Gustatzen zait jende tertuliazalea. Ez zait gustatzen tertuliazaletasuna kontzertuetan praktikan jartzen duen jendea. Sinplea da esplikatzea zergatik: talde bat ikusteko patrikatik 15 euro atera behar badituzu (aurretik erosita; txarteldegian 20 ostia beltz), gutxieneko baldintza kontzertua entzutea da eta, parean gertatzen ari dena desastre handiegia ez bada, isilik egotea. Biolentoago jarriko naiz: M-ak taldeak kantatzen zuen moduan, kontzertuetan “hitzak soberan daude…”. Tira, badakizue letrak nola segitzen duen eta ez dut hemen idatziko; armak uzteko garai hauetan, pipa hartzia ez baita lizentzi, ezta testuetan ere. Harira: atzo Herman Dünek Bilboko Kafe Antzokian jo zuen, ondo jo ere, inguruko batzuk asko enteratu ez ziren arren.
Munduko semiologoak, batu zaitezte eta saiatu denen artean, mesedez, bideo honi esplikazio koherentea ematen. Baita, ahal baduzue, ikusi duten 10 lagunetatik 12ri sortu zaien galderari erantzuten ere: zergatik!? Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakari Patxi López agertzen da, ETAren iragarpena baloratzen txu-txu trenean doala.
Ur Apalategik jaso duen literaturako Euskadi Sariak ez du Sarrionandiarenak bezalako zalapartarik sortuko beharbada, baina ez pentsa horregatik punta atera gabe geratuko garenik. Fikzioaren izterrak liburuan agertzen diren pertsonaiak asmatuak izan arren, lasai asko eraman zezakeen sarreran honako oharra: “Jarraian aipatuko diren pertsonak eta esplikatuko diren gertakariak egilearen fantasiaren emaitza dira. Euskal literaturako benetako gertakariekin antzik izango balute, paralelismoa ez litzateke nahita egina, ezta kasualitatez ere: erabat saihestezina zen”. Paralelismo saihestezinok irakurleari fikzio-errealitate jokorako karta asko emateaz gain, nire kasuan behintzat, gose ase ezin bat ere sortzen dute. Antzeko ipuinak idazteko gosea, alegia. Hasi ere, hasi naiz batekin baina bukaera asmatu ezinda nabil.
The Simpsons bukatuko dela? Ai ama, ze tristura...
The Simpsons telesaila datorren udaberrian amai liteke, saioa egiten duen taldeak soldata %45 murriztea onartzen ez badu. 23. denboraldia ari dira pasatzen AEBetako telebistetan aurten, baina haltzak ez badu bihotzik, zera izango dute Fox kateko buruek, eta patrika estutzeko eskatzen hasi dira, saioa egitea ez baita merke-merkea ere (eta krisi garaiotan badakizu nola funtzionatzen duen asuntoak: moztu zuk hemendik eta moztu, berriz ere zuk, handik). Kapituluen bukaerako kredituetatik ezagutuko dituzu Dan Castellaneta, Hank Azaria, Nancy Cartwright edo Yeardley Smith izenak, marrazkiei ahotsak jartzen dizkieten aktoreak dira; ba, bakoitzak 8 milioi dolar inguru irabazten du urtean (alegia, 6 milioi euro-edo).
Diarrea bezala zabaldu dira iritziak hango eta hemengo prentsan Joseba Sarrionandiari Euskadi Saria eman diotela jakinarazi ostean. Batere gogorik ez horiek komentatzeko, Alberto Moyanok dioen moduan, Sesame Streeteko ikusleek ere behar ez dituzten azalpenetan sartzea baita: “Idazle batek egindako delituek ez dute bere obra hobea edo okerragoa egiten”.
