Hasiera »
Santi Leone
Liburuak eta komikiak maite ditut, bai eta lagunekin solasean aritzea ere. Gabaz ez dut lorik egiten ahal, eta filmak ikusten ditut, kaskoak jantzita, ordenagailuan. Film arraroak gehienetan. Horietarik batzuk, blog honetan komentatuko ditut.


Uzumaki
2012-10-27 // Beldurrezkoa, Gore-a, Zientzia-fikzioa // Iruzkin bat
Neska hau segur aski Josunestilist-en ileapaindegian izan da
Hein batean, Uzumaki porrot egindako filma da. Ez du ongi funtzionatzen. Kale egiten du. Alde batetik, mantsoa da, mantsoegia, erritmo geldokoa, bizitasuna falta du. Bertzetik, hainbat film daramatza barnean, hainbat estilo, baina ez da inoiz bakar batera erabat lerratzera iristen. (gehiago…)
Livide
2012-10-02 // Beldurrezkoa, Gore-a, Suspentsea // Iruzkinik ez
Filmaren afixa
Egia da Julien Mauryk eta Alexandre Bustillok bide berritik jo dutela Livide –beren bigarren filma– egiteko tenorean. Lehendabizikoan (À l’intérieur, dagoeneko komentatua blog honetan), istorioa hasi eta hogei bat minutura odol-besta basa ematen zitzaion ikusleari, filmaren akabera artio in crescendo zihoana. Livide-n, astia hartu dute zuzendariek giro egokia sortzeko, bai eta pertsonaia nagusiak eta haien motibazioak aurkezteko ere. Baina, neurri batean, filmaren bigarren zatian, lehen filmeko lurralde ezagunera bueltatu dira lan honetan ere: hartan bezala, honetan ere etxe baten barnean harrapaka ibiliko dira pertsonaiak, eta berriz ere emaztekiak izanen dira nagusi ehiza beldurgarri horretan. (gehiago…)
Tetsuo: Tony Stark ez den Burdinazko Gizona
2012-09-18 // Egile-zinema, Gore-a, Zientzia-fikzioa // Iruzkinik ez
Filmaren kartela
Takashi Miike-ren ospea lortu ez duen arren, Shinya Tsukamoto-ren filmak ere harenak bezain harrigarriak izaten dira, eta Miike bezala, Tsukamoto kultuzko zinemagile bihurtu da aspalditik.
Tetsuo: The Iron Man (1989) Tsukamotoren lehen filma izan zen: zuri-beltzean eta diru gutirekin egina, Tetsuo film estrainoa da, ia-ia hitzik gabea, bortitza (gehienetan), erotikoa (tira, batzuetan), eta asaldarria (beti).
(gehiago…)
Ichi
2012-09-02 // Beldurrezkoa, Gore-a // Iruzkinik ez
Ichi the killer - kartela
Nik ere, anitzek bezala, Audition filmari esker izan nuen Takashi Miike zinema zuzendariaren berri. Urte haietan boladan zegoen beldurrezko zinema japoniarraren eskutik, baina Miikek ederki erakusten zuen bere originaltasuna lan hartan: ez ile luzeko mamurik, ez teknologiaren bidezko mehatxurik. Hasmentan, iduri zuen familia drama baten aitzinean geundela; gauzek, alabaina, okerrera eginen zuten poliki-poliki, filmaren akabera basatira ailegatu arte: nik pelikula ikusi nuen egunean, hiru lagunek alde egin zuten zinema aretotik, pantailako bortizkeria ezin jasanez. (gehiago…)
The human centipede (First sequence & Full sequence)
2012-07-26 // Beldurrezkoa, Gore-a // 2 iruzkin
Heiter doktorea (Dieter Lieser), a real mad doctor
Diotenez, Tom Six zuzendari holandarrak trilogia bat osatu nahi du Giza-ehunzangoa filmekin; lehendabizikoa eta bigarrena ikusita, ordea, zaila da irudikatzea zein norabide hartuko duen balizko hirugarren zatiak. Edonola ere, azken hori etorri bitartean, erran dezagun lehendabizikoak, The human centipede (First sequence) izenekoak, bi gauza interesgarri bederen badituela: goi mailako “mad doctor” bat, Heiter doktorea (Dieter Lieser) eta horren neurriko ideia zoro bat. (gehiago…)
Bat, bi eta… hiru
2012-06-25 // Suspentsea, Zientzia-fikzioa // Iruzkinik ez
Filmaren kartela
Triangle (2009) Christopher Smithen hirugarren filma da. Lehenago, bertze bi hauek egin zituen: Creep (2004 – ikusi ez dudana) eta Severance (2006 – beldurra, umorea eta torture porn delakoa nahasteko huts egindako saioa, nire ustez). Geroztik, Black Death (2010) sinatu du, Erdi Aroan girotua.
Zenbaitendako, Triangle-n heldutasunera iritsia zela erakutsi zuen Smithek, baina filmak jaso zituen kritika guziak ez ziren positiboak izan. Barregarri iritzi zioten pelikulari Slant magazine aldizkarian, eta Dread Central web orriko hitzak ere ez ziren samurrak izan. Nolanahi ere, nire iduriko, maisulana izan gabe, film interesgarria da Smithen hirugarren hau, ikustea eta are hemen komentatua izatea merezi duena. (gehiago…)
Hotel
2012-06-08 // Egile-zinema, Suspentsea // Iruzkinik ez
Hotel honetan gelditzeko prest?
