Odolaren mintzoa
    Hasiera » Egile-zinema » Tetsuo: Tony Stark ez den Burdinazko Gizona
    ira18 0

    Tetsuo: Tony Stark ez den Burdinazko Gizona

    Atalak: Egile-zinema, Gore-a, Zientzia-fikzioa

    Filmaren kartela

    Filmaren kartela

    Takashi Miike-ren ospea lortu ez duen arren, Shinya Tsukamoto-ren filmak