Odolaren mintzoa
    Hasiera » Beldurrezkoa » The cabin in the woods
    urt07 3

    The cabin in the woods

    Atalak: Beldurrezkoa

    The cabin in the woods: sorpresaz beteriko etxola

    The cabin in the woods: sorpresaz beteriko etxola

    The cabin in the woods-ek bi sekretu ditu, bata txikia eta bertzea handixeagoa. Lehendabizikoa zein den jakiteko, aski da trailerra ikustea, edo ia-ia filmaren edozein iruzkin kritikoa irakurtzea. Bigarrena, handia, lehena baino sekretuagoa da, eta saiatuko naiz lerro hauetan ez hondatzen. Erran dezagun, halere, bigarren sekretu horrek oihartzun lovecraftiarrak dituela.

     

    Drew Goddard-ek zuzendua (haren lehen filma da; orain arte ekoizle eta gidoilari ibilia zen) eta idatzia (Joss Whedonekin batera), filmaren-barneko-filma baliabidea da The cabin in the woods-aren ezaugarri nagusia. Tira, zuzendariak ez du zehazki filmaren-barneko-filma baliabidea erabiltzen, filmaren barnean egiten dutena ez baita preseski fikziozko film bat, baina bai antzeko zerbait. Eta horren bidez, genero-zinemaren gaineko gogoeta egiten du eta egitera gonbidatzen gaitu.

     

    In the company of wolves? Et, et, et, The cabin in the woods

    In the company of wolves? Et, et, et, The cabin in the woods

    Bi gidoilarien arabera, filma beldurrezko zinemari egindako “amodiozko gutuna” da. Eta ezagun da biek genero-zinema maite dutela, baina kritika ere ez da falta pelikula honetan. Lehenik eta behin, maiz beldurrezko filmetan ikusten ditugun estereotipoen kontrako kritika dugu Goddarden lan honetan. Bortz lagun (bi neska eta hiru mutil) basoko etxola bakarti batera joan dira oporretan, eta fite halako tentsioa sortuko da benetan direnaren eta istorioan gorpuztu behar duten estereotipoaren artean. Bortz dira: Curt, alfa-arraren papera hartzen duen atleta; Marty, etengabe maria erretzen duen mutil ergela; Dana, birjina omen den neska lotsatia; Holden, erudito serio eta zentzuduna; eta Jules, nonbait puta den neska ilehori kaskarina (letra etzaneko adjektiboak ez dira nireak; akaberan agertuko den barneko filmaren zuzendariak erabiliko ditu, zer gertatu den azaltzen ari delarik). Baina berez, bakar batek ere ez du estereotipo hori betetzen (eta horretaz, jakina, ergela ohartuko da, hain ergela dela frogatzeko-edo), nahiz eta basoko etxolara ailegatu bezain laster horrela jokatzen hasiko diren.

     

    Apostuak egiten

    Apostuak egiten

    Alde horretatik, The cabin in the woods franko hurbil dabil Tucker and Dale vs evil (Elie Craig, 2011) filmak jorratutako gaietatik, azken hau ere beldurrezko filmetako estereotipoen inguruko hausnarketa baita. Ez da bi filmak hurbiltzen dituen kontu bakarra. Elie Craigena komedia da, komedia gore samarra zenbait pasartetan, eta Drew Goddardenak ere, komedia izatera iritsi gabe, umorea eta beldurra uztartzen ditu. The cabin in the woods-ek omentzen dituen 80ko hamarkadako lanek umorea eta beldurra uztartzen zituzten bezalaxe.

     

    Zonbiak badira etxola honetan

    Zonbiak badira etxola honetan

    Izan ere, hori baita filmaren bertze ezaugarri bat: generoaren omenez egina da. Hasteko, titulua bera eta hasmentako ideia, Sam Raimi-ri eta haren The evil dead (1981) filmari omenaldia da. Baina pertsonaia guziak sotora jautsi eta bertako objektuak ikusten ari direlarik, beldurrezko zinema da, bere osotasunean, omenaldia jasotzen duena. Soto hartako gauza bakoitzak film bati edo azpi-genero bati egiten baitio erreferentzia, Clive Barkerren Hellraiser pelikulatik (Holdenek eskuetan hartzen duen jostailua zenobiten kuboaren antzekoa da) torture porn azpi-generora, zonbien eta otso-gizonen filmetarik pasatuz (sotoan, bidenabar erranda, filmeko esaldirik gogoangarriena adituko dugu: aspaldian etxola hartan bizi izan zen neska baten egunkaria aurkituko du Danak; bertan, aita sadikoaren eskutik jasandako sufrimenduak kontatzen ditu neskak, eta honela deskribatzen du haren jarrera bertzeen oinazeen aitzinean: “but cutting the flesh makes him have a husband’s bulge, and I don’t get like that”).

     

    Nork erran du film hau ez dela odoltsua?

    Nork erran du film hau ez dela odoltsua?

    Generoari egiten zaion amodiozko adierazpenarekin batera, zinema mota horren publikoaren inguruko kritika ere bada, nire ustez. Filmaren barneko filma egiten ari direnen jarrera voyeur axolagabea, aipatu bortz pertsonaiak banan-banan hiltzen ari diren bitartean, nahiko adierazkorra da. Arreta pantailan atxikia edukitzeko gero eta odol eta bortizkeria gehiago eskatzen duen publikoaren gainean egiten du gogoeta Goddarden filmak. The cabin in the woods bera ez da oso-oso odoltsua (tira, odola bada, eta bortizkeria, baina gaurko joera batzuk kontuan hartuta, nahiko pelikula neurritsua da): beraz, gaurko gehiegikeria batzuk kritikatzen ari da? Baliteke. Iraganeko eredu “klasikoetara” bueltatzen proposatzen ari da? Beharbada. Baina, akaso, zuzendariak begirada metazinematografiko hori generoari freskotasuna emateko erabili du, generoaren betiko baliabideak eta trikimailuak erabiliz zerbait berria eskaintzeko (edo zerbait berria ikusten ari garelako sentipena sorrarazteko). Agian, ustezko kritika horiek guziak genero-lan bikain baten berniza bertzerik ez dira.

