Jendea zinema aretoetan sartu ezinda ibili da asteburuan, poliziak agertu behar izan du txarteldegietan bildutako jendetza hitz goxoz eta ferekaz sakabanatzera, eta etxean geratu direnek ere, filmak beste webguneetatik doan jaitsi ordez, txintxo-txintxo jokatzea erabaki dute eta ordaindu egin dute pelikulak ikusteagatik. Sekulako aldaketa eragin du Megaupload itxi izanak, aro berri bat hasi da Interneteko kontsumo kulturalean eta tar, tar, tar, tar, tar, tar, tar. Joan den asteko FBIren polizia operazioaren ondoren, Espainiako medio nagusiek, modu aski susmagarrian, mezu hori eman dute ia aho bakarrez.
Lehenbizi Napster itxi zuten eta ez nuen deus esan ez nuelako Napster erabiltzen. Gero Audiogalaxy itxi zuten eta ez nuen fitsik esan ez nintzelako erabiltzailea. Kazaa epaitegira eraman zuten eta ez nuen ezer esan beste zerbitzu batekin jaisten nituelako artxiboak. Megaupload ixtera etorri zirenerako, ez zen inor geratzen ezer esateko. Edo bai, itxaron, mundu guztia ari zen Megauploaden itxieraz hizketan, batek esango luke III. Mundu Gerraren atarira iritsiak ginela –ez da hiperbolea, Twitterren asko zabaldu den mezu batek dio: “Aitona, aitona… nola hasi zen III. Mundu Gerra? Ba begira, egun batean FBIk Megaupload itxi zuen eta…”.
'Facing the chair'-en gaztelaniazko edizioaren azala
Urgentziaz idatzitako liburua da John Dos Passosen Facing the chair, 1927koa, Sacco eta Vanzettiren epaiketa bidegabearen aurrean izandako erreakzioa. Eta orain arte gaztelaniaz publikatu gabe zegoen, argitaletxeak behar baino gehiago azpimarratu duenez. “Esta importante obra” eta “conforma sin duda un texto apasionante” eta… Zer kontatzen du ba liburuak hainbeste gabonez kanpoko girlanda merezi izateko? Bada, ezer gutxi, kasu horri buruz zer edo zer irakurri duenarentzat. Sentsazio hori izan dut liburua bukatzean, ez dagoela gaizki alderdi dokumentaletik, baina nekez hartuko zuela XXI. mendeko gaztelaniazko edozein editorialek hura itzuli eta argitaratzeko lanik, egilea Dos Passos izan ez balitz.
Gomendioen sail hau gaur bukatuko da eta aurtengo liburu eta disko ferian ondo mugitu diren (mundua seko erotu ez bada, ondo mugitu behar zuten) pare bat lan ekarri ditugu. Baina motz geratu garen sentsazioa daukagu eta, egunero idazten aritu garen paragrafo parearen atzetik, tweet formatuan gauza gehiago gehitzeko probestu dugu. Oporrak eskatu beharko dira denak irakurri eta entzuteko…
Errenditzen ez direnak dakartzagu gaur; joan arren beti itzultzen direnak; une jakin batean lehen lerrotik desagertu arren, erretagoardian eroso sentitzen ez direnak. II. Mundu Gerran hil zuten idazle bat, gaurkotasun gramo bakar bat galdu ez duen liburuarekin; eta lau tipo aski ezagunek elkar hartuta atera duten diskoa, oholtza batera igota gerra asko emango duena.
Disko, liburu, pelikula edo antzezlan bat inori gomendatzeko, komeni izaten da aurretik norberak entzun, irakurri eta ikusi izana. Hasieratik bukaeraraino? Ez. Zerbaiterako asmatu zuen norbaitek mundu honetan sinekdokea eta gaur osorik jan ez ditugun arren (oraingoz), parte bat dastatuta biziki gomendagarriak iruditu zaizkigun disko eta liburu bana ekarri dugu hona.
Horiei buruz besterik hitz egiten ez dugun arren, Durangokoa ez da nobedadeen azoka eta ez daude azken hiru hilabeteotan publikatutako gauzak soilik salgai. Industria editorialak bere legeak ezartzen ditu eta labetik atera berri diren produktuak izango dira gehien mugituko direnak, baina hemen ez daukagu lege horren esanetara makurtzeko gogorik; horregatik gomendatuko ditugu gaur, apirilean publikatutako nobela bat eta 1980ko hamarkadako pop ikono baten diskoa.
Bil ezazue nahi duzuen koloreko paperean, baina Durangon gaurtik hilaren 8ra bitartean azoka bat antolatu dute, (batez ere) liburuak eta diskoak salerosteko helburuarekin. Inork ez du esan xede txarra denik, baina “topaleku”, “bilgune”, “oasi” eta tankerako espresioek estaltzen dute askotan azokaren funtsa eta, komeni da gogoraraztea supermerkatuan gaudenean, supermerkatuan gaudela. Komeni den bezala oroitzea munduko gosea ez dela guretzako janaria erosita soluzionatuko; ezta euskal kultura salbatuko ere, liburuak eta diskoak salerosiz (bakarrik). Hala ere, hurbilduko zara eta zer edo zer erosi nahiko duzu normala den bezala. Gaurtik ostegunera bitartean egunero disko bat eta liburu bat gomendatuko ditugu hemen, kriterio erabat arbitrarioak erabiliz, ohi dugunez.
Koldo Izagirre eta Gorka Arrese atzoko aurkezpenean (argazkia: Hitzen Uberan)
“Laguna hausten den hilobiak leher egiteraino zurruta kantua egin litekeen mahaia izan behar luke, zer axola plastikozko lore zikin hauek dardaraka ontzi jausi zartatuaren lepoan, zer axola gure mozkorraldiaren puskailak aldare profanatu batean, zer axola du, bizitza hau ez da edangarria”. Koldo Izagirreren Egarri egunak portualdean nobelakoa da esaldia, aurrenekoa, apustu formal baten erakusgarri. Donostiako San Jeronimo kalean (going underground) aurkeztu zuen atzo eta han bildutako gehienok aldez aurretik irakurria genuen liburua, ezohiko abiapuntua ezohiko aurkezpenarentzat.
PSOEren oraingo egoerarekin bat etor daitekeen logotipoa (El Jueves aldizkaritik hartua)
Hauteskundeak esaldi batekin irabazten dira egun, politika yankeea imitatzeko joeraren ajeak. Gantxoa daukan zerbait esan ezazu, iltzatu daitezela lau bost sei berba inkontziente kolektiboan, eta irabaziko duzu seguru. “Ekonomia da, ergela!” zioen Clintonek. “Yes, we can” Obamak. Martxoaren 11ko atentatuen ondoren, Rubalcabaren uppercut dialektiko batek (PPren dorpeziarekin batera) aupatu zuen PSOE boterera: “Espainiak ez du merezi gezurrak esaten dizkion gobernurik”. Bi kontzeptu sinple lotzeari esker irabazi zituen azaroaren 20ko hauteskundeak Mariano Rajoyk: “PSOE” batetik eta “bost milioi langabe”, bestetik. Arrosa petalorik gabe geratu zaie Espainian sozialistatik izena besterik ez duten alderdikoei, dena arantza esku itsuan. Odolik ez da ageri oraindik eskumuturrean, besoan, ukalondoan behera baina etorriko da, etorriko denez, alderdikideak labankatzeko ordua. Otsailerako iragarri dute ofizialki, 38. kongresu federalarekin batera. Bitartean, behingoagatik ez dute eslogan berririk asmatzen hasi beharko Ferrazen, hauteskundeetan erabili dutenak ederki esplikatzen baitu barne istilutan dabilen alderdi baten egoera: “Borroka ezazu nahi dituzun gauzengatik”.