2010-02-03
Normandiako Manche departamentuan urtarrilean nekazari bat 10.000 euroko isunaz zigortu du auzitegiak auzoko erledun baten erleak pozoindu eta hiltzeagatik. AFP agentziak ezagutarazi du albistea, eta Univers Nature guneak ere bestelako xehetasunez argitaratu du. 2007ko maiatzean François Serrant-ek, nekazariz gain Petit-Celland herriko auzapeza ere badenak, loretan zeuzkan sagarrondoetan Bayer markako Sevin L85 pozoia zabaldu zuen behar baino dosi handiagoetan eta alboan Patrick Lefevre-k dauzkan erleen %40 hil ziren ordu gutxiren bueltan.
Marexal Zerbitzuen Zuzendaritzako (DSV frantsesezko sigletan) ikertzaile bat lekura hurbilduta, ohartu zen erleen inguruan loretan zegoen labore bakarra Serranten sagastia zela. Honen baserrira joanik, nekazariak pozoien erabilerak markatzeko koadernoan -horrelakorik zenbatek erabiltzen ote du Hego Euskal Herrian?- idatzita zeukan Sevin L85 zabaldu zuela, fabrikatzaileak gomendatutakoa baino dosi askoz handiagoan... baina berak argudiatu zuenez, hango nekazaritza ganbarak gomendatzen zuen kopuruan.
Nahiz eta hildako erleen analisirik aurkeztu ez, Mancheko auzitegiak nekazaria kondenatu du 10.000 euro pagatzera: 1.000ko isuna, lehenbiziko aldia izateagatik 500 ordaintzeko; erlezainari ordaindu behar dizkio 750.000 kofoinetan eragindako kalteengatik eta 500 epaitegian egindako gastuengatik; Manche-Nature elkarteari 1.000 euroko kalteordaina eta 500 gehiago epaitegiko gastuengatik.
Antza denez, Frantzian badira auzi gehiago nekazariak eta erlezainak aurrez aurre dauzkatenak laboreetan erabiltzen diren intsektizidak direla medio, eta Normandiako epai honek garrantzia berezia izan du haiei begira. Bestalde, Frantziako gobernuak 2008ko maiatzean debekatu zuen Bayer enpresaren Sevin L85 erabiltzea, kantzerraren eragile delako susmoan. Carbaryl molekula daraman pozoi hori usu erabiltzen zen Hexagonoan 1989tik bereziki esparrago, tomate, berenjena edo alberjinia, lusagar, olibondo, sagarrondo, mahasti eta bestelako fruitarboletan. Hego Euskal Herrian eta Espainian usatzen ote da oraindik?
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa 1.1