Koroa eta piperpoto artean, Realari izena aldatzeko proposamena
Atala: Bilardorekin hizketan
— Baina bueno, hi zergatik haiz Realekoa?
“Primerara igotzeko postuetan segitzen dugu” esan dudalako jarri zait horrela. Tira, horregatik, eta ziurrenik bizpahiru astean zitari huts egin diodalako (aurrekoetan ez bezala abisatuta, hori bai). Baina kontu hau ateratzen denero desesperatu egiten da nirekin. Bilardo, inoiz ekipo bateko izan ez den agurea; jokoarekin, lehiarekin, gerrarekin gozatzen duen zaharra, koloreak zeinahi direla ere. Eta nik, badakidanez Realekoa izatea faktore askoren konbinaketa dela, eta horietako gehienak ez direla oso salgarriak (Gipuzkoako hedabideen presioa, familiarena, lagunena…) ez diot erantzuten.
Horregatik, zeharka-zeharka, gaurko “futbol” albistea ekarri diot gosarira:
— Espainiako Selekzioa ikusteko aukera izango dugula, Bilardo. Europako txapeldunak Euskal Herrian! Ez al zaude kontentu?
— Ni? Asko. Hi ez ala?
Brometan ari nintzela; nola egongo naizen kontentu, Francoren garaitik Espainiak ez badu hemen jokatzen. Gainera hori ez dela arabar, bizkaitar eta gipuzkoarron borondatea, hauteskunde iruzurra egon dela eta…
— Et, et, et, et… Baina hi Realekoa haiz, ezta?
— Zer dauka horrek ikusteko?
— Batzuetan, Bereziartua, iruditzen zaidak ez duala batere ezagutzen hainbeste maite duan klub horren ifrentzu iluna.
— …
— Adibidez, nola dik izena kantante horrek, orrazi zahar baten hortzak dituen hori… Itxoin, hemen erakutsiko diat.
Eta hara non, gutxien espero nuenean, Bilardok ordenagailu eramangarri bat atera duen nik-zer-dakit-nondik eta pantailari bira emanda blog bat erakutsi didan. Mikel Erentxunena da, Juan Carlos Bourbon-ekoarekin ateratako argazki bat ageri da.
— Jon Torner horren artikuluari esker deskubritu diat. Baina begiraiok erregearen azpiak garbitzeaz gain zein den tipo honen preokupazio ia bakarra: “Albacete 0 - Real Sociedad 0”.
— Eta?
— Realzaleak horrelakoxeak direla. Beraz, heu ere horrelakoa haiz.
— Hori esatea ikaragarrizko erredukzionismoa da. Jende mota asko izan daiteke ekipo berekoa, koloreak sentituz gero eta…
— Ideologia dominatzailea monarkismo futbolzalea da realzaleen artean, monarkiko-futbolzalea baituk Realeko klase dominatzailea.
— Baina zer ari zara esaten?
— Trantsiziotik nahikoa denbora izan duzuela ekipoari koroa kentzeko, eta soziedade bat bihurtzeko huts hutsean, “Real”-ik gabe.
— Aizu, ni gaztea naiz. Zer nahi zenuen, bost urterekin kanpainan hastea?
— Has hadi orain, barrenik baduk.
— Baina nola?
— Jendea inguruan biltzen: batasunetik libertatera!
— Bilardo, ez dut klaro ikusten eskaera bera ere…
— Hi bezalako epelekin… Gauza bat egingo diagu: orain ordenagailu kontuekin-eta pixka bat ikasten hasi nauk, eta neronek konponduko diat koalizioa. Baina lagundu behar didak.
— Zertan?
— Hire blog hori jende listoak irakurtzen dik, ez?
— Ni baino listoagoak den-denak.
— Ba, jar ezak hor nire korreoa, eta esan jendeari ekipoaren eskudotik koroa kendu nahi badute, eta izenetik “Real” hori, idazteko. Hasiko garela lanean segituan.
— Bale, bale…
— Apunta ezak: maisu.bilardo@gmail.com
— Maisu?
— Ez al duk ba nirekin asko ikasten?
— Egunero zerbait, Bilardo; egunero zerbait.




Irakurleen erantzunak