Asteburuko futbol albistea

Sarrera hau Gorka Bereziartua-(e)k idatzi du Maiatza 10, 2010
Atala: Bilardorekin hizketan
St. Pauli klubaren ikur ez-ofiziala

St. Pauli klubaren ikur ez-ofiziala

Duela bi astekoaren aldean, umore onez agurtu nau Bilardok. Udaberria, ostera. Eta hori, Camp Noun ez zuela ondo pasatzeko aukera handirik izan… Edo hala uste nuen.

— Izugarri gozatu nian Mourinhoen defentsarekin. Hamarrekin, Barça osoa kontra, eta hala ere eutsi.
— Baina uste nuen Guardiolaren aldekoa zinela…
— Guardiola hobea zela esan nian. Ni inoiz ez nauk jarriko inoren alde.
— Baina catenaccio hori…

Sartu dut hanka ipurmasaileraino: Bilardok azalpen entziklopedikoa eskaini dit catenaccio hitzak esan nahi duenaz (bi zentralekin eta libero batekin osatutako defentsa) eta esan nahi ez duenaz (autobusa ate aurrean jartzea, ala, Mourinhok egin zuen bezala, zonakako defentsa txukuna). Ia apunteak hartzeko zorian egon naiz. Behin aurreneko asaltoa irabazita, pozik, ia harro, asteburuko futbol notizia aipatu du zaharrak.

— Barçak liga milimetro batera daukala?
— Ez motel.
— Athletic-en partiduan Muñiz Fernandezi elastiko zuria janztea bakarrik falta izan zitzaiola?
— Keba!
— Osasuna berriz ere bigarren zatian hondoratu zela, akaso?
— Bai zera!
— Realari igotzeko zentimetro batzuk falta zaizkiola?
— Hi, ezetz!
— Alavesek…
— Hori nola izango duk asteburuko futbol notizia? Baina hi… Hik hemen ingurukoari bakarrik erreparatzen diok edo zer? Ez al haiz enteratu St. Pauli Bundesligara itzuliko dela?

Noski, horretaz ere enteratuta egon behar du batek. Baina nik, Bundesliga jarraitzen dut, Alemaniako nekazaritza bezainbeste: batere ez. Hortik galdera:

— Eta zergatik da garrantzitsua bigarren mailako talde aleman bat igotzea?
— Hi, argi ibili: St. Pauli ez duk edozein talde. Filosofia erabat anti-faxista dik, presidentea teatro zuzendari homosexuala, izugarrizko emakume pila joaten duk estadiora… Horrelako gutxi Europa osoan!

Bigarren asalto horrekin KO utzi nau. Ideiarik ere ez kontatu didanaz. Eta interesgarria iruditu zait. Baina zaharrak ospa egin eta gero, Marca hartu dut, eta St. Pauliri buruzko artikulu hori samar bat leitu dut.

Ez dakit ba, futbol talde bat, munduko kontrakulturalena izanda ere, miresteko moduko instituzioa ote den. Lanera itzuli naiz, eta iritzi osatuagoa edukitzeko intentzioz, Interneten bila hasi naiz. Transworld Sport-en erreportaje interesgarria egin zuten duela hiru bat urte. Ezin esan ez, oso ohiko futbolsofia denik Hanburgoko taldearena. Begira irudiak, bestela.

Erantzun bat idatzi

beharrezkoa
beharrezkoa, ez da publikatuko
aukerazkoa