Iaz disko asko… eta erdaraz (zenbait burutazio ingelesez kantatzeko hautuaz)

Gorka Bereziartua
19

Atera mingaina... baina euskaraz!

Ezetz, ez dagoela krisirik diskogintzan, zenbat aldiz errepikatu behar dugu? Titulu pila argitaratzen da Euskal Herrian, sarean zabaltzen ari den GUREANDO!NU dokumentuak erakusten duen moduan. Harrob!a Lantzen-ek eta Entzun!-ek elkarlanean osatu duten zerrendaren arabera, 300 diskotik gora kaleratu ziren 2010ean, 16 diskoetxeren bitartez, baina, batez ere, autoekoizpena ardatz hartuta. Pozteko datuak, baina… ez. Inaxio Esnaola kazetariak editorialean dioen legez, iazko urteak erdaraz kantatu baitzuen gehienbat.

Asko zabaltzen ari den joera. Eta bereziki kezkagarria iruditzen zait hainbat taldek ingelesez kantatzeko egin duten hautua, baita erabili dituzten argudioak ere (ikus duela gutxi ARGIAn publikatutako hiru elkarrizketak). Zenbait estilok ingelesez hobeto ematen dutela belarrira, hori da gehienetan errepikatzen dena. Baina joera orokortzen hasia denean, itsu beharko genuke aukera estetikoa bakarrik ikusiko bagenu. Eta gor, fenomeno sozial zabalagoen oihartzuna ez bagenu entzungo.
Esango nuke faktore ugarik ekarri gaituztela egoera honetara eta horien artean ez dela txikiena 1990eko hamarkadan ezker abertzalearen inguruan egituratu zen kontrakultura musikalak behera egin izana. Negu Gorriak buru zuen belaunaldiak asmatu zuen jatorri aniztasuna eta euskaltasuna elkartzen, militantzia uztarri. Mundu osoko musika estiloak nahastuz eta euskaraz kantatuz hainbat taldek lortu zuten, 1980ko urteetatik zetorren “punk vs. gizartea” eta “euskal herritar vs. espainiar” dikotomiei eustea; baina baita, Jacqueline Urla antropologoak dioen moduan, “euskara vs. estatuko hizkuntzak” dikotomia sortzea ere, eta oposizio sinboliko horren bidez munduko beste hainbat askapen borrokarekin zubi-lana egitea (Negu Gorriak-ek James Brownen “say it loud, I’m black and I’m proud” ezaguna “euskalduna naiz eta harro nago” bihurtzea izan liteke estrategia kultural horren erakusgarri nagusia).
Adi, hala ere, euskara-estatuko hizkuntzak dikotomia planteatzen baitu Urlak, hau da, “euskara vs. espainola” eta “euskara vs. frantsesa”; eta azpimarratzen du Negu Gorriaken diskoak ez direla elebakarrak; ingelesak, besteak beste, leku garrantzitsua duela. Baina ez edozelan sartuta:

Negu Gorriaken obran aurkitzen dugun ingelesak beltzen ahots hori ekartzen du gogora, marjinazio sozio-kulturalaren esperientzia.

