Zentsura @!
Yoani Sanchez izena idazten baduzu Google-n, Kubako erregimenaren aurka borroka txalogarria egiten ari den heroi baten biografia idazteko adina material agertuko zaizu, lehenbiziko orrialdetik irten gabe. Internet da Sanchezek darabilen arma, Castrotarren uhartean gertatzen ari dena mundu osoari jakinarazteko. Honezkero jakingo ez bagenu bezala! Baina tira, eskertzen dugu blogari-aktibistaren ahalegina.
Aldiz, konspirazioaren teorikoen gezurrak irentsi eta bilaketa beste parametro batzuekin egiten baduzu, oso bestelako Yoani Sanchez bat erakutsiko dizu ordenagailuko pantailak, erabat irudi faltsua. Haren jardunak AEBetako Gobernuaren babesa eta are bultzada dituela esango dizute zenbait medio maltzurrek. Azken lau urteetan gutxienez milioi erdi dolarrek Washingtondik Sanchezen patrikarako bidaia egin dutela sinistarazi nahi izango dizute. Apur bat ausartagoak diren webguneetan iradokiko dizute Sanchezek nazioartean erdietsi duen sona estatubatuar agintarien eta hedabide handien ekimenari zor zaiola, eta ez beraren merituei.
Intoxikazioaren gailurra tercerainformacion.es webgunean aurkitu dugu. Ez dute lotsarik izan AEBetako Estatu Departamenduak ustez idatzitako esaldi hau argitaratzeko: “AEBetako Gobernu egitarauen ahalegin bateratuek lagundu egin dute gizarte zibileko aktibisten nazioarteko soslaia areagotzen, blogari eta kazetariena batez ere. Kubako gizarte zibilaren zati zabal batekin elkarlanean aritzen saiatzen ari gara. Ehunka kazetari entrenatu ditugu, eta haien lana nazioarteko berri-agentzia garrantzitsuenetan agertu izan da”.
Yoani Sanchez ere hizpide dute tercerainformacion.es-ekoek, zer esanik ez. AEBetako Gobernuari leporatzen diote kubatar talde disidenteak antolatzeko hogei milioi dolar xahutu izana; talde horietan berebiziko garrantzia izango lukete blogariek, aipatutako webguneari jaramon egitera betiere. Sanchezek, zehazki, 200.000 dolar izango zituen jasoak 2009ra bitartean. Horrez gain, beste 500.000 eman omen dizkiote, salaketa horien arabera, fundazio eta hedabide-partzuergoen sarien bitartez.
Gutxi gorabehera horren tankerako propaganda zikina banatu zuten joan den ostiralean, Bilboko BBK Aretoaren aurrean, Euskadi-Cuba elkarteko kideek. Barruan, Yoani Sanchezen omenezko ekitaldia egin behar zuten, Sanchez gabe noski. Horretarako aukeratutako markoa ezin egokiagoa zen: Zentsura at! jaialdia. Baina hara non Euskadi-Cubak sortutako Cubainformacion telebistako kide bat ekitaldiaren irudiak jasotzera sartu zenean, bere lana eragozten saiatu ziren han zebiltzan segurtasun guardiak. Irudiren bat edo beste lortu eta gero alde egin zuenean, mehatxatu ere egin zuten. Zentsuraren aurkakoek zentsura egiten, hara! Baina hori Cubainformacion-eko kideek diote, jakina, auskalo sinetsi behar diegun. Ondoko bideo-muntaiak (gaztelania hutsez dago) erakusten ei du ustez gertatutakoa.
Ekitaldiari berari dagokionez, Yoani Sanchezek grabatutako bideoa ikusi ahal zuten, lehenik, bertara joandako hogei lagunek. Ondoren, bideokonferentzia zegoen iragarrita, baina ezin izan zuten egin, arazo teknikoak zirela eta. Horren ordez, telefono-dei xume batekin konformatu behar izan zuten. Gauza jakina da “arazo teknikoak” eufemismo hutsa dela; Kubako Gobernuak barrukoen ahotsa isilarazteko nahia da zailtasun teknikoen benetako arrazoia. Eta ez, Cubainformacion, tercerainformacion.es eta halakoek dioten bezala, AEBek ezarritako blokeoa. Prokubatarren esanetan, Kubak ezin du konexiorik egin uhartea inguratzen duten zuntz optikozko kableekin, enpresa estatubatuarrenak baitira. Horrek Habanako Gobernua behartzen du satelite bidezko lotura geldo eta garestia kontratatzera, eta Interneten erabilera mugatzera. Hori gutxi balitz –eskerrak dena gezurra den!– Kubako webgune batzuk AEBetako Ekonomia Departamentuaren aginduz itxi dituzte, eta beste batzuk zentsuratu, besteak beste Youtuben laguntzarekin.
Ai, konspirazioaren zaleek esaten diguten guztia sinetsiko bagenu…
Gezurra dirudi..
Agian gehiago informatu behar zaretenak zuek zarete, ikerketa apur bat sakonagoa eginda agian, ezer hain borobiltzat eman aurretik (“argitaratuko al duzue mezu hau edo dagoeneko zitalegia?”). Izan ere, hara, kasualitatea botere handiei lotutako hainbat mediok batez ere Cubaren irudia desitsuratu nahi izatea edozein modutara, gertatzen diren gauza batzuk puztuz eta gertatzen ez direnak gertatutzat emanda. EEBBak gehi Europar Batasuna modu berean, herriaren gehiengoak oraindik bidezkotzat ematen duen Cubatar iraultzaren aurka dihoaz sasijokoz baliatuz eta Yoani Sanchez bezalako disidenteen laguntzaz.. zilegia eta oraindik justua den emantzipazio prozesu herrikoia kikildu nahian edozein preziotan eta mediorekin. Gixajoak gu , horiek guztiak sinistuta.. Prisa taldeak, Miamiko pseudoaktibistek eta ofizialista guztiek eta haien lagunek emandako ikuspuntu guztiz bideratuak.. Noski Cubak eboluzionatu beharra duela! ta zenbait gauza aldatu, baina iraultza herrikoi zilegi horren aurka batzuek darabilten “guda mediatikoa” nazkagarria da dagoeneko. Lekzioak emateko ezinobeak, gure gizarte eredu guztiz desorekatu honen bozeramaileak, ja!
Euskal Herri berria ikuspuntu hauekin eraiki nahi baldin baduzue batzuek.. a zer komeria!
Erreferentzia interesgarri bat irlatik bertatik sortua eta ez mutur batean zein bestean murgildutakoa, Cubatar gazte unibertsitari talde batek egindako blog hau adibidez. http://lajovencuba.wordpress.com/
Gora herria!
Ikusten dudanez, ez naiz uste nuen bezain fina ironia erabiltzen…