     

    "Cutting the flesh makes him have a husband's bulge": sufrimendua eragitea du gustukoen

    “Cutting the flesh makes him have a husband’s bulge”: sufrimendua eragitea du gustukoen

    Edonola ere, material zaharrekin produktu interesgarria lortu du Drew Goddardek The cabin in the woods honetan. Generoa ezagutzen ez dutenak istorioak harrapatuko ditu; beldurrezko zineman adituxeagoak direnek ederki pasatu dute erreferentziak harrapatzen eta generoaren mekanismo batzuk nola gelditzen diren agerian ikusten. Edonola ere, ahal baduzu, eros ezazu DVDa edo jautsi ezazu filma Internetetik, antza ez baita gure aretoetara ailegatuko.

    Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.comen laguntzaile

    3 Iruzkin

    1. Edu Lartzanguren | 2013 Urtarrila 7 at 8:52

      Artikulua irakurri dut, azkar batean (gero irakurri dut, berriz, polikiago) William W. Burroughsen izenaren bila. Izan ere, The Cabin in The Woods honetan oso nabaria iruditu zitzaidan idazlearen eragina. Proposatzen duen unibertsoa Burroughsen mitologian oinarrituta dago: mundua infernua da eta horretaz jabetu den munstroa (jainko bizkarroia) gizakien odolez elikatzen dute horrorearen zerbitzari burokratek, gazteen sakrifizioaren bitartez. The director pertsonaia (Sigurney Weaver filmean) Burroughsen azken trilogian agertzen da (Cities of the Red Night, The Place of the Dead Roads eta The Western Lands). Goitik behera azaltzen du horietan Burroughsek bere sistema mitologikoa, eta filmaren amaieran sistema osoa suntsitzen ikusten dugu (Mendebaldearen gainbeheraren metafora gisa), nobeletan deskribatzen den bezala.

      Erantzun
      • Santi Leoné | 2013 Urtarrila 8 at 7:08

        Bada, susmoa dut alferrik bilatuko zenuela, ez baitut Burroughsen trilogia hori irakurri, eta, hortaz, ezin nuen haren eragina nabaritu. Baliteke liburuak irakurritakoan nire iritzia aldatzea, jakina, baina, halere, nago filmaren helburu nagusia generoaren inguruko gogoeta egitea dela. Akabera nahiko bortxatua iduritu zait, eta nik ez dut inondik inora ere Mendebaldearen gainbeheraren metafora bat ikusten -filmean, erran nahi dut-.
        Bertzalde,, Burroughsen eragina ukatu gabe, nire ustez nahiko argi dago ez dela eragin bakarra: izan ere, filmak hainbat jatorritako eraginak biltzen ditu bere baitan, eta Burroughsen mitologia erabili izana posible den arren, iduritzen zait filmak zapaltzen duen lurraldea bertzelakoa dela. Beharbada idazle amerikarra mendebaldeko gizarteaz ari zen, baina The cabin in the woods-en beldurrezko zinemaren publikoa dute mintzagai (eta kritikagai), nire iduriko. Edonola ere, zinez interesgarria zure iruzkina, eta, hortaz, Burroughsen trilogia lehenbailehen irakurri beharrko liburuen zerrendan sartu dut.

        Erantzun
        • Edu Lartzanguren | 2013 Urtarrila 8 at 9:06

          Bai, filmak hainbat irakurketa maila ditu; horretan datza haren indarra, eta horregatik da interesgarria: entretenigarri gisa ikus daiteke, generoaren parodia gisa, beldurrezko filmen ikusleen kritika gisa… Nik beste irakurketa bat egin nahi izan diot, besteak bazterrean uzten ez duena.

          Erantzun

    Iruzkina idatzi Erantzuna deuseztatu

    Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango.
    * Bete beharreko eremuak

    *

    *

    HTML etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

     

    Santi Leone

    Liburuak eta komikiak maite ditut, bai eta lagunekin solasean aritzea ere. Gabaz ez dut lorik egiten ahal, eta filmak ikusten ditut, kaskoak jantzita, ordenagailuan. Film arraroak gehienetan. Horietarik batzuk, blog honetan komentatuko ditut.

    @ororostorm Twitterren

    Jarraitu @ororostorm

    @ororostorm(r)en Txioak

    Azken bidalketak

    • Grabbers
    • Macabre, edo Indonesiatik heldu den zinema
    • American Mary
    • Executive koala
    • Wrong

    Iruzkin berriak

    • Homepage --> Douce France (I)
    • Beñat --> Grabbers
    • Santi Leone --> Grabbers
    • Beñat Eizagirre Indo --> Grabbers
    • Edu Lartzanguren --> The cabin in the woods

    Artxiboak

    • Martxoa 2013
    • Otsaila 2013
    • Urtarrila 2013
    • Abendua 2012
    • Azaroa 2012
    • Urria 2012
    • Iraila 2012
    • Uztaila 2012
    • Ekaina 2012
    • Maiatza 2012
    • Apirila 2012

    Atalak

    • (Euro)-westerna
    • Beldurrezkoa
    • Egile-zinema
    • Giallo-a
    • Gore-a
    • Suspentsea
    • Zientzia-fikzioa

    Meta

    • Hasi saioa
    • Sarreren RSSa
    • Iruzkinen RSSa
    • WordPress.org

    ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA