Pep eta Mou (eta astelehenetako opariak)
Atala: Bilardorekin hizketan
Uste nuen eguzkitik babesteko zeuzkala betaurrekoak, baina kendu zituenean ia mahairaino iritsi ziren begi-zuloak, zimur, zimel, ubel. Atzo goizean Bilardori begiratzean galdera bat izango nuen aurpegian, ezer esan aurretik bota baitzidan erantzuna.
— Adin batetik aurrera ezin duk… ezin duk, adin batetik aurrera.
Ez dago oso animoso, zerbait gertatuko zitzaion, gizon hau, ez dakit. Asteazkenekoa atera diot, Bartzelona eta Interren artekoa, ea ikusteko intentziorik baduen.
— Itsua banintz ere ikusiko nikek.
Eta isilik geratu da. Deprimituta dago, ez da aje normal bat. Puskatuta bezala antzematen dut, falta itsusiren bat egin baliote bezala. Eta horregatik, ez diot esan sarrera bat daukadala Nou Camperako. Bertatik bertara ikusiko dudala partidua. Ez diot esan ze, normalean, ironia eta sarkasmoaren arteko doinuaz esango lidake ergela naizela, hainbeste pagatzea partidu batengatik, telebistan botako dutenean; baina gaur ez. Gaur zaharra inoiz baino zaharrago dago.
— Eta, ze talde ikusten duzu hobeto?
— Inporta al dik batere?
Publiko zaila gaurkoa.
— Urteko partidua da! —esan diot.
Hasperen. Erpuru-erakusleez begiak garbitu ditu. Uxualik ez gaur: ura. Tragoa.
— Guardiola eta Mourinhoren artekoa duk urteko partidua. Taldeak? Ez ditek asko inporta. Gustura ikusiko nikek bi horiek entrenatzaile diren alebinetako partidu bat ere.
— Eta, zein iruditzen zaizu hobea?
Begirada jaso du, harrituta.
— Galdetzea ere! Guardiola, noski. Mourinho ahobero txabakano pizkor bat duk, besterik ez. Baina kontua ez duk nor den hobea, nork irabazten duen baizik. Eta onenak ez dik beti irabazten. Ondo ikasi behar izan diat nik hori.
— Ez duzu uste Barçak kanporaketari buelta emango dionik.
— Ez diat hori esan.
— Orduan?
— Ez zekiat motel… Dena zegok oso nahastuta.
Hona hemen behin ere ikusi gabekoa: Bilardok ez dauka erantzun borobilik; ez dauka arrazoi zurrunik; ez dauka konparazio ezinezkorik.
— Baina zer gertatzen zaizu?
— Guztia eta ezer ez; norbait eta inor ez. Batzuetan, Bereziartua, honek denak zentzurik ote duen galdetzen zioat nire buruari.
Mila metroko begiradarekin ari da hizketan, geroz eta ilunago, geroz eta okertuago. Beldur naiz, ez ote den negarrez hasiko une batetik bestera. Eta uste dut badakidala zer den: malko esentziala, olioa bezala galtzen ari da Bilardo. Kontuak ez dauka erremedio errazik. Non eta ez dudan… Bai, agian bai baina… kaka zaharra.
— Bilardo, problema bat daukat: partidua ikusteko sarrera bat lortu nuen, baina gauza bat atera zait eta ezingo dut Nou Campera joan. Asteazkena libre daukazu? Joango zinateke Bartzelonara?
Horrela geratu nintzen atzo goizean sarrerarik gabe. Bilardo, partiduak ematen duenaren esperoan, argi pixka batekin irten zen Txarteletik. Ez baitago astelehen batez opari sorpresa bat jasotzea bezalakorik, hurrengo zazpi egunei indarrarekin heltzeko.





Irakurleen erantzunak