Cristiano Bilardo
Atala: Bilardorekin hizketan
— Bereziartua, hik zenbat dirutan erosiko nindukek?
Ez dut txikia egin gaur, Bilardo bere esistentziaren balioaz kezkatu dudanerako. Goiz-goiz, mukizapia sudurrean sartu da Txartelera, eta txiste txarrak egitea doan denez…
— Zer, CR7 birusak jota zu ere? —esan diot.
H1N1 edo H5N1 entzun balu bezala bezala, kieto. Ez du ulertu? Badaezpada esan diot Cristiano Ronaldo dela CR7. Esplikatu diot: C=Cristiano; R=Ronaldo; 7=bere zenbakia. Azaldu diot, arropa marka daukala izen horrekin. Adierazi diot nolako astakeria iruditzen zaidan fitxaketa. Oihukatu diot, ia: dirutza hori, pertsona bakarrarengatik, nola. Eta atera da lozorrotik, esan du:
— Eta gainera portugesa izanda…
— Hori arrazista xamarra ez al da?
— Arrazista?
— Arrazista: zer esan nahi duzu, portugaldarrek gutxiago balio dutela?
— Hori ez diat nik esaten.
— Esan berri duzu.
— Merkatua zuan, nire ahotik hizketan.
Eta goizetan maiz ikusi izan duen eszena kontatu dit: nola geratzen den beste bi lagun erretiraturekin; nola galtzak ondo igota abiatzen diren obrak dauden lekuren batera; nola kargu hartzen dieten langileei, beharrerako daukaten taxu eskasarengatik; nola langile horietako asko portugaldarrak diren. Eta nola behin, hiruko komandoaren erretolikaz aspertuta,batek bere soldataren berri eman zien, harritzeraino eskasa, ezdeusa, miserablea; eta galdetu zien ea horren truke zer ganora espero zuten. Lau sos bilduta aidean joango zela bueltan, eta aide egiteko beraiek ere, zahar putenaitonak.
— Aurrenekoz norbaitek ahoa itxi zizun, beraz.
— Hori ez duk kontua.
— Ezetz?
— Ez. Kontua duk tipoak azkenean buelta hartu ziala Portugalera, baina sosik gabe. Lanik ez zegok: asko ari dituk itzultzen… Hori duk paradoxa: portugesaren eskua lau sosekoa duk eta joan-etorrian zebilek Europa osoan. Portugesaren hanka berriz, zer esango diat, Cristiano Ronaldo izan ala Luis Figo, garestiegia duk.
— Ados Bilardo, baina… Hori baino ez daukazu esateko? Esan nahi dut: bai, bat egiten dut zurekin, oso injustua da kontatu duzun guztia baina… pixka bat erosoa ere bai ezta? Hemen gaude biok, kafe bat hartzen eserita: zu, erretiroaren diruekin; ni, elkarrizketa hauek Interneten jartzeagatik ordaintzen didatenarekin… Saloiko ezkertiar bihurtzen gaitu munduaren bidegabeaz hemendik hitz egiteak.
Eskua kokotzera eraman du. Pentsatu du. Hausnartu du. Arnastu du sakon, eta orduan galdetu dit:
— Bereziartua, hik zenbat dirutan erosiko nindukek?
Nik: pertsonak ez duela preziorik. Berak: jainkoa 30 dirutan saldu zutela.
— Orduan zuk 29 balioko dituzu, gutxienez.
— Ba datorren asterako ekarri egingo dizkidak, ze, hi elkarrizketa hauen kontura aberasten bahaiz, nik nire partea nahi diat.
Eta joan da, eta ez dakit brometan ari zen edo ez. Badaezpada txartela ekarriko dut datorren astelehenean.