Hau da: mezu politiko jakin baten inguruan artikulatu daitezkeen hizkuntzak erabili zituzten Abregok, Arkarazok, Kazalisek eta Muguruza anaiek.
Pasa dira garai haiek eta bi ondorio utzi dituzte gutxienez. Bat: ezker abertzalearekin identifika daitekeen engaiamendu politikoa ez dago aurreko hamarkadetan bezain modan. Bi: euskaltasunaren aldarrikapen esplizitua klixe bihurtu da (talde konprometituenek ere, nekez abestuko dizute egun “euskaraz eta kitto” edo gorago aipatutako “euskalduna naiz eta harro nago”-ren tankerako ezer, hain modu agerikoan behintzat; eta hori gertatzea ona da, nire iritziz, zimendu batzuk jarri direla erakusten duelako). Hirugarren bat gehitu behar zaie aurrekoei: Internetekin izugarri areagotu dela mundu anglosaxoian produzitzen den musika eskuratzeko aukera. Doan.
Hiru horien konbinaziotik zabaldu da, nire ustez, ingelesez kantatzeko hautua. Beste hainbeste mugimendutan laburbil daiteke prozesua: 1) “Ez dugu euskaldunak garela aldarrikatu behar mikrofono aurrean jartzen garen bakoitzean, ezta inolako mezu politikorik eman behar ere. Euskaraz egitearekin nahikoa da”. 2) “Eta euskaldunok munduan gaude, gure tradizio kulturala ez da hemen sortua bakarrik, ingelesezko musika entzun dugu betidanik, zergatik ez ditugu ba estilo horiek jorratuko?”. 3) “Beraz, behin gure euskaltasuna eta mundutasuna inplizituki onartuta, ez dago problemarik ingelesez kantatzeko ere. Gainera, errazagoa da, horrela entzun dugulako beti eta musika hori euskarara egokitzeak, lana eskatzeaz gain, ez du estetikoki emaitza bera ematen”.
Pertsonalki, bigarren punturaino bakarrik nago ados. Autoafirmazio esplizituari uko egitea euskaltasunaren barrutik hartutako erabakia da. Bigarren mugimenduarekin, nolabait esateko, mundua ekartzen dugu gurera (edo behintzat mundu honetako polo dominatzailean dauden adierazpen kulturalak “etxekotzen”, Urlaren hitzetan esateko). Hirugarrenarekin ordea, euskal musikariak dira beraien zentroa desplazatzen dutenak, gainditzen dituen erakarpen-indarraren menpe jarriz. Euskaraz kantatuta bertako eszenaren zentralitatea gertuago izango luketen artistek, euren burua musika ingelesaren periferian kokatzen dute, bazterreko bihurtzen dira. Eta joera horren multiplikazioak eszena lokal osoa bihurtzen du bazterreko: Euskal Herriko talde gehienek ingelesez kantatuko balute, zer lirateke hemengo taldeak munduko musikaren planoan? Auzo txiki marjinal bat, nire irudiko.
Norbaitek esango du ez duela zertan, Delorean zarauztarrak, adibidez, Pitchfork-en iazko 50 disko onenen zerrendan agertu zirela. Salbuespen batzuek araua konfirmatu besterik ez dute egiten: begiratu bestela, zerrenda horretan zenbat talde diren herrialde ez-anglosaxoietakoak.
Musika jarduera garrantzitsua da, besteak beste, kantak entzunez osatzen dugulako pertsonok gure imaginarioa; eta ingurukoekin gure gustuak partekatuz ere eraikitzen da gizarte baten iruditeria amankomuna. Bestelako jarduera publikoetan bezala, euskaraz egote hutsak hizkuntza prestigiatzen du, posible dela erakusten du, ez dela ezinezkoa eskandinaviar kutsuko rock&rolla euskaraz egitea, ezta hip-hopa, dub-a, grindcorea edo indie-a ere. Ingelesez eginda berriz, euskarak ematen du ez-gai, problema, izatekotan, hiztunena denean.
Ez al gara kapaz gauza batzuk euskaraz egiteko? Saiatzen al gara? Saiatuko?
Tira, eta gaurkoz nahikoa da. Behean irakur dezakezue GUREANDO!NU10 aldizkaria. Diskoen zerrenda interesgarria da. Are interesgarriagoa euskal kazetaritza musikalaren galaktikoek (Gorka Erostarbe, Iker Barandiaran, Inaxio Esnaola, Koldo Otamendi eta Xabier Sagardia) egin dituzten urteko onenen zerrendak ere (bidenabar, ingelesez kantatutako diskoak dira horietako asko; oso lan interesgarriak gainera; baina…).

19 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA