitor Aranburuk bere iritzi
artikuluan prentsan gehiegi eta agian gaizki landutako gaia
dela dio. Gaitzaren ardura gero eta merkeago ekoizteari begiratzen
dion nekazaritza politikari egozten dio, eta Euskal Herrian
epidemiarik ez dagoenez kontsumitzaileei haragia lasai jateko
esaten die. ELB sindikatuko Jean
Marie Oçafrainek ere arazoaren atzean laborantza
industriala dagoela salatzen du, eta abeltzainak sekula ez dakiela
argi pentsua zerez egina dagoen azpimarratzen. Gizarteak eta
laborariek kalitatezko ekoizpena bilatzea da, Oçafrainen
ustez, irtenbidea.
Behi
eroen inguran sarean dagoena: