Merkurioa zure platerean
Ia seguru, RASFF hizkiek ez dute esanahi berezirik zuretzat, niretzat orain dela bost minutura arte ez zuten bezala. Europar Batasunaren (EB) Elikagai eta Pentzuen Alerta Azkar Sistemaren ingelesezko siglak dira. Bada, 2011n RASFFek merkurioz kutsatutako arrainen 76 kasuren berri eman du. Arrain eta bestelako itsaskien kutsaduraren kausa nagusia da merkurioa, izan ere.
76 kasu diogunean, EBk ezarritako mugak gainditzen diren kasuez ari gara. Zenbait elkarte ekologistak diotenez, hortik behera ere kutsadura dago; haien ustez, Europak malguegi jokatu du gehienezko kopuru onargarriak zehaztean. Espainiako Ecologistas en Acciónen esanetan, europar araudiak ez ditu kontuan hartzen ez batez besteko kontsumoa, ez eta kontsumitzaileen gorputz-ezaugarriak ere. Hala, EBren irizpideak ez dira, inondik inora, FAO/OMEren Batzorde Mistoak ezarritakoak bezain zorrotzak. Datu zehatzak nahi badituzu Ecologistas en Acciónek helarazi digun idatzi honetan aurkituko dituzu.
Merkurioaren kalteez idaztea legokidake orain, baina eginda daukat lan hori duela ez hainbeste. Elikagaien kutsadurari buruzko erreportaje honetan, koadro oso bat eskaini nion gaiari (joan erreportajearen amaieraraino). Ordutik hona arrain askotxo jan dudanez, eta horren ondorioz zehaztu gabeko metilmerkurio kopuru bat metatu dudanez nire organismoan, ziur naiz nire garuna ez dela gai izango orduko hura baino testu hobea ekoizteko. Honenbestez, jatorrizko bertsioa gomendatzen dizut, besterik ez baita izanen. Kontuz arantzekin.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks