Urko Saenz de Buruaga
Giza zientzia eta komunikazioan lizentziatuta, elikagaien zientifiko eta teknologora birziklatuta. Erortzear zegoen bere aiton-amonen basetxea berpiztu nahi zuen hiriko haurra naiz oraindik. Elikagaien ekoizpena, segurtasuna eta kalitateari buruzko gaurkotasuna aztertzen dut, begi bat industrian eta bestea atzealdeko baratzean jarrita.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- maialen(e)k Nola baretu txileak eragiten duen azkurea? bidalketan
- maider(e)k Elikadura burujabetzaz dokumental euskaldun batean bidalketan
- Urko Sáenz de Buruaga(e)k Haurren desnutrizioari buruzko hitzaldia Gasteizen bidalketan
- maialen(e)k Haurren desnutrizioari buruzko hitzaldia Gasteizen bidalketan
- Ekintza guztiak Sorginen Baratzaren agendan daude | Sorginen baratza(e)k Egutegia bidalketan
Haurren desnutrizioa herrialde txiroetan
Atalak: Elikagaien segurtasuna
1 eta 5 urte bitarteko haurretan desnutrizioa neurtzeko MUAC zinta erabiltzen da. Besoaren perimetroa neurtuz desnutrizio maila adierazten du. / msf.es
Blogaren azken sarreran, duela bi aste, herrialde txiroetako haurren desnutrizioari buruzko hitzaldi baten berri eman nuen. Bertan aipatutako ideia nagusiak laburtzen saiatuko naiz orain.
Mugarik Gabeko Medikuak erakundeko Ainhoa Lekuona izan zen gaia garatzearen arduraduna. Hitzaldia orain bi urte Etiopian bizitako esperientzian oinarritu zuen. Elgorriaren aurkako txertaketa-kanpaina batengatik joan zen bertara, baina desnutrizioari aurre egiteko gelditu zen. Gure artean erraz tratatu eta eragin handirik izango ez lukeen gaixotasun hau, arazo serio bihurtzen da kaloria-ekarpen egokia ziurtatu ezin den tokietan.
5 urtetik beherako haurren heriotzen %54an desnutrizioa da zergatia. Bi motatako desnutrizio eman daitezke. Desnutrizio kronikoa da horietako bat, adibidez Kolonbian aurki dezakeguna. Bertan, gatazka armatu luzeak elikagaien eskasia eragin du. Ez da bizitzarako mehatxu serioa, baina kalte nabariak sor ditzake gorputzaren garapenean. Bestea, desnutrizio zorrotza da, Afrikako Adarrean pairatzen dena, alegia. Honek bizitzarako arrisku larria suposatzen du, eta aipatu elgorria bezalako gaixotasunek larriagotzen dute.
Ezkutuan aritu behar
MGM-k ez du prebentzioko elikadura programetan parte hartzen (beste hainbat erakundek arduratzen dira horretaz), nutrizio programetan baizik. Hauek dagoeneko desnutrizioa agertu denean abiarazten dira. Momentu horretan, kaltetuaren organismoak desoreka larriak erakusten ditu: gorputzeko sistema guztiek behar baino motelago funtzionatzen dute eta, ondorioz, pixkanaka-pixkanaka elikatu behar dira; tenperatura kontrolatzeko gaitasun ezak hipotermia ekar dezake; arazo inmunologikoak ager daitezke. Arazo guzti hauez jabetzea zaila da, infekzio seinalerik ez dagoenez, ezerk ez baitu alarmarik pizten.
Asfaltatu gabeko bideek eta zuhaitzen enborrekin eraikitako zubiek jartzen dituzten oztopo logistikoak txiki gelditzen dira batzuetan politikak gaineratzen duen zailatsunen ondoan. Etiopiako Gobernuak aspaldi kanporatu zuen MGM, herrialde horretan desnutrizioa existitzen zela esateagatik. Horregatik, Lekuonak kontatutako esperientzian elgorriaren aitzakia luzatu behar izan zuten desnutrizioa tratatzen jarraitu ahal izateko. Gaixotasunaren konplikazioaren etiketa jarri zioten, baina desnutrizioaren benetako arrazoia elikagaien eskasia zen.
Psikoestimulazioa garrantzitsua da
MGM-k milaka haur, agure eta emakume haurdunekin lan egiten du. Hala ere, Ainhoak giza baliabideak aipatzen ditu erakundearen gabezi nagusitzat. Adibidez, aritu den toki askotan, bera izan da eskualdeko mediku bakarra. Baina, GKE hau larrialdi egoeretan aritzen denez, lanaren zati bat tokiko langileak formatzea da, behin handik alde eginda, jarduerarekin jarraitzea posible izateko.
Lanaren beste atal oso garrantzitsua psikoestimulazioa da: sendatzen ari denaren kemena eta alaitasuna jolasen edo antzeko jardueren bitartez berpiztea.