Ai, Jaungoikoa!
Blog honetan egin nuen azken agerpenetik zor bat neukan kitatzeke, bai behintzat nire buruarekin. Orduko alferkeriagatik esan ez nuena orain esatera nator, eta hau da: zein harik elkartzen ditu Stephen Hawking, Jose Ignacio Munilla eta egitura xehearen konstantea (alfa, lagunartean)?
Hasi aurretik, ohar bat: aipatuko ditudan kontuak ez dira berri-berriak. Badakit Interneten berehalakotasunak agintzen duela, baina zer nahi duzue, baserri giroak oraindik pisua zeukan herri ez oso handian jaio nintzen ni. Bestalde, gai bati buruz hausnartzeko aste batzuk behar baditut –edo besterik gabe lanean motela banaiz– zergatik ez dut eskubidea izango hausnarketa horien berri emateko gaia dagoeneko mundu guztiari ahaztu zaionean? Beste batzuek hausnartzeko tartetxoa hartu izan balute, agian, ez zituzketen esango esan dituzten eta laster komentatuko ditudan astakeriak. Edo bai.
Stephen Hawking fisikari ospetsuak esan du, The Grand Design bere azken lanean, Jaungoikoa ez dela beharrezkoa unibertsoa azaltzeko. Liburua salgai ipini zutenerako, egileak mila eta bat makilakada zeuzkan hartuta. Astebete inguru iraun zuen gurutzadan, hedabide eskuindarrek, elizak eta besteren batek Kristorenak (ezabatu oraintxe irribarre maltzur hori, bekatari!) esan zituzten Hawkingez, asaldatuarena egiten zuten bitartean. El Mundo egunkariak editoriala eta guzti eskaini zion, pentsa noraino den inportantea gai hau. Baldarrenek, Begoña Ameztoyk konparazio baterako, Jaungoikoaren existentzia bera ukatzea leporatu zioten Oxforden jaiotako fisikariari, nahiz eta hark ez zuen hori esan. Hawkingek, errepikatu egingo dut, esan zuen Jaungoikoa ez dela beharrezkoa unibertsoaren sorrera azaltzeko. Bere nagusiaren defentsan plazara jalgi zenetako bat Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzaina izan zen. Karguari dagozkion hitz dotorez, hau esan zuen gutxi gorabehera: zer zilegitasun dauka kosmologo batek unibertsoaren sorreraz hitz egiteko? Eta beude horretan oraingoz Munillarekikoak; laster paperean kaleratuko dugun erreportaje batean luze-zabal mintzatu naiz hartaz, eta momentuz nahikoa.
Jaungoikoaren beharrik gabe sortu daitekeen unibertso batengandik edozer espero dezakegu, zer esanik ez. Azkenaurreko sorpresa hau izan da: baliteke fisikaren legeak ez izatea berdinak unibertso osoan. Hain justu, egitura xehearen konstantea auzo batetik bestera aldatzen dela pentsarazten duten aztarna batzuk aurkitu dituzte. Zorionez alfa izenez ere ezagutzen da egitura xehearen konstantea, eta 1/137ko balioa du, gutxi gorabehera. Behin baino gehiagotan saiatu naiz jakiten zer esan nahi duen, eta jasotako azalpen mordotik hau da ulertu dudan bakarra: jakina da telebistako irudiak elektroiak pantailaren kontra talka egitean sortzen direla; bada, ez dute elektroi guztiek egiten, 137tik batek baizik.
Alfa konstantea ez da hain konstantea agian, diote orain fisikariek (batzuek). Frogatzeko dago, baina planteatze hutsa kitzikagarria da, baietz? Ondorioak filosofiaren eta, nola ez, erlijioaren eremuan sartzen dira. Alfaren balioa, fisikaren beste konstante askorena bezala, apur bat handiagoa edo txikiagoa balitz, gu ez ginateke existituko. Zergatik da hala? Erantzun bat printzipio antropikoak ematen du: “Naturaren hainbat ezaugarri diren modukoak dira, bestela gu ez ginatekeelako hemen egongo haiek behatzeko”. Dagoeneko eremu labainean sartu gara. Badira printzipio antropikoa defendatzen duten zientzialari agnostikoak, baina zientzialari fededun askoren gustukoa ere bada, bertsio gogorrena batik bat: “Unibertsoak, bere historiaren uneren batean, bizia ahalbidetzen duten ezaugarriak eduki behar ditu nahitaez”. Hau da, unibertsoak “zerbaiterako” sortua izan behar du, bestela ez du zentzurik. Eta zertarako? Bada, gu existitu ahal izateko. Hori guztia ezin zaio bururatu besterik gabe, bere kasa, sortu den unibertso bati; intentzioren bat egon behar da. Jainko bat, demagun. Alfaren balioa 1/137 bezain zenbaki konplikatuan ezartzeko gai den Jainko bat. Ai, baina… eta alfa ez bada beti 1/137? Unibertso anarkiko horretan, zer toki edukiko luke Jainkoak? Munillak jakingo luke, seguru.
Hawking jauna: esan duzuna ez da inolako albistea milioika lagunentzat, ni barne. Baina zenbaitzuk urduri jartzea lortu duzu. Nahiko beldurtiak gara denok ere. Nori bururatuko litzaioke, gu lako koldar batzuei ez ezik, “zertarako” bezain galdera absurdua, erlijio guztien ama? Eta esan duzuna, Hawking jauna, latza da gero: unibertsoak ez badu Jaungoikoaren beharrik bere sorreran, ezta ere gizakiarena bere ondorioetan. Helburu zehatzik gabeko kasualitate bat besterik ez gara, eta beldur gara. Gotzainak, batez ere: bezero asko galtzen ari dira.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks