Bilardo bere harrimenean
Atala: Bilardorekin hizketan
Dena zegoen ohikoaren antipodetan astelehen goizean. Egunkariek Reala igoko dela esaten zuten letra larriz, Bilardo Txartelen zegoen ni iritsi nintzenerako; ni berriz, bakarrik joan ordez, lagun batekin eseri nintzen zaharraren parean. Eta gosaria bukatu zenean, behingoagatik, Bilardo zegoen zur eta lur.
Xabier Letona ARGIAko zuzendaria bainuen lagun. Eta elkarrizketa ere, ohiko futbol kontuetatik urrundu eta kazetaritzara hurbildu zen. Pase labur batzuk, zelaierdikeria apur bat eta kornerren baten ondoren, Letonak galdera funtsezkoa bota zion Bilardori.
— Eta hik, nola ikusten duk futbol prentsa gaur egun?
Zaharrak, uxuala ohiko tragoan hustu, eztul ustel leizea egin, eta hemen errepikatu ezin dudan maldizio kolezioa bota du anabasan, trumoi guztien ama beldurtzeko modukoa. Begira daukagu taberna erdia; nahiko lan ilea berriro orrazten, ekaitzaren ondoren. Sustoa pasata, zuzendaria mintzatu zaio berriro:
— Ondo… Eta… ez duk izango gogorik hik zerbait idazteko?
Bilardo erantzuten hasi da, baina ez, isilik dago, ez ditu hitzak aurkitzen eta Xabierrek jarraitu du.
— Hegoafrikako Munduko Kopaz kanal bat prestatu diagu Interneten. Idatziko ditek Joxemari Ostolazak, Ander Altunak, Juanjo Olasagarrek… Lander Arbelaitz kazetaria hara joango duk… bueno, kontu asko. Eta jakin nahi nian ea hi ere prest ote hagoen futbolaz idazteko. Bizpahiru artikulu izango dituk astean eta…
Zurbil dago zaharra. Ahotsa dar-dar, dio:
— Bai.
Ez genuen espero hain azkar konbentzitzerik.
— Bai! —diot nik.
— Ba, tira millas! —dio Letonak.
Gero ni joan egin nintzen, biak kontu teknikoez (sosak, artikuluen luzera, zuzentasun politikoa…) hizketan utzita. Xabierrek gaur esan didanez, agurtu aurretik zera esan zion Bilardok:
— Hik erotuta egon behar duk…
Gaur ikusi dut Hegoafrikarren Munduko Kopa kanalerako zaharrari atera dioten argazkia (goian duzue). Behingoagatik irribarrez ari da: ilusioa egin diola uste dut.
Eguneraketa (2010-VI-9, 22:00):
Azken orduko aldaketa izan du Hegoafrikarren Munduko Kopa kanalak hamaikakoan. Ander Altunak zaintiratua izan du eta ezingo du gure capocannonieria izan. Baina lasai, fitxatu baitugu pelota(k) ukitzen abila den mutil bat: Agin Rezola izango da gure bonbardero berria.





Irakurleen erantzunak
Pelotak asko ikutzeak ere zain tiratua eragiten dikela jakingo duk, ezta Bilardo???
Bilardoren sudurrari omanaldia:
http://www.youtube.com/watch?v=MKn0lIRkC0Q