Odolaren mintzoa
    Hasiera » Egile-zinema » Wrong
    ots01 0

    Wrong

    Atalak: Egile-zinema

     

    Wrongeko protagonista, zakurren psikologia ikasten

    Wrongeko protagonista, zakurren psikologia ikasten

    Rubber-en (2010), Quentin Dupieux-en aitzineko filmean, gurpil bat dugu pertsonaia nagusia. Hobeki erranda, gurpil hiltzaile bat. Edo, are zehatzago adierazia, botere telekinetikoei esker jendearen burua leherrarazteko gaitasuna duen gurpil hiltzaile bat. Tartean, gainera, badira gogoeta meta-zinematografikoak, txiste maltzurrak eta basamortuan pozoiturik hiltzen diren ikusle xelebreak.

     

    Lorazain franko-mexikarra

    Lorazain franko-mexikarra

    Neurri handi batean, Wrong koherentea da Rubber-en eraikitako estiloarekin, nahiz eta abiapuntua eta ondorengo ildo narratiboa aise sinpleagoak eta, itxuraz, errealistagoak diren: goiz batez, Dolph Springer (Jack Plotnick) itzarri eta ez du bere zakurra etxean aurkitu; atsekabeturik, film osoan animaliaren bila ibiliko da. Wrongeko unibertsoa (edo Dolph Springerren mundua, nahiago bada) amildegi baten ertzean dago egina, euskarri hauskor baten gainean: normaltasunaren mintz finaren azpian, nabari-nabaria da noiznahi erroizteko arriskua. Eta horixe da, izan ere, filmaren gai nagusia: euskarrien beharra, ez nahitaez euskarri sendoen beharra, baina bai heldulekuren batena.

     

    Zakurren hezlea, momentu mistiko batean

    Zakurren hezlea, momentu mistiko batean

    Quentin Dupieux-ek irudikatu duen mundua detaile absurdoz betea dago: Dolphen iratzargailuan, adibidez, ordua 07:59tik 07:60ra pasatzen da, ez 08:00etara. Etxe ondoko lorategian, egun batetik bertzera palmondoa desagertu eta pinu bihurtu zaio. Maskoten detektibe batek zakur-kaka puska baten azken oroitzapenen grabazioa erakutsiko dio. Bulegoan –bulego barnean, erran nahi baita, teilatupean– euria ari du etengabe, baina horrek, nonbait, langile bakar bat ere ez du harritzen. Harritzen dituena da Dolph lanera egunero joatea, hilabeteak baitira kanporatu zutela. Baina, antza, bere bizimodua aurrera eramatekotan, horrelako euskarriak, horrelako errutinak nahitaezkoak ditu gure protagonistak. Hori, eta bere zakurra.

     

    Zakurra. Jendea ez baita fidagarria Wrongen. Lorazain franko-mexikarrak inolako problema edo dudarik gabe Dolph engainatuko du, berez Dolph ezagutu nahi zuen neska batekin oheratzeko. Lankideek ez dute problemarik euri erauntsiaren azpian lan egiteko, baina ezin dute jasan Dolph egunero lantokian agertzea, inori trabarik egiten ez badio ere. Etxera sartuko zaion emakumeak egun batzuez hankaz goiti jarriko du Dolphen bizimodua. Bai, okerreko mundu horretan, zakurra du helduleku bakarra Dolph Springerrek.

     

    Guti, baina odol pixka bat ere ikusiko dugu

    Guti, baina odol pixka bat ere ikusiko dugu

    Eta, azkenean, bai, zakurraren berri izanen dugu César Millánen parodia izaterainoko antza duen pertsonaia baten bidez. Animalia desagertu izana, nolabait, Dolphi ezarritako proba bat izan dela jakinen dugu, maskotari zion maitasuna norainokoa zen ikus zezan. Testamentu Zaharrean jainkoak ezarritako proben parodia begi-bistakoa da, nire ustez.

     

    Nolanahi ere, Quentin Dupieux-en pelikula arrunt misantropoa edo arrunt zinikoa ote den, broma handia ote den edo gizakien naturaren inguruko hausnarketa sakona, bada, filmaren akaberan eztabaida hori irekia gelditzen da, ikusleak ebazteko. Bidaian, honek irudi harrigarri batzuekin, ideia zirraragarri zenbaitekin eta istorio absurdo eta ironiko samar batekin gozatzeko aukera izanen du. Ez da guti.

    Iruzkina idatzi Erantzuna deuseztatu

    Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango.
    * Bete beharreko eremuak

    *

    *

    HTML etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

     

    Santi Leone

    Liburuak eta komikiak maite ditut, bai eta lagunekin solasean aritzea ere. Gabaz ez dut lorik egiten ahal, eta filmak ikusten ditut, kaskoak jantzita, ordenagailuan. Film arraroak gehienetan. Horietarik batzuk, blog honetan komentatuko ditut.

    @ororostorm Twitterren

    Jarraitu @ororostorm

    @ororostorm(r)en Txioak

    Azken bidalketak

    • Grabbers
    • Macabre, edo Indonesiatik heldu den zinema
    • American Mary
    • Executive koala
    • Wrong

    Iruzkin berriak

    • Homepage --> Douce France (I)
    • Beñat --> Grabbers
    • Santi Leone --> Grabbers
    • Beñat Eizagirre Indo --> Grabbers
    • Edu Lartzanguren --> The cabin in the woods

    Artxiboak

    • Martxoa 2013
    • Otsaila 2013
    • Urtarrila 2013
    • Abendua 2012
    • Azaroa 2012
    • Urria 2012
    • Iraila 2012
    • Uztaila 2012
    • Ekaina 2012
    • Maiatza 2012
    • Apirila 2012

    Atalak

    • (Euro)-westerna
    • Beldurrezkoa
    • Egile-zinema
    • Giallo-a
    • Gore-a
    • Suspentsea
    • Zientzia-fikzioa

    Meta

    • Hasi saioa
    • Sarreren RSSa
    • Iruzkinen RSSa
    • WordPress.org

    ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA