Archie Gemmill eta azpiegiturak

Sarrera hau Gorka Bereziartua-(e)k idatzi du Otsaila 8, 2010
Atala: Bilardorekin hizketan
Archie Gemmill, Eskoziako jokalari ohia

Archie Gemmill, Eskoziako jokalari ohia

Igandeko Berrian Eneko Goiari egindako elkarrizketa irakurtzen harrapatu nau Bilardok goizean. Segituan igarri dit: “Zerk haserretzen hau hainbeste?”.

— Titularrak: “Orain errepide sarea ongi kudeatzea dagokigu, gehiago eraiki beharrean”. Eskerrak! Uste nuen etxeko salan ere kamioren bateko obrak egin behar zituztela hauetakoren batean…
— Jendea ere ibili egiten duk-eta…
— Joño, zu ere uste horrekin? Ba oraingoan kale. Aurrekoan irakurri nuenez, iaz Gipuzkoan 318 garraio enpresak itxi zuten, krisiarengatik. Eta ez naiz oso optimista kontu horrekin, beraz, iruditzen zait egin dituzten errepideen erdiak skatean egiteko erabili beharko direla.

Zaharra barrara joan da, baina gaurkoan, uxualarekin batera croissant baten antzeko zerbait hartu du, barrua saltxitxaz betea. Gero, esertzera etorri aurretik, ondoan zeukan emakume bati hitz egin dio belarrira, nik ez aditzeko moduan. Behin parean jarrita bota du:

— Beraz, hik uste duk “Archie Gemmill politika” egiten ari direla, ez?
— Archie nor?
— Gemmill, Archie Gemmill. Mesedez! Ez al duk behin ere aditu?
— Ez.
— Bueno, tipoak karrera luzea egin zian; baina ezaguna duk, batez ere, 1978an Holandari sartutako golagatik. Hiruko aldearekin irabazi behar zian Eskoziak, eta Gemmillek 3-1ekoa sartu zian baloiarekin hiruzpalau tipo atzean utzi eta gero. Handik hiru minutura ordea, Holandak 3-2koa sartu eta Eskozia kanpoan geratu zuan. Baina mundu guztia akordatzen duk oraindik gol hartaz.
— Beti gaitik aldentzen zara. Zer dauka horrek ikusteko azpiegiturekin?
— Ez duk bakar bat ere harrapatzen: hiru minutuak eta bizi osorako akordatzea… ulertzen? Hiru minutuko ilusioa izan zuan gola, baina kristo guztia gogoratzen duk oraindik Eskozian.
— Eta zure ustez, hiru minutuko ilusio baten erruz, bizi osoan akordatuko gara errepide hauetaz… Bai, zentzua dauka.
— Ikusten?

Etxera iritsi naizenean berehala hasi naiz Archie Gemmill delako horren gainean gehiago jakin nahian. Gol hark kanta eta guzti dauka, Tartan Specialsek egina. Honela dio leloak: “I like sex and drugs and sausage rolls, but nothing compares to Archie Gemmills goal”. Abestia entzutean bakarrik ulertu dut zaharraren aste honetako jokaldia. Goizean, lanera abiatu baino lehen, Bilardok dirua eskatu dit, ez-dakit-zer egin behar zuela eta kartera etxean ahaztu zaiola esanez. Eta nik eman, noski, dezente eskatu didan arren.

Uxuala eta saltxitxa-opila (“drugs and sausage rolls”) beti bezala nik ordaindu dizkiot zaharrari. Eta berak Archie Gemmillen gola aipatu dit. Hitz bakarra falta da leloa osatzeko. Eta orain konturatzen naiz benetan zertarako behar zuen dirua zaharrak… eta zertarako hitz egin duen barrako emakumearekin.

Ergela ni, azpiegiturez ari ginela pentsatzen, Bilardoren azpiko egiturez hizketan ari ginen bitartean…

Irakurleen erantzunak

Trackbacks

  1. BEC protestodromo bihurtuta  on Otsaila 22nd, 2010 @ 20:02

Erantzun bat idatzi

beharrezkoa
beharrezkoa, ez da publikatuko
aukerazkoa