Muniain eta futbolaren grazia
Atala: Bilardorekin hizketan
Tripak bota beharrean egin nuen barre larunbatean Realaren bigarren “gol”aren kontura. Partidua bukatuta, lagun batek esaten du: “Ez dut Realaren bigarrena ikusi”. Normala, inork ez baitzuen ikusi… epaileak salbu. Horrela irabazteak doblea balio duela esan diot Bilardori gaur goizean, gosaltzen ari ginela. Ez dagoela tranparekin garaipena lortzea baino gauza hoberik.
— Bai, egia duk hori. Suerte pixka batekin “Así gana el Madrid” esateari utziko zioagu, ze, seguru aurten arbitro guztiak ariko direla Realaren alde, disimulu gutxirekin. Primerara igoko duk Reala, hamar jardunaldiren faltan, eta hori gertatzean, John Benjamin Toshackek lanbada dantzatuko dik lau hostoko hirustaren gainean.
— Em… ironikoki ari zara, ezta?
— Ni? Eeeez…
— Ba nahi duzuna esango duzu, baina niretzat sorpresa polita izan zen.
— Sorpresa?
— Joder, Bilardo, 93. minutuan sartu ez den gol bati esker irabaztea, ba… ez da egunero gertatzen Realean…
Gosariko arrautza frijituaren azken mokadua ahoan sartu du. Atzetik, bultzatzeko, uxualaren tragoa. Muturra garbitu, korroskada. Bilardoren manerak, etiketa. Eta bere egietako batekin hasi da:
— Ez nian Realarena ikusi. Athleticena bai. Hor bai sorpresa. Egin ziaten partidu bat… aspergarria! Ez jokorik, ez ideiarik, gol bakarra propiapuertan…
— Eta horrek harritzen zaitu? Ezin esan Athletic ez-dakit-nola jokatzen ari denik…
— Ez, 16 urteko mukizu batekin nagok harrituta. Hik ikusi al duk Iker Muniain jokatzen?
— Zer, Young Boysi gola sartu ziona? Ba… ez.
— Mutil hori duk azken aldian euskal futbolean gertatu den gauzarik dibertigarriena. Hartzen dik baloia eta beti ateratzen zaiok martingalaren bat… Aspaldi horrelako sagurik ikusi gabe! Ahaztua nian futbolarekin ondo pasatzea zer zen.
— Emaitzak bakarrik bilatzen dira-eta.
— Horixe. Eta horrela zebiltzak hire profesiokoak, futbolari buruz idaztean nonbaitetik grazia egin nahian.
Hori esatearekin bat, zaharrak poltsikotik atera du egunkaritik moztutako txatal bat. Garakoa da, joan den astean publikatutako labur bat (egin klik irudian, handiago ikusi nahi baduzu).
— Baina Kanariar Uharteak Afrika dira, Bilardo.
— Bazekiat, baina ez didak esango albisteak ez duenik driblin bat egiten bukaeran…
— Ez. Ez dizut esango.
— Grazia egin zidak.
— Tira… Pixka bat sabindarra ez al da Espainia eta Afrika lotu nahi hori?
— Ez hadi hasi politikarekin, Bereziartua.
— Ez naiz hasiko, Bilardo.
Eguneraketa (2009-IX-14, 17:26):
Arratsaldean irakurri dut Koldo Izagirrek igandeko Berrian idatzitako Real gizartea artikulua. Lixto, badaukat nik ere periodikoko txatal bat datorren astelehenean Bilardori eramateko. Zerbaitek esaten dit nahiko ados egongo dela Izagirrek esandakoekin.





