Salburuako BJ Radio Euskadin
Joan den astean Salburuako Baso Jangarriari buruzko aurkezpentxo bat idatzi nuen. Atzo, Radio Euskadin egon ziren horren arduradunak, eta eurek baso jangarriaren kontu hau zertaz doan nik baino askoz hobeto azal dezaketenez, jarraian utziko dizuet elkarrizketa horren ahots-tartea (gazteleraz).
Elkarrizketan, iragan larunbatean egindako hazi-bonben tailerraren harira, lurzoruak birsortzeko erabiltzen den teknika hau azaldu zuen Kiribilore Permakultura Elkarteko Pedro Ferrerok. Ondoren, baso jangarrian jarri zuen arreta, “hiru dimentsioko hiri-baratz” bezala definituz, haren bertikaltasuna dela eta. Baso bat lurazpitik zuhaitzen adarretaraino emankorra da, eta geruza guzti horiei probetxu ateratzea ez da hain zaila, landare guztiei etekina ateratzen baldin badakigu. Ferrerok hiru landare multzoen funtzioekin lotu zuen baso jangarriaren eginkizuna: landare jangarriak; mendietan galtzen ari diren eta berreskuratu nahi ditugun landareak, edo izurriei aurre egiteko erabil daitezkeenak; eta zur-zuhaitzak, edo zuntzak lortzeko erabili daitezkeen landareak.
Auzoko ordezkari batek ere hitza hartu zuen: Ricardo Suárez Ríos. Honek proiektuaren alderdi sozialari buruz hitz egin zuen, eta auzo gazte honen gizarte-ehuna sendotzeko baliabide gisa aurkeztu zuen. Gasteizko udalaren aldez aurretiko jarrera ona ere aipatu zuen, ezer zehaztuta ez badago ere. Zentzu horretan, pazientzia izan behar dela, eta epe luzeko proiektua dela esan zuen.
2 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Salburuako Baso Jangarria Argia aldizkarian « Bosque Comestible de Salburua - […] http://www.argia.eus/blogak/urko-saenz-buruaga/2013/09/24/salburuako-bj-euskadi-irratian/ […]
Uste dut, Euskadi Irratia ez baino…Radio Euskadi dela hori.
Bai, arrazoia duzu. Nahastu egin nintzen eta ahaztu zitzaidan zuzentzea argitaratu baino lehen. Eskerrik asko zure aditasunagatik.