Aurten futbola beltza izango da (eta zauriz betea)

Sarrera hau Gorka Bereziartua-(e)k idatzi du Urtarrila 11, 2010
Atala: Bilardorekin hizketan
Emmanuel Adebayor, Togoko futbolaria

Emmanuel Adebayor, Togoko futbolaria

Jendea aldatu egiten da, batere ez aldatzeko. 2009. urtearen amaieran lanarekin arnasestuka ibili eta ezin izan nuen Bilardo behar bezala agurtu; gero, jada hamarkada berrian, Txarteleko kafetegia, obra batzuk tarteko, itxita egon denez, pista galdu diot zaharrari. Azarotik ez dugu hitz egin. Baina, espero nuenaren kontra, sosegatuta sartu da. Aldatuta. Te bat eskatu du. Halako pose Zen bat dauka. Ahoa ireki arte:

— Hona etorri ez haizenez, gutxienez esaidak Gabonetan larrua suelto jo duala.

Oraindik beldurra ematen dit aurrean dudan subjektuarekin kirol horretaz hitz egiteak; hitz beste egin dut; Realari izena eta izana aldatzeko asmoez galdetu.

— Iraultzaile onak, Bereziartua, jakiten dik analisia zuzena izanda ere denboretan asmatzea dela klabea. Eta hau ez duk garai ona: aurten Reala existitzen duk zelaian, igo egingo duk, eta zaila zegok kondizio horietan taldearen kontraesanak agerian uztea.
— Erretorika gutxiago: errenditu egin zara.
— Hik ez nauk batere ezagutzen: nik konbentzituta segitzen diat Real Sociedad izena, hemendik, demagun, 30 urtera, Inperio Austrohungariarrarena bezain desfasatuta egongo dela. Inork ez dik gogoratuko. Baina momentu egokia itxaron behar diagu.
— “Diagu”? Ni ere zakuan sartu nauzu beraz.
— Inporta ez bazaik…
— Bah, igual du… Eta, Reala alde batera, nola ikusten duzu 2010a futbolean?
— Beltz.
Togokoagatik?
— Afrikarengatik: orain hori gertatu duk, Mundiala ere Hego Afrikan jokatzekoa duk…
— Baina beste neurri batzuk hartuko dituzte ordurako, ezta?
— Munduko neurri guztiek ez ditek ezer balio gosea dagoenean. Eta, hi ez hintzen enteratuko baina, kristoren lanak izan dituk Hego Afrikan estadio berriak egiteko. Eta oso gaizki pagatu ditiztek. Eta langileek grebak egin ditiztek, lanak ez bukatzearekin mehatxu egin…
— Nondik atera duzu hori?

Azkenekoan bezala, Bilardok ordenagailua atera du zakutik. BBCren webgunea zabaldu du eta ingelesez ba ote dakidan galdetu. “Zer edo zer”.

— Ba irakurri hau.

Eta nik irakurri. Bukatu dut, eta zaharrak:

— Kondizio batzuk bazeudek behintzat, Mundiala desastre hutsa izateko: kontinente osoa arpilatu ditek boteretsuek, horretan segitzen ditek, eta nazka-nazka eginda dagoen beltzari, orain hire turista saldoa bidaliko diok futbola ikustera, zerbeza edatera eta pasiatzera? Nik neronek, ez niake dudarik izango haien lekuan egonez gero: hartu dirua kosta ahala kosta, eta korrika egin uniformeak iritsi baino lehen.
— Horrela ikusita… Ez dauka batere itxura onik…
— Hara joan-ez joan dabilenarena duk problema, nik uste. Baina heuk eta neuk, Bereziartua, ez diagu horren buruhauste tribialik, ezta?
— Ez: nire buruhauste bakarra da zeinek irabaziko duen.
— Zauri gehien duen taldeak Bereziartua, zauri gehien duenak.
— Zer esan nahi duzu horrekin?
— Begira ezak hire korreoan, orduan ulertuko duk.

Lanera eseri, eta Bilardoren e-postatik mezu bat neukan, gairik ez, testurik ez, lotura bat besterik ez. Bideo bat, Juan Villoro idazlearena, ordu erditxo bat. Ikusi dut. Eta bai, ulertu dut.

Erantzun bat idatzi

beharrezkoa
beharrezkoa, ez da publikatuko
aukerazkoa