Hernaniko folklorea: futbola eta makil-dantza
Atala: Bilardorekin hizketan
Gaur ere ez dugu ba ligaz hitz egin. Bilardori, gauza jakina da, istilua, harrabotsa eta zalaparta gustatzen zaizkio, eta menu horretako jaki asko izan genituen Hernanin joan den larunbatean. Presoen aldeko futbol txapelketa debekatu zutenez, bizilagun batzuk elkartu eta partidu parodikoa jokatu zuten herriko kaleetan, goma-aparrezko baloiak harturik. Beste batzuek ordea, espresio folkloriko hori baino gustukoagoa dute beste bat: makil-dantza. Eta, eguerdi partean, nahi adina dantzatu zituzten makilak… jendearen bizkarretan. Eta zaharrak jakin nahi, zer, nola, noiz.
Ari naiz Bilardori ikusi ez nuen koadroa esplikatzen (gizaseme hau pantaila baten aurrean zegoen tenore horretan, lanean): kontraerasoa kalean gora baloi superlatiboari ostikoka; uniformedunak iskiluak eskuan, falta azkar bat egin nahian; telebistako kameraren bat, gero emitituko ez diren irudiak grabatzen…
— Bilardo, liga profesionala baino espektakulu handiagoa bihurtu da euskal gatazka!
Zaharrak erantzuten dit baietz, astakeria handi samarra egin dutela oraingoan debekua agindu dutenek. Baina esaldiak badu isatsa:
— Dena dela, luzapena gehiegi luzatzen ari ez ote den…
Ez diot ulertu eta esan diot, hobe azaltzen ez badu, metafora galduko dela epaileren baten lotsa bezain erraz.
— Luzapena ba: hemen partidua bukatu zuan aspaldi, ez ekipo batek, ez besteak, ez ditek irabazteko esperantzarik. Baina penaltietara iristeak beldurra ematen ziek denei. Orduan, luzapena luzatzen ditek, eta luzatu, eta luzatu. Horretarako, beti taktika bat egon izan duk: teatroa. Hemengo mina, hango sarrera itsusia, honek ez ote duen txartela merezi…
Kontra egin diot. Oso biguna dela gauzak horrela ikustea. Busti behar dela.
— Bai —erantzun dit— arrazoi. Niri ere ez zaidak gustatzen Ekidistanen bizi behar hau, baina… Galdera bat egin nahi diat.
— Bota.
— Uda nola joan den ikusita, hire herrikoen helburua presoen alde dirua biltzea baldin bazuan, zergatik ez ditek torneoa beste aitzakia batekin antolatu?
— Ez zuten pentsatuko debekatuko zutenik-eta…
— Posible duk. Baina ikusten ari haiz azken hilabeteetan nola dabilen arbitroa presoen kontuarekin. Debeku hau, absurdua izanda ere, bazetorren. Eta istilua ondo zegok, e! Demostratzen dik jendeari barrutik ateratzen zaiola erantzutea, baina esaten badidak telebista hasieratik han zegoela… Dena aurreikusitakoaren arabera gertatzen duk, ez zegok sorpresan gol bat sartzeko aukerarik. Antzerki handi bat duk. Diferentzia, makilakadak benetakoak direla.
— Kulpa betikoena dela esaten ari zara, Bilardo.
— Ez. Nik esan nahi diat, azkenean presoen aldeko dirurik ez zutela bildu hire herrian. Debekuak funtzionatzen dik: desbideratu egiten hau, presoen alde egiteko eskubidea aldarrikatzen duk, eta bazterrean uzten duk hire helburua, hau da, benetan presoen alde egitea.
— Baina aldarrikatu ere, egin beharko da, ezta?
— Golak sartu behar dituk, Bereziartua, golak.





Irakurleen erantzunak