Astore kamisetak eta kapitalismo globalaren galdera izugarriak

Sarrera hau Gorka Bereziartua-(e)k idatzi du Maiatza 31, 2010
Atala: Bilardorekin hizketan
Ipar Koreako jokalariak gola ospatzen, Astore kamisetekin

Ipar Koreako jokalariak gola ospatzen, Astore kamisetekin

Elastiko gorri hori ezaguna egiten zait, nahiz eta jende finagoari —sabelaz (ere) ari naiz— jantzita ikusi izan diodan. Argi dago, sufritzen ari da ehun bermiloia Bilardoren gilborraren kontra. A, bai, Ipar Koreako selekzioarena da. Zaharrak uxuala barratik mahaira garraiatu du, eta patrikatik prentsako adabaki bat atera.

— Bale, Bilardo, badakit gaur zertaz hitz egin nahi duzun.

Irakurria bainuen artikulua, berak jarri aurretik begi aurrean El Paíseko orria lau toles.

— Orain Euskal Herria ere Gaizkiaren Ardatzean sartuko digute jutxeistekin kolaboratzeagatik!
— Bereziartua, hi beti nazionalismo petral horrekin itsututa.
— ?!
— Egitan, notizia irakurrita ez al zaik beste ezer etortzen burura?

Hasperen, trago, ttu. Nahiago izan dut ez erreparatzea lurrari likatuta geratu den karkaxaren koloreari.

— Ea ba: niri bost pito inporta zaidak kamiseta Arrasaten egin duten, Lodosan edo Altzürükün. Kontua ez duk hori. Kamiseta egin duen langilearen ardura falta duk arazoa.
— Gehixeago esplikatzen ez badidazu…
— Irakurri duk artikulua, ezta? Egin ditiztek Arrasaten kamiseta batzuk; saldu zizkiotek Txinako bitartekari bati; eta gero, mila deabruko zikulu-saltsaren ondoren, dozena erdi negoziante, komisioak han eta hemen, iritsi dituk kamisetak Ipar Koreara, eta nola hango futbolariak ari diren Arrasateko produktuak izerditzen, zeharka Astore erregimen “gaizto” batekin ari duk kolaboratzen.
— Bai ba, horixe… Eta, zer ez dut ulertu?
— Dena esplikatu behar zaik hiri. Egin ezak ariketa bat: aldatu futboleko kamisetak, demagun, edozein fresadoratik ateratzen den X motatako piezarengatik. Lasarten pieza bat egiten ditek eta amerikanoei saldu. Amerikanoek beste enpresa bati saltzen ziotek, jar ezak Israelgoa. Eta haiek beste bati, eta beste bati, eta azkenean ejerzitoak erosten dik pieza, eta misil inteligente bat egiteko erabiltzen dik.
— Gerta liteke bai. Baina langilearen ardurarena ez dut…
— Hori duk errazena ba! Misilak Palestinako haur baten burua lehertzean, zenbateko ardura dik fresadoratik pieza atera duen Lasarteko langileak? Ez al dik batere kezkatu behar produzitzen duenaren erabileraz?

Galdera terriblea da. Are gehiago, lanera iritsi eta Israelek egin duen azken basakeria ezagutu dudanean.

Erantzun bat idatzi

beharrezkoa
beharrezkoa, ez da publikatuko
aukerazkoa
 

Aurreko sarrera: