PC11 (II): Perfekzioaren kontra

R. Stevie Moore (argazkia: Damià Bosch)

Bigarren jardunaldian hiru kontzertu ikusi genituen: Spectrals, Sleep Over eta R. Stevie Moore. Egun indartsuenen atarian, bigarren eguna lehenengoa baino eskasagoa atera zen, guk egindako ibilbidean behinik-behin.

Spectrals Louis Oliver Jones-ek gidatzen duen talde britainiar gaztea da —21 urte baino ez ditu Jonesek—. Arctic Monkeys-ekin konparatu izan dituzte inoiz; egia esan, Jonesen eta Alex Turner Arctic Monkeyseko kantariaren ahotsak aski antzekoak dira, baina Spectralsek egiten duen musika finagoa da. Punk eta rock azkarrera baino gehiago gerturatzen da popera eta melodia sotilagoetara. Barçaren kamiseta soinean agertu zen Jones eszenatokian, eta hasierako minutu apur bat urdurien ondoren emanaldi txukuna eskaini zuten. Abesti batzuk hobeto borobiltzea falta zitzaiela iruditu zitzaidan, baina gerokoak ikusita, eguneko proposamen interesgarrienetakoa izan zen.

Izan ere, Sleep Over-en emanaldia desilusionagarria izan zen. Ez nuen taldearen ezer entzuna aurretik, baina besteak beste Cocteau Twins taldearekin konparatzen zutenez, proposamen interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaidan. Sintetizadoreen soinuak gidaturik, gauza guztien erdibidean geratu ziren. Kafeinarik gabeko eta sakarinadun musika. Eta handinahia gainera. Gauzak horrela, beren emanaldia 30 minututara ez iristea albiste on bihurtu zen sumingarri bainoago. Hurrengo kontzertuaren esperoan kaña lasai bat hartzeko denbora uzten baitzigun behintzat.

Gehiago irakurri…

PC11 (I): Dena ez da indiea

Charles Bradley (argazkia: Damià Bosch)

Abiatu da beste urte batez Primavera Club festibala, maiatzeko Primavera Sound jaialdi ezagunaren anaia edo arreba edo ahizpa txikia. Madrilen asteartean hasi zen eta Bartzelonan, ostera, atzo. Bartzelonako emanaldien berri emango dizuegu datozen egunetan.

Apolo aretoaren alboko taberna berrituan botatako iazko Primavera Soundari buruzko dokumental batekin, Barcelona en Florekin (sic) hasi da aurtengoa. Lekua jendez lepo eta inguruetaran ere pertsona andana, akreditazioak, kontzertuetarako sarbidea ematen duten pultserak eta enparauak jasotzen. Lehenengo egunetan kontzertu gutxi izaten dira, egun nagusienekin (ostirala eta larunbata) alderaturik. Atzo bost zeuden programaturik, eta asteburuan eguneko hogei kontzerturen bueltan ibiliko gara. Aperitibo gisa, hortaz, ondo egon ohi dira hasierako emanaldiak, besterik ez bada, festibaleko eguneroko errutinara ohitzeko: ilarak, areto batetik besterako ibilaldi bizkorrak, kontzertu konbinazio ezinezkoak, eta egunaren amaierarako, talde eta musika arteko anabasa majoa buruan.

Gehiago irakurri…

Shelagh Delaney hil da

Shelagh Delaney

“Hori baino hobeto egin dezaket nik” esan omen zion bere buruari Shelagh Delaneyk, Terence Rattiganen Variations on a theme antzezlana ikusi ondoren eta 18 urte besterik ez zituela lehenbiziko obra idatzi zuen, A taste of honey, agian distiratsuena, teatrorako, telebistarako eta irratirako egin zituen testu ugarien artean. Igandean hil zen minbiziak jota 72 urte bete gabe.

Gehiago irakurri…

Egin ezazue justizia Margaret Thatcher-ekin

Margaret Thatcher

Blog honetan ez dugu sekula gehiegi maitatu biopic generoa, baina datorrenak marka guztiak hautsiko dituela ematen du: Margaret Thatcher Erresuma Batuko Lehen Ministro ohiaren film biografikoa estreinatuko dute urtarrilaren 12an; The iron lady du titulua eta Meryl Streep protagonista. Thatcher da, noski, filmeko heroia, eta mota honetako lan gehienetan bezala, hagiografia egin diote, halako batean —Budak ez dezala nahi— hilko balitz, argi geratu dadin ona, ona, oso ona izan zela hankak bero zeuzkan artean.

Gehiago irakurri…

Melancholia: depresioa eta apokalipsia

Melancholia filmaren posterra

Eguerdian irratiak sortutako ezuste batek bideratu nau Lars von Trieren film hau ikustera. Astelehenetan tertulia izaten dute Angel Erro eta Markos Zapiainek Euskadi Irratian. Haien tartea hasteko Richard Wagnerren Tristan eta Isolderen pasarte bat hautatu zuten. Iragarkiak dekoratzeko ez bada –eta musika jantziari bideratutako irrati publikoetan salbu– zaila da musika klasikoa deitzen duguna entzutea uhinetan. Oso segundo gutxirako parada izan zuten Isolderen uluek, segidan hasi ziren gainean hizketan. Filmak dituen 130 minutuetan hamaika alditan zituen Errok kontatu Wagnerren operako preludioaren agerpenak. Neronek ez dut aritmetika ariketa errepikatu.

