Zein da Gorka Bereziartua hori?

Blogak modan zeuden 2005. urtean, eta dena zen diferente: jendeak ez zituen artikuluak idazten aldizkarietan, esanez blogak zaharren kontua direla; Interneten tipo guai bat izateko nahikoa zen astean bizpahiru post idaztea; “sare sozialak” entzun eta pentsatzen zenuen pelagiken edo bolanten kontrako kanpainaren bat martxan egongo zela…

Kazetaritzako karrera ikasten aspertu ziren hiru lagun. Jabetu ziren Leioako fakultateko kafetegian (goian bego) egotearen egoteaz, beraien entzefalograma lautzen ari zela. Munduari bizirik zeudela jakinarazteko-edo sortu zuten Eremulauak webgunea.

Dena aldatu zen orduan. Aspertzeko zeukaten denbora guztia idazteari eskaini zioten, barregarri utziz Europar Batasunak onartu asmo zuen 65 orduko lanaldia. Nola web haren historia luzea den, eta nola zenbait auzi oraindik tribunaletan dauden, beste baterako utziko dugu kontaketa hori, Boligrafo Gorriaren sorreran murgiltzeko.

Kuestioa da, hiru lagunetako bat workaholiko hutsa izateaz gain literaturzalea ere bazela, eta pentsatu zuela (gogoratu, 2005az ari naiz) bloga tresna ona izan zitekeela literaturarako… Are, blogek literatura aldatuko zutela erabat, etorkizuneko idazleak blogetan ariko zirela bakarrik, liburuak anakronismo hutsa zirela XXI. mendean, eta antzeko beste zenbait teoria.

Horretaz konbentziturik ipuin batzuk idazten hasi zen, eta sarean zintzilikatzen, lotsa gutxi eta irakurle are gutxiagorekin. Hemen, argitu behar da blogaren izenak ez duela zerikusirik, hortik esan izan den bezala, errealismo sozialistaren nolabaiteko aldarrikapenarekin. Bi motiborengatik jarri zion Boligrafo Gorria: 1) Bere testuen kalitate eskasaz jabetu zelako segituan, eta konturatu zelako balizko edozein zuzentzailek, gustu literario mutur bat izango zuen edozeinek bederen, gorriz josiko lituzkeela berak izkiriatutako ipuinak; hobe, beraz, zuzenean gorriz idaztea; eta 2) egilearen izen-deituren hasierako letrekin joko inozo xamar bat egiteko aukera ematen ziolako.

Hasieran sorkuntza uholde nekagaitza zena apalduz joan zen denborarekin, eta azken urte honetan hilero post bakarrera mugatu da Boligafo Gorria.

Baina, hara non, moteltze horrekin batera hasi zen lanean blogaren egilea prestigio handiko aldizkari batean. Eta, hara zer, aldizkari horretako lankide batzuek, patxarana libre ibili zen laneko afari batean, zeharka eta kunplitzeagatik, proposatu zioten bloga eraman zezakeela prestigiozko aldizkariaren webgunera.

Ez zioten gaia inoiz serio proposatu, eta horregatik hartu zuen hain serio Boligrafo Gorriaren egileak mudantza egitearen kontua. Asko tematu zen, ate asko jo zituen, belarri franko ubeldu, baina azkenean iritsi zen (da) eguna: Boligrafo Gorria ARGIA.com-en dago. Hemendik aurrera blogean kontatuko ditudanak bestelako kontua izango dira: musikaz, literaturaz, zinemaz, arteaz eta tankerako kontuez hitz egiteko asmoz sortu da. Espero dezagun testu honetan baino egia gehiago kontatuko dituela egileak…

A, tituluko galderari erantzunez: Gorka Bereziartua blog honetako maizterra da, ezen ez masterra, diferenteak baitira gauza bata eta bestea.