Iji eta aja asko eragin zuen Sortu alderdiaren logotipo afrusak eta antzeko zerbait pasa da asteburu honetan Amaiur koalizioarena aurkeztu denean: yougurt marka baten antza daukala, pastel-koloreak ikur politiko batean horrore hutsa direla, ez duela balorerik transmititzen… Horiek eta murielkeria handiagoak aurkituko ditu Twitterren bilaketatxo bat egiteko denbora hartzen duenak. Niri ere ez zait gehiegi gustatu, baina Judas Iskarioteri-edo eskerrak, zorionez, iruditzen zait horrelako kontuek bost pito inporta dutela Euskal Herriko politikagintzan —barkatuko didate hau esatea, azkenaldian gure artean hainbeste ugaritu diren komunikazio adituek—.
Zinemaldiaren ajearekin segitzen dugu: ardailaka aritu da Arturo Ripstein zuzendaria Garari eta Le Journal du Pays Basqueri emandako elkarrizketan; hain haserre, nik behintzat ez nuela parekorik ikusi 2003an eskubaloiko Txapeldunen Ligako finala galdu ostean Mateo Garraldak egindako adierazpen haietatik (o tempora, o mores!). Jose Luis Rebordinosek 14 urteko baten adin mentala daukala, Frances McDormand ez dela inoiz Pensilvaniatik atera, Guillermo Arriaga mexikarra denez etsai pertsonala duela, Bent Hamer ez duela inork ezagutzen eta, gehiegi ez luzatzeko, Zinemaldia lehen festibal serioa zela eta orain berriz, “subnormala”. Ez dela itzuliko.
Jack Nicholson, 'The Shining' komedia familiarreko protagonista
Astebete baino gehiago egunean hiruzpalau film ikusten eta behin Zinemaldia bukatzean zure buruari zin egin diozu ez duzula bolada luze batean karteldegia begiratu ere egingo. Gehiegi gehiegi dela, ikusi dituzula pertsona normal batek urte osoan ikusiko dituenak baino pelikula gehiago; ezetz, ezin duzula bide horretatik segi, zerbait egin beharra daukazula zure bizitzarekin (igandea da eta, tira, denok dugu dramarako joera handiagoa astelehenaren mehatxupean). Baina behin astelehena iritsita zerbait ikusten duzu, eta berriz ere zinerantz doaz oinak, mozkorrarenak barrarantz doazen grina berarekin.
Kukutza III gaztetxea mehatxupean dago azken hilabeteotan eta asteon alerta gorria piztu da, eraikina egun batetik bestera husteko arriskuaren aurrean. Esan beharrik ez dago, blog honetan desalojo horren kontra gaude, Bilbok daukan ekipamendu kultural interesgarrienetakoa delako Errekaldekoa, autogestioan oinarritua, auzoarentzat premiazkoa eta Euskal Herri osoan erreferentziala.
Baina horiek zakurxirulero deslaien betiko arrazoiak dira, eta nekez entzungo dituzte halakoak Bilboko agintari demokristauek. Beraz, beraien ideologiatik gertuago dauden hiru argudio prestatu ditugu, Kukutza bakean uztea erabakitzen dutenean, prentsaren aurrean urduritasunik gabe hitz egin dezaten.
'Ataun of the Dead': karlistak, Idiazabalgo gazta eta zonbiak
Zonbiak berriz bueltan dira, ez da inolako sekretua. Ez, ez gara Manuel Fragari buruz ari, azken urteotako zenbait produktu kulturali buruz baizik: Pride and Prejudice and Zombies nobelak arrakasta itzela izan zuen AEBetan 2009an, baita ondoren nobela grafikoan egin zioten egokitzapenak ere. Eta The Walking Dead telesaila etaZombieland pelikula eta… tira, bai, Bon Jovik ere diskoak publikatzen segitzen du. Kontua da, moda hori noizbait iritsi dela Euskal Herrira ere: ostegun honetan, 20:00etan, Hernaniko Uru tabernan, zonbiak protagonista dituen lehen euskal film laburra eskainiko dute: Ataun of the Dead.