Odolaren mintzoa
    Hasiera » Beldurrezkoa » Livide
    urr02 0

    Livide

    Atalak: Beldurrezkoa, Gore-a, Suspentsea

    Filmaren afixa

    Filmaren afixa

    Egia da Julien Mauryk eta Alexandre Bustillok bide berritik jo dutela Livide –beren bigarren filma– egiteko tenorean. Lehendabizikoan (À l’intérieur, dagoeneko komentatua blog honetan), istorioa hasi eta hogei bat minutura odol-besta basa ematen zitzaion ikusleari, filmaren akabera artio in crescendo zihoana. Livide-n, astia hartu dute zuzendariek giro egokia sortzeko, bai eta pertsonaia nagusiak eta haien motibazioak aurkezteko ere. Baina, neurri batean, filmaren bigarren zatian, lehen filmeko lurralde ezagunera bueltatu dira lan honetan ere: hartan bezala, honetan ere etxe baten barnean harrapaka ibiliko dira pertsonaiak, eta berriz ere emaztekiak izanen dira nagusi ehiza beldurgarri horretan.

    Dekoratua, ordea, bai, arrunt diferentea da. Livide-ko istorioa Bretainian gertatzen baita (eta ez Paris ondoko banlieu batean), bere onena emanda dagoen etxetzar batean hain zuzen ere. Zinezko etxandi gotikoa, bere arbola ihartuekin, errautsez beteriko armairuekin, bizirik ematen duten animalia disekatuekin eta hotzikara eragiten duen panpina sortarekin. James Watkins-en The woman in black-eko etxea dakar gogora, edo Hammer ekoiztetxe britainarreko film klasikoetako etxeak. Izan ere, Hammerreko filmak dira Mauryk eta Bustillok aipatu dituzten eraginetarik bat.

    Edozein haurrek nahiko lituzkeen panpinak

    Edozein haurrek nahiko lituzkeen panpinak

    Bertze eragina, Italiako gialloarena izan da, Dario Argentoren eta Mario Bavaren filmena. Livide-ko etxea, jakina, ez baitago hutsa: emazteki zahar-zahar bat bizi da bertan, Madame Jessel (Marie-Claude Pietragalla). Tira, horri bizitza deitzen ahal bazaio, koman baitago, Lucie Kaval (Chloé Coulloud) protagonistak ikasiko duen bezala, hartaz arduratzen den erizainarekin batera etxe misteriotsura eginen duen lehen bisitan. Eta gorpu itxura duen emazteki hura ohatzean etzanda ikusita, zaleari berehala etorriko zaio burura Mario Bavaren La goccia d’acqua –Ur tanta–, I tre volti della paura filmaren azken atala.

    Madame Jessel, komatik berpiztua

    Madame Jessel, komatik berpiztua

    Hammerreko izu gotikoa eta Italiako gialloa, beraz. Edonola ere, Livide ez da omenaldi bilduma edo zinezaleendako ariketa hutsa. À l’intérieur-ekin egin zuten bezala, honetan ere egileak film zintzoa egiten saiatu dira, benetan beldurra eragiten duen filma. Eta horretarako, ederki osatu dute giroa filmaren lehen berrogeita bortz minutuetan: etxea, koman dagoen emaztekia, etxean omen dagoen altxorraren inguruko kondaira… Izan ere, ustezko altxorraren usaina izanen da hiru protagonistak etxe malapartatu hartara eramanen duena: Lucie (erizaina izateko praktikak egiten ari dena), William (Félix Moati – haren mutilaguna) eta Ben (Jérémy Kapone – honen anaia). Herritik eta duten bizimodutik ihes egiteko irrikan, hirurek erabakiko dute etxera sartzea eta zorioneko altxorrarekin alde egitea. Eta sartu, sartuko dira, baina altxorrik ez eta espero ez zuten bertze zerbaitekin eginen dute topo.

    Ederki filmatua, makabroa eta poetikoa xarmantki uztartzen dituzten pasarte gogoangarriz hornitua (hiru gazteek etxean aurkituko duten giza-panpina dantzan hasten denekoa, adibidez), Livide film ederra da, baina ez borobila. Zuzendariak hari gehiegi sartzen saiatu dira, eta ez dituzte guziak behar bezala garatu. Zenbaitetan, iduri luke drama psikologikoa ikusteko bidean gaudela, eta halako harreman berezia sortuko dela

    Soinekoa pixka bat zikindu zaio

    Soinekoa pixka bat zikindu zaio

    koman dagoen emaztekiaren eta Lucie-ren artean, biek maite zuten norbait galdua baitute (alaba, Jessel andrearen kasuan; ama, Lucie-ren kasuan). Baina bide hori fitekara bazter gelditzen da. Hasmentan, ikusleak pentsa lezake mamuen istorio bat ikusten ari dela, baina bigarren zatian ez da odolik falta eta gorezaleek badute zerekin gozatu filmeko irudietan. Eta, erran bezala, momentu zinez poetikoak badira ere, azkenean, irudi poetikoak lortu nahi izateak barregarrirantz eramanen du filma azken minutuetan.

    Akatsak akats, Livide film interesgarria da, benetan merezi duena: ongi filmatua, ederki girotua, ikara on batzuez hornitua eta, azken buruan, jeneroa benetan maite duten bi zuzendarik egina. Haien bigarren filma da. Ni, dagoeneko, hirugarrenaren esperoan nago.

    Iruzkina idatzi Erantzuna deuseztatu

    Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango.
    * Bete beharreko eremuak

    *

    *

    HTML etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

     

    Santi Leone

    Liburuak eta komikiak maite ditut, bai eta lagunekin solasean aritzea ere. Gabaz ez dut lorik egiten ahal, eta filmak ikusten ditut, kaskoak jantzita, ordenagailuan. Film arraroak gehienetan. Horietarik batzuk, blog honetan komentatuko ditut.

    @ororostorm Twitterren

    Jarraitu @ororostorm

    @ororostorm(r)en Txioak

    Azken bidalketak

    • Grabbers
    • Macabre, edo Indonesiatik heldu den zinema
    • American Mary
    • Executive koala
    • Wrong

    Iruzkin berriak

    • Homepage --> Douce France (I)
    • Beñat --> Grabbers
    • Santi Leone --> Grabbers
    • Beñat Eizagirre Indo --> Grabbers
    • Edu Lartzanguren --> The cabin in the woods

    Artxiboak

    • Martxoa 2013
    • Otsaila 2013
    • Urtarrila 2013
    • Abendua 2012
    • Azaroa 2012
    • Urria 2012
    • Iraila 2012
    • Uztaila 2012
    • Ekaina 2012
    • Maiatza 2012
    • Apirila 2012

    Atalak

    • (Euro)-westerna
    • Beldurrezkoa
    • Egile-zinema
    • Giallo-a
    • Gore-a
    • Suspentsea
    • Zientzia-fikzioa

    Meta

    • Hasi saioa
    • Sarreren RSSa
    • Iruzkinen RSSa
    • WordPress.org

    ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA