 |
BILAKETAK |
|
|
|
Sasoian egotearen "arriskuak"
Gure gizarte sedentarioa ohartu da (ohartarazi gaituzte) gorputz atalak eta hauspoa astintzea osasungarri dela eta egoera fisikoa hobetzeaz gain, bestelako onura asko dakartzala kirolak. Edonor ausartzen da Behobia-Donostia lasterketa prestatzera, ehunka kilometro bizikletaz egitera eta aerobiceko saioa zenbat eta luzeagoa nahiago. Baina, seguru al gaude egiten dugun kirola osasungarri zaigula? Nork kontrolatzen du kirolariaren osasuna? Zer dio medikuak? Eta kirol hezitzaileak? Ez ote dugu zenbaitetan kirola osasunerako arrisku bihurtzen? Galdera horientzat erantzuna topatzeko helburuarekin, "Larrun" aldizkariak Iñaki Arratibel, Kepa Garcia, Santi Idigoras eta Luis Mari Zulaika bildu ditu mahai-inguru batean.
Osasuna zaintzeko kirola egitea modan jarri dela ados dira lau mahaikideak. Gero eta kirol gehiago eta ariketa fisiko gehiago egiten dugu, osasuntsu egon nahi dugu. Lehia hitza ordea, askotan atera da mahai inguruan. Lehia berezkoa du gizakiak, baina lehiaren eremuan sartzean eta baita ezjakintasunaren eremuan sartzean ere, osasungarri behar lukeen kirola arriskutsu bihur daiteke. Mahai-inguruan marra hori ez igarotzeko zein neurri hartu behar diren eta erantzukizun hori nork duen aztertu dute.
- Irakurri Kirola eta osasunari buruzko Sasoian egotearen "arriskuak" izenburua daraman "Larrun"a.
Mahaikideek esandakoak
Hurrengo lerroetan mahaikideek elkarrizketan zehar esandako batzuk eta bakoitzaren jardunari buruzko datu gutxi batzuk bildu ditugu:
Iñaki Arratibel: "Behobia-Donostia ez da federatuentzako lasterketa, ezta eliteko kirola ere, baina lasterkariaren mailaren eta prestaketaren arabera lasterketa hori eliteko lehiaketa baino gehiago da. Maratoia ondo entrenatuta egiten duen batentzat baino gogorragoa da Behobia-Donostia hainbat lasterkarirentzat. Arazoak eliteko kirolariak soilik dituela uste dugu? Bestelako kirolariak ez ote ditu arazo gehiago? Ez al ditu askotan errealak ez diren helburuak jartzen? (...) Arriskua lehiakortasunean dago, gaizki ulertutako lehiakortasunean".
Iñaki Arratibel Soin Hezkuntzako Euskal Erakundeko (SHEE-IVEF) irakaslea da.
Kepa Garcia: "Bada masa sozial bat lehia ez beste helburu batzuekin praktikatzen duena kirola, eta agian kirol eskaintza horientzat ere egokitu beharko litzateke (...) Zuk haurra musikako ikastaroetara eramatearren ordaindu behar baduzu, ez duzu ezer esaten. Ordaintzen ari bazara, kontsideratzen duzu positiboa dela zure neskarentzat edo mutikoarentzat klub horretan kirola egitea, zerbitzu on bat eskaintzen ari zaizkizula onartzen duzu".
Kepa Garcia Gipuzkoako Foru Aldundiak sustaturiko KIROLARTE Kirol Kudeaketa Hobetzeko Programako jarduera fisikoaren eta kirol jolasaren arloko arduraduna da.
Santi Idigoras: "Horrela saltzen da orain: egin kirola osasuntsua da-eta. Eta jendeak ere horrela ulertu du, mezua hori delako. Kirolak osasungarri izan behar du, baina adina kontuan izan behar da eta kirolaren nondik norakoetan orientatuko zaituen norbait behar duzu. Kirolak osasuntsua izateko ondo egina izan behar du (...) Jende heldua bere osasunaz gero eta gehiago kezkatzen da eta medikuarengana doa. Medikuak berriz, kirola egiteko esaten dio. Baina zein kirol egin behar du eta nola?"
Santi Idigoras Real Sociedad taldeko futbolari ohia eta kirol monitorea da. Besteak beste, Donostiako La Perla n aritu da.
Luis Mari Zulaika: "Oso positiboa da derrigorrezko hezkuntzan kirola egiteko ohitura sartzea, gerorako kirola=osasuna praktika sustatzeko (...) Kirol legeari dagokionez, kirola praktikatzen dutenek adituarengana joan beharko dute mediku azterketa pasatzera. Kontua ez da anbulatorioan paper bat izenpetzea. Federazio munduko jendeak legea ez zuen begi onez ikusi. Fitxa garestituko litzateke eta horrek fitxa kopuruaren beherakada eragingo zuela uste zuten federazioek".
Luis Mari Zulaika Heziketa Fisikoko irakaslea da eta Maite Muñoa bere emaztearekin batera "Kirola egiteko 30 arrazoi" liburua argitaratu du.
Lotura interesgariak:
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzua
Bizkaiko kirol instalazioak
Eskola kirola Araban
Nafarroako gazteria eta kirol institutua
Fortuna kirol elkartea. Besteak beste, Behobia-Donostia maratoi erdia antolatu ohi du urtez-urte.
Zientzia.net web guneak bilduriko artikuluak:
"Citius, altius, fortius teknologiari esker " (Ana Galarraga, 2003/01/05)
"Zango nekatuentzako soluzioak" (Jabier Agirre, 2002/12/01)
"Elikadura-printzipioak kirol-jardueran" (Ane Miren Uranga eta Arantza Lorenzo, 2002/07/01) "Kirolariak: hormonak bai, baina zeren truke?" (Amaia Astobiza eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute, 2001/10/01 ) "Mugitzearen abantailak" (Jabier Agirre, 2001/09/01)
"Kirola egin? jakina! Baina txikiek neurri txikian" (Beñardo Kortabarria, 1999/05/09) "Kirola lesioen eta osasunaren artean"(Beñardo Kortabarria, 1999/03/28)
"Adin bakoitzak bere kirola" (Jabier Agirre, 1998/10/01)
|
|
|