Filma ikusi ahala lotutako kontu batzuk ekarriko ditut jarraian. Inolako intrusismo borondate barik, Melancholiak eta Wagnerren munduak dituzten –eta antzeman ditudan– kontuak aipatzera mugatuko naiz.

Gehiago irakurri…

Sautrela ere ez: zer geratzen zaigu ETB1en?

ETB1-en logotipoa

Goizean Twitterreko mezuen artean notizia, eguraldia bezain txarra, udazkenean ez dela Sautrela saiorik egongo Durangoko Azokari buruz egingo duten programa berezia salbu. Literaturari buruz Euskal Telebistan geneukan programa bakarra gabe geratu gara beraz, horrela, batere zalapartarik gabe, zizpuru batean, orain bai eta orain ez. Galdera: inori pasa al zaio burutik zer gertatuko zen, Sautrela ordez igandeko futbol saioak edo ostiraletako pilota partiduak kenduz gero?

Gehiago irakurri…

Errelatoa

Hau ez zutela alferrik egin, demonio!

Narrazioa. Ipuina. Kontakizuna. Istorioa. Prosa eta poesia. Bertsoa, balada eta kanta. Eleberria, elezaharra, pasadizoa, parabola eta alegia. Anekdota. Kronika. Kronologia. Zurrumurrua eta esamesa. Eta satira eta parodia eta ukronia eta distopia eta tragedia eta komedia. Pikareska. Melodrama. Aforismoa. Mikroipuina eta nanoipuina. Haikua. Antinobela. Autobiografia. Ez-fikziozko nobela, nobela biografikoa, nobela paraleloa, nobela korala. Gidoia, eskaleta, dialogoa, monologoa, dekalogoa. Eta erromantzea. Eta epika eta lirika. Mitoa. Fantasia. Diarioa, gutuna, bitakora kaiera. Esaera zaharra, atsotitza, zahar-hitza eta errefraua. Apologia, sermoia, homilia. Eta gelditu egingo naiz eta galdera bat egingo dut: zein arraiori, zein kristori, zein demoniori okurritu zaio “errelato” hitza erabiltzen hastea? Dei diezadala, mesedez. Euskaltzaindiaren Literatura Terminoen Hiztegia oparitu nahi diot, liburukote horrek daukan pisu guztiarekin buruan danba eman ondoren, betiere.

PS: Gai beraz hitz egin du Luistxo Fernandezek duela ez asko. Biziki gomendatzen dizuet irakurtzea.

Herman Düne, hitzontzi artean

Herman Düne taldeko kideak

Gustatzen zait jende tertuliazalea. Ez zait gustatzen tertuliazaletasuna kontzertuetan praktikan jartzen duen jendea. Sinplea da esplikatzea zergatik: talde bat ikusteko patrikatik 15 euro atera behar badituzu (aurretik erosita; txarteldegian 20 ostia beltz), gutxieneko baldintza kontzertua entzutea da eta, parean gertatzen ari dena desastre handiegia ez bada, isilik egotea. Biolentoago jarriko naiz: M-ak taldeak kantatzen zuen moduan, kontzertuetan “hitzak soberan daude…”. Tira, badakizue letrak nola segitzen duen eta ez dut hemen idatziko; armak uzteko garai hauetan, pipa hartzia ez baita lizentzi, ezta testuetan ere. Harira: atzo Herman Dünek Bilboko Kafe Antzokian jo zuen, ondo jo ere, inguruko batzuk asko enteratu ez ziren arren.

Gehiago irakurri…

Top 5: momentu historikoetan lekuz kanpo zaudenerako kantak

Munduko semiologoak, batu zaitezte eta saiatu denen artean, mesedez, bideo honi esplikazio koherentea ematen. Baita, ahal baduzue, ikusi duten 10 lagunetatik 12ri sortu zaien galderari erantzuten ere: zergatik!? Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakari Patxi López agertzen da, ETAren iragarpena baloratzen txu-txu trenean doala.

Gehiago irakurri…

‘Fikzioaren izterrak’: ariketa metaliterario bat

Ur Apalategi (argazkia: Dani Blanco, ARGIA)

Ur Apalategik jaso duen literaturako Euskadi Sariak ez du Sarrionandiarenak bezalako zalapartarik sortuko beharbada, baina ez pentsa horregatik punta atera gabe geratuko garenik. Fikzioaren izterrak liburuan agertzen diren pertsonaiak asmatuak izan arren, lasai asko eraman zezakeen sarreran honako oharra: “Jarraian aipatuko diren pertsonak eta esplikatuko diren gertakariak egilearen fantasiaren emaitza dira. Euskal literaturako benetako gertakariekin antzik izango balute, paralelismoa ez litzateke nahita egina, ezta kasualitatez ere: erabat saihestezina zen”. Paralelismo saihestezinok irakurleari fikzio-errealitate jokorako karta asko emateaz gain, nire kasuan behintzat, gose ase ezin bat ere sortzen dute. Antzeko ipuinak idazteko gosea, alegia. Hasi ere, hasi naiz batekin baina bukaera asmatu ezinda nabil.

Gehiago irakurri…