Gaur egun ezagunena den arren, Michael Haneke ez da Austriako zinema-egile bakarra. Haren ondoan, bertze bi izen bederen aipatu beharko genituzke: Ulrich Seidl (batez ere dokumentalak egin dituena), eta lerrootan aztergai dugun filmeko zuzendaria, Jessica Hausner.
Bere pelikuletan, Hausnerrek erakutsi egiten du, baina ez du azalpen handirik ematen. Ikuslearen lana baita ikusitakoari zentzua ematea, lotura kausalak ezarriz eta pertsonaien motibazioaren inguruan hausnartuz. Hartara, etxeko marka bilakatu den estilo hotza garatu du Hausnerrek. Horrela jokatu zuen Lovely Rita bere lehen filmean, emozio eskasia nabarmeneko giroan hazitako nerabe baten istorioa kontatzeko. Estilo objektibo eta distantea erabili zuen Lourdes-en ere, bere hirugarren lanean, ustezko mirari baten narrazioa egiteko. Baliabide gutirekin eginiko lehen film labur samar hartatik diru gehiagoz hornituriko Lourdes-erako bidean, Hotel dugu. (gehiago…)
Tigre beltzaren malkoak
2012-05-28 // (Euro)-westerna // 2 iruzkin
Tigre beltzaren malkoak filmaren kartela
Aspalditik gelditu zen westerna modatik kanpo: telebistetako bazkal ondoko orduetara mugatua, ikuskizun gozagarri baino gehiago, loaren erakarle eta siestaren eragile. Urrunxko dago naski gure sentsibilitatetik. Izatekotan, Italiakoa dugu hurbil oraindik, spaghetti westerneko heroiak ez baitira guziz arrotz gure iruditerian. Horixe bederen frogatuko lukete azken hamarraldian Ekialdean egindako hiru filmek, hirurek baitute western mediterranearra inspirazio iturri.
Takashi Miike-ren Sukiyaki Western Django (2007) filmak titutuluan ez ezik, zenbait motibotan ere omenaldia egiten dio Sergio Corbucci-ren Django-ri. Eta Sergio Leone-ren Il buono, il brutto, il cattivo (1966) klasikoren izenburuak bere isla parodikoa du Kim Jee-woon zuzendari korearraren The good, the bad and the weird (2008). Eta titulutik haratago, Leoneren filmeko hilerriko pasarte osoa omenduko du Kim Jee-woonek bere lanean. (gehiago…)
Douce France (eta II)
2012-05-07 // Beldurrezkoa // Iruzkinik ez
Martyrs-eko bi aktore nagusiak
Haute tension film gogorra da; Mauryrena eta Bustillorena, basa eta zakarra. Martyrs film latza da, eta batek gaizki pasatzen du ikusi ahala, deseroso sentitzen da, are asaldatua batzuetan. Lehen biak jenero filmak dira, zintzoki eginak, jenero maite dutenak gogoan izanda. Hirugarren hau ere jenero filma den arren, egile-zinematik ere badu. Gaia honela laburbiltzen ahalko genuke: Pascal Laugierren filmak biktimaren eta martiriaren arteko diferentzia erakutsi nahi du. Lortu ote duen, edo balizko diferentzia hori aitzakia hutsa ote den bortizkeria muturreraino eramateko, hori irekia dagoen eztabaida da. Zenbaitendako, akaberako azalpenak (edo azalpen faltak) errekara igortzen ditu zuzendariaren ustezko asmo filosofikoak, eta argi erakusten du jenero film hutsa dela hizpide dugun hau. Edonola ere, auzia ebazten dugun moduan ebazten dugularik, aitortu behar zaio zuzendariari egindakoa saio polita dela.
(gehiago…)
Douce France (I)
2012-04-23 // Beldurrezkoa // 4 iruzkin
A l'interieur filmeko fotograma bat
2010ean Srdjan Spasojevic-en A Serbian film ailegatu baino lehen, Frantziako bi filmek piztu zuten polemika aitzineko urteetan. Lehendabizikoa, Julien Maury-ren eta Alexandre Bustillo-ren À l’intérieur (2008) izan zen; bigarrena, Pascal Laugier-en Martyrs (2009). Bietan erakusten zen bortizkeria gehiegizkoa omen zen, grafikoegia eta, zenbaiten ustez, justifikaziorik gabea. Edonola den ere, bi film horiek halako ospea eskuratu bazuten ere, ez dira, Frantziari eta beldurrezko zinemari dagokienez, adibide bakarrak. Azken bolada honetan, genero horretako film sorta ederra eskaintzen baitu zinema frantsesak urtero-urtero. Eta, beharbada, Alexandre Aja-ren Haute tension (2003) filmak, hau da, lerrootara ekarri behar dugun hirugarren filmak jarri zuen abian joera hori. Uholde bat izan gabe, olaturik ere osatzera iritsi gabe, bai baita non aukeratua gaurko filmografia frantsesdunean: Fabrice du Welz-en Calvaire (2004) edo Xavier Gens-en Frontière(s) (2007) filmetatik hasi eta Hélène Cattet-en eta Bruno Forzani-ren Amer (2009) edo Antoine Blossier-en Proie (2010) lanetara. (gehiago…)