Gurean da petrolio super-astuna
Kanadako harea bituminosoetatik ateratako petrolioa iritsi da Europara, eta sarbidea zein eta Euskal Herria. Gaur goizean 600.000 upel heldu dira Santurtzikoa izanagatik Bilboko esaten zaion portura, Aleksey Kosigin petrolio-ontzian. Eta baliteke datorren astean bigarren kargamentua iristea, Ekologistak Martxaneko Martin Mantxok prentsari adierazi dionez.
Petronorren ate aurrean mintzatu zaigu Mantxo hedabideoi. Haren atzean, Ekologistak Martxaneko eta Koke Plantaren aurkako Koordinadorako hainbat kide, bi pankartari eusten: “Petrolio astunak, kusadura gehiago” zioen batak; gordinagoa zen bestea: “Repsol hiltzaile”. Europan bost findegik baino ez dute harea bituminosoetako petrolioa fintzeko gaitasuna, eta hiru Repsolenak dira. Petronor da horietako bat.
Gero eta eskasagoa, gero eta garestiagoa, gero eta zikinagoa. Horra, modu hagitz sinplifikatuan, hidrokarburoen azken mendeko bilakabidea. Oparotasun garaietan mespretxuz errefusatuko genituzkeenak aurrerapen handitzat aurkezten dizkigute orain. Nola edo hala eutsi behar zaio petrolio kantitate eskergak eskatzen dituen jendarte eredu honi. Petrolio merkea agortzen hasia dela? Tira ba, erabil dezagun harea bituminosoetatik ateratako zera hori.
Arazoa da zera hori lur gaineko meatzaritza bidez erauzten dela, eta horrek kutsadura eta bestelako inpaktuak biderkatzen dituela. Arazoa da zera hori garestiagoa dela, eta petrolio erabilgarri bihurtzeko teknika, zailagoa. Arazoa da ohiko petrolioa baino askoz astunagoa den zera horren gas emisioak %20 handiagoak direla. Arazoa da zera horretatik energia gutxiago atera daitekeela petrolio konbentzionaletik baino.
Petrolio super-kutsatzaileen aroa hasi da, dio gaur Ekologistak Martxanek kazetarioi eman digu esku-orriaren izenburuak. Testu barruko baieztapenak ez dira izan hain erabatekoak, ordea; baldintzazko aditzen erabilerak salatzen du egileek ez dutela zeharo segurutzat jotzen hidrokarburo mota hori sistematikoki gurera sartzen hasiko denik. Pankartari eusten ari zen militante ekologista beterano batek esan digu oraingo 600.000 upel horiekin proba egingo dutela, ea fintze prozesua arrakastatsua den. Hala bada, eta harea bituminosoetako petrolioa erruz badakarkigute, Europar Batasunak arriskuan jarriko du 2020rako berotegi efektuko gasen emisioak %20 murrizteko helburua, Ekologistak Martxanen aburuz.
Bituminoso. Beste hitz bat ikasteko.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks