Madrili irabaztea eta zintzilik geratzen diren gauzak
Atala: Bilardorekin hizketan
Galtzetan sugeak dantzan dituena bezala atera ziren Athletic-ekoak larunbatean: bost minutuan egin zituzten lanak, eta gero zaparrada zuriari (zein figura erotikoa) eutsi behar. Saiatu ziren gogotik madrildarrak. Alferrik. Bilardorekin partiduaz berbetan, umore onean gaude.
— Momentu batean Cristiano Ronaldo lurrera erori zen. Altxatzean kamiseta-galtzak zikin belztuta zeuzkan… Nik hor ikusi nuen Madrilek ezingo zuela.
Urrupadatxoa hartu du. Uxualera bueltatu da. Ez dakit medikuak debekatu ote zion, edo bestela aspertu ote zen, ez diot galdetu sekula, baina kontua da uxualera bueltatu dela. Batzuetan beldurtu egiten nau zaharraren eztulak. Edan beharko luke gutxiago, eta gauza xuabeagoak, baina nola esan berari. Tira, edonola ere, hitz egiten hasi delarik, hatsa da, nola esan… #;-(!!!
— Kuriosoa duk: partidua irabazteko hainbeste sufrituta ere, mundu guztia pozik.
— Madrilen kontra zen eta…
— Hala ere: Athletic-en heroia Iraizoz izan zuan. Ez Llorente, gola sartzeagatik. Ezta Yeste ere, gola zerbitzatzeagatik. Eta, hik esango didak, zein ekipotan hartzen dik porteroak hainbeste protagonismo?
— Batzuek esaten dute, erresistentziaren kultura dela gurea… Igual horregatik…
Momentu batez ematen du haserretu egin dela. Bilardok trago bakarrean hustu du basoa. Merkurioa edatea bezalakoa behar du, ez nioke hestegorria aldatuko momentu honetan.
— Badakit nora eraman nahi duan konbertsazioa.
— Zer?
— Hik atzoko komunikatuaz hitz egin nahi duk.
— Nik?
— Nire balorazioa nahi baduk, hoa pikutara.
— Epela.
— Zer?
— Lehen gehiago bustitzen zinela.
— Eta orain gutxiago.
— Baina ez duzu ezer esateko? Lerro artean zer edo zer garrantzitsua zekarrela esango nuke. Zuri ez zaizu iruditzen?
Keinu bat egin dio zerbitzariari, beste bat ateratzeko. Beste uxual bat. Eta tragoan hustu du.
— Begira, Bereziartua, gauza bat esango diat hemen bizi dugunaz, eta ondo gordetzea nahi diat. Hi gaztea haiz, baina akordatuko haiz Michelek Valderramari hankartean egin zionaz, ezta?
— Ez dakit nora arraio eraman nahi duzun kontua, baina bai, akordatzen naiz.
— Ba hemen, korner hartan gertatu zenaren antzeko zerbait gertatzen duk, kakanahastea fase berri batean sartzen den bakoitzean: aurrena pixka bat ukitu, bestea zertarako prest dagoen ikusteko; gero pixka bat gehixeago, ea zer tenperatura duen; baina azkenean, dena zintzilik uzten ditek. Zin-tzi-lik, ulertzen? Eta horretan alde guztiak izan dituk Michel noiz edo noiz.
— Bai, bai, baina… Eta orduan zer, honek ez dauka soluziorik?
— Hombre, milagroak gertatzen dituk. Baina, arrazoi pixka batekin hitz eginda, Athletic-ek zenbatetan irabaziko ziok Madrili? Ba, berdin.
— Bilardo, gizon heldu baten antzera hasi zara hizketan.
— Bai, arrazoi duk. Pagatuidak beste bat, bestela martxa honetan Diario Vascon zutabe bat eskainiko zidatek.





Irakurleen erantzunak
Euskaldunok erresistentziaren kultura dugula? Ezta pentsatu ere!Futbol partidu baterako eraginkorra izan daiteke estrategia hori baina ez bizitzako alor gehienetarako! Erresistentzia soila helburu bezala? Ez dut uste hori horrela inork plantea dezakeenik. Eta helburua beste bat izanik, lortzeko modurik onena beldurrak alde batera utzi eta aurrera egitea.
Fermin Etxegoienek bere artikuluaren azken parrafoan azalarazten duen ideiari buruz berriz, bi apuntetxo. Alde batetik ez dut uste erresistentzia egoeran bizi garelako garenik tradizionalak. Bai, egia da ahaideetatik jasotakoa gorde eta zaintzea gustatze zaigula(niri bai behintzat)baina ze zerikusi du gauza batek bestearekin? Ez al da posible horrelakoak izatea benetan horrelakoak izan nahi dugulako? Maitasunagatik…
Eta bestea, zergatik ezin daiteke izan tradizionala dena moderno? biak batera? Hiztegian jartzen duenez, modernoa gaur egungoa da. Niretzat lasai asko izan daiteke zerbait aldi berean lehengoa eta oraingoa!
Jo, ez dakit nondik hasi… Tira, aurrena esan oso partzialki bakarrik nagoela ados Etxegoienek artikulu hartan esaten zituenekin. Ez dut uste erresistentziaren kulturak ezin duenik modernista izan (adibideak mila azken hamarkadetako euskal musikan; baina kanpolarrosa izaten hasita ere, eta pop-era mugatuz, hor dituzu Manic Street Preachers-ekoak, Fidel Castroren lagun…).
Edonola, ez nuke esango euskaldunok (batzuk behintzat) erresistentziaren kulturan oinarritzen ez garenik. Kontua da, nire uste apalean, hori nola artikulatzen den: zuk diozun bezala, erresistentzia soila helburu gisa planteatu liteke eta komunitate baten instinto kontserbazionista atzerakoienak atera (eta hori ere izan da hemen, bada eta izango da); ala oinarri beretik sor liteke fenomeno modernistarik.
Beste kontu bat litzateke, ea orain hori den tendentzia nagusia Euskal Herrian. Nik esango nuke ezetz. Esango nuke, ez kontserbazionismoa eta ez modernismoa, alde guztietatik gailendua dagoena euskal etnizitatearen esplotazio komertziala dela, nolabait Txomin Agirreak seriean fabrikatu eta munduko supermerkatu onenetan salduko balituzte bezala, kalitate labelarekin eta autentiko itxura emanda (eta, normalean, “tradizio-modernitate” uztarketa magikoa gantxo komertzial modura erabilita).
Iritzi bat da, ez oso orijinala, badakit.
Barka txapa.