Qatar: putakumeak, baina geureak
Euskal Autonomia Erkidegoak eta Qatarrek lankidetza batzordea eratuko dutela irakurtzen ari naiz EiTB.com-en. Hitzarmenaren helburua “etorkizunean eman litezkeen kolaborazioak aztertzea da”. Patxi Lopez lehendakaria izan da han, Qatarren, eta harekin batera baita CAF enpresako hainbat ordezkari ere; Beasaingo erraldoiak itxaropena du Qatarrerako tranbia bat eraikitzeko kontratua (300 milioi euro) eskuratzeko. Munduko per capita errentarik handiena du Qatarrek, hori ere ikasi dut gaur. Dirua darie, eta inbertitu nahi dute. Garapena, garapena…
Lehenago, Teleberrin, izan dut albistearen berri baita ere, baina ez dut hasiera entzun, ETBko kazetari batek bertatik egindako azken aipuak baino ez. Txundituta utzi nau amaierako esaldiak. Gutxi gorabehera honela zioen: “Qatar oso estatu hierarkikoa da; bai boterea bai dirua familia gutxi batzuen esku daude, eta haiek erabakiko dute”. Besteak beste CAFeri kontratua ematea ala ez ematea erabakitzeaz arituko zela pentsatzen dut.
“Oso estatu hierarkikoa”, “boterea eta dirua familia gutxi batzuen esku”… Non entzun ditut halakoak? A, bai! Horiei ez zaie ba diktadura esaten? Teleberrin bertan ez darabilte ba, diktadura hitza barra-barra Qatar ez beste estatu batzuez ari direnean? Nola ahaztu zaie esatea zer eta diktadura batekin lankidetza hitzarmena izenpetu duela Eusko Jaurlaritzak? Agian diru asko daukaten diktadurak ez dira hain diktatorialak, batez ere diru horren puska ederra geurera ekartzeko aukera dagoenean? Uff, paranoiak jota nagoela uste dut. Azken batean, ze arraio, Qatarreko hauek badituzte beren gauzatxoak, “apur bat hierarkikoak” dira, ados, baina jatorrak. Eta deskuidoan eskuzabalak ere bai.
Mesedez, ez esan gure amari kazetaria naizela, nahiago dut putetxe batean pianoa jotzen dudala pentsatzen segitu dezan.
Iruzkin bat
Trackbacks/Pingbacks
- Demokrazia? Kalifa berria jarri eta kitto! | sarean.com - [...] txatxu hori albo batera utzi daiteke emir batekin negozioez hitz egitean. Putakumeak dira, baina, Unai Break dioenez, gure [...]
Edo, harakoak zioen bezala, limonada partitu.