Odolaren mintzoa
    Hasiera » Beldurrezkoa » Uzumaki
    urr27 1

    Uzumaki

    Atalak: Beldurrezkoa, Gore-a, Zientzia-fikzioa

    Neska hau segur aski Josunestilist-en ileapaindegian izan da

    Neska hau segur aski Josunestilist-en ileapaindegian izan da

    Hein batean, Uzumaki porrot egindako filma da. Ez du ongi funtzionatzen. Kale egiten du. Alde batetik, mantsoa da, mantsoegia, erritmo geldokoa, bizitasuna falta du. Bertzetik, hainbat film daramatza barnean, hainbat estilo, baina ez da inoiz bakar batera erabat lerratzera iristen.

    Tarteka, iduri luke Le fabuleux destin d’Amélie Poulain-en estiloko imajinak izanen direla nagusi. Bertze zenbaitetan, pentsa genezake bi protagonista nerabeen kezkek eta frustrazioek osatzen dutela filmaren hari nagusia. Zenbait unetan, zuzendaria gore aldera lerratuko delako itxaropena pizten zaigu. Pasarte batzuei erreparatuz gero, bideoklip sorta bat ikusten ari garela usteko dugu. Edo, herriko eskolan girotua, ikasleen arteko liskarrak kontatzen dituen istorio bat dela. Akaberan, monster movie baten itxura ere hartzen du.

    Obsesio batzuk hilgarriak dira

    Obsesio batzuk hilgarriak dira

    Uzumaki ez da film borobila. Higuchinsky-k filmatu zuen 2000. urtean (Higuchinsky, berez, Ukrainan sorturiko Akihiro Higuchi zuzendari japoniarraren goitizena da), eta harrezkeroztik film bakarra zuzendu du, Tokyo 10+01 (2003), ikusi ez dudana, daitort. Halere, inork film honek zer duen ona galdeginen balit, honako bi gauza hauek aipatuko nituzke nik: estilo bisuala –irudi zoragarri batzuk baititu– eta hasierako ideia.

    Istorioa ideia sinple baina eraginkor baten gainean eraikia baitago. Japoniako herrixka batean, jendea hasi da espiral formarekin obsesionatzen (uzumaki espirala omen da japoniarrez), barraskiloen oskoletatik hasi eta uretan edo zopan eragindako zurrunbiloetaraino, eskailera kiribiletarik pasatuz. Bere buruaren inguruan etengabe bueltak ematen dituen oro ederra idurituko zaie Kurouzu herriko biztanleei. Are gehiago, herriko eskolako bi ikasle karakol bihurtuko dira. Bertze bat, txirikorda izugarriak eginen ditu ilean, espiral formakoak, jakina. Bertze pertsonaia batek, ordea, nazka kontrolaezina hartuko dio espiralari, eta forma hori gogorarazten dion guzia bere gorputzetik erauzten saiatuko da, behatz puntetako azaletik hasita.

    Zeruan ere zurrunbiloak

    Zeruan ere zurrunbiloak

    Film hasiera bikaina da, Higuchinskyk ederki sorrarazten baitu ezinegona, eguneroko normaltasuna zulatzen duten gertakari txikiak eta portaera arraroak nabarmenduz. Ondoren, ordea, pelikulak indarra galdu eta nora ezean ibiliko da, jorratzen dituen bide guzietarik zein hautatu jakin gabe.

    Herrian gertatzen ari den guziaren lekuko diren bi nerabe (neska bat –Kirie– eta mutil bat –Shuichi–) dira filmeko protagonistak. Narrazioa Kirieren ikuspuntutik dago kontatua, eta, horregatik, tentagarria da pentsatzea Kurouzuko biztanleak katigaturik dituen espiral forma horrek herriko bizimodu aspergarri frustragarriaren sinbolo dela, eta ingurukoen jarrera ezohiko eta xelebreek (Shuichiren aitaren portaeratik hasita) bi nerabeen arroztasun sentimendua adierazteko balio dutela.

    [youtube]http://www.youtube.com/watch?v=y1U73sKw7VM[/youtube]

    Edonola ere, filmaren erdialdetik aitzinat ez du iduri Higuchinsky sobera interesaturik dagoenik gai horiek jorratzeko. Alde horretatik, akabera zinez etsigarria da, dezepzio handia, eta baliteke ikusleak, azkenean, hutsaren gainean eraikitako film bat ikusi izanaren irudipena izatea. Neurri batean, ez litzaioke arrazoirik falta.

    Iruzkin bat

    1. txerren | 2012 Urria 27 at 7:48

      Jatorrizko testua irakurtzeko, hemen dago aukera:http://manga.animea.net/uzumaki.html

      Nire ustez merezi duen manga bat da. Ikaragarria baina irakurtzeari utzi ezin diozun horietakoa.

      Filma ez dut ikusi, baina izu eta nazka guzti hori moldatzea ezin zen erraza izan.

      Erantzun

    Iruzkina idatzi Erantzuna deuseztatu

    Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango.
    * Bete beharreko eremuak

    *

    *

    HTML etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

     

    Santi Leone

    Liburuak eta komikiak maite ditut, bai eta lagunekin solasean aritzea ere. Gabaz ez dut lorik egiten ahal, eta filmak ikusten ditut, kaskoak jantzita, ordenagailuan. Film arraroak gehienetan. Horietarik batzuk, blog honetan komentatuko ditut.

    @ororostorm Twitterren

    Jarraitu @ororostorm

    @ororostorm(r)en Txioak

    Azken bidalketak

    • Grabbers
    • Macabre, edo Indonesiatik heldu den zinema
    • American Mary
    • Executive koala
    • Wrong

    Iruzkin berriak

    • Homepage --> Douce France (I)
    • Beñat --> Grabbers
    • Santi Leone --> Grabbers
    • Beñat Eizagirre Indo --> Grabbers
    • Edu Lartzanguren --> The cabin in the woods

    Artxiboak

    • Martxoa 2013
    • Otsaila 2013
    • Urtarrila 2013
    • Abendua 2012
    • Azaroa 2012
    • Urria 2012
    • Iraila 2012
    • Uztaila 2012
    • Ekaina 2012
    • Maiatza 2012
    • Apirila 2012

    Atalak

    • (Euro)-westerna
    • Beldurrezkoa
    • Egile-zinema
    • Giallo-a
    • Gore-a
    • Suspentsea
    • Zientzia-fikzioa

    Meta

    • Hasi saioa
    • Sarreren RSSa
    • Iruzkinen RSSa
    • WordPress.org

    ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA