BEC protestodromo bihurtuta
Atala: Bilardorekin hizketan
Umore trumoitsua gaurko gosarian. Ez da bakarrik Realak galdu zuelako; ozpindu egiten naiz Real Madridek sei gol sartzen dituenean; eta duela bi aste Bilardok egin zidan jokaldia oraindik ez dut ahaztu. Zaharra sartu da, panorama ikusi du, uxuala eskatu, eta hasi zait hizketan… saskibaloiaz. Espainiako Errege Kopako finala ikusi al nuen. Nik ezetz.
— Eta txistuak?
— Zer edo zer aditu dut.
— Aditzeko modukoa izan zuan.
— Aha.
— … zer duk?
— Zuk jakingo duzu.
Puska batean isilik egon gara. Ni, kafesnean. Bilardo, uxualean. Baina oraingoan partida irabazi diot zaharrari. Ezinegona sartu zaio, hitz egin beharra, eta bakero maiztuetako poltsikoan bila hasi da. Atera du billete enbor bat, goma batez lotua; eta bat, bi, hiru, lau, bost, sei billete utzi ditu mahai gainean. Zor zidana, eta plus bat. Nik: ez dela hori kontua, keinua zela gustatu ez zitzaidana (baina badaezpada agudo sartu ditut billeteak poltsikoan).
— Keinua? Juan Carlosek ere ez zian gustuko izango txistukada, baina baietz hurrengoan ere etorri!
— …
— Benetan ez zaik gaia interesatzen?
— Ez larregi: erregea etortzen da eta txistu egiten diote. Non dago misterioa?
— BECen! Bertsolarien finalean bezala, atzo ere 15.000 lagun inguru bildu zituan. Eta bertsolarien finalean bankero eta politikariak bezala, atzo erregea atera zuan belarriak ubel-ubel eginda.
— Ja, leku berean txistuak. Eta?
— Ez duk horren dimentsioa ulertzen ala? BEC ez duk dagoeneko erakustazoka bat: protestodromo bilakatu duk. Botereak sortutako azpiegitura herriak hartu dik, eta boterearen kontra erabiltzen hasi duk. Masen errebolta!
— Uxuala burura igotzen ari zaizula uste dut.
— Igual bai, baina igandekoaren ondoren, esango nikek beldur handixeagoz ekarriko dutela Espainiako selekzioa hemen jokatzera.
— Horretan bai, bat nator zurekin.
— Ikusten, Bereziartua, nola elkar ulertzen dugun?
Bai, noski. Eta elkar ulertzen dugulako, beste behin ere, gosaria ordaintzeko momentua iritsi denean bakarrik geratu naiz Txarteleko barran. Izan ere, oraingo instituzioen antzera, Bilardok ere oso modu sui generisa dauka elkar ulertzeaz eta normaltasunaz hitz egiteko.





Irakurleen erantzunak
Gora masen errebolta!!!!
Egia da batzuetan gauzak besterik gabe, bere hortan hartzeko joera izanten dugula; egoeran kokatu gabe, denboran, espazioan…
Aldiz, soilik kokatuz gero ikusiko dugu eduki dezaketen garrantzia!
Ez dakit ze somatuko zen BEC-en erregea etorri zenean, baina bertsolaritza final nagusian benetan giro berezia sortu zen. Momentu askotan bazirudien ikusle denak batera geundela, batera joan giñela… Benetan herri batu bat giñela
@morena Eta ez al gara ba herri batu bat? Nik une askotan baietz esango nuke…
Bueno, batua ez nuke esango, oraindik ez. Baina bideak jartzen ari gara etorkizunean hala izan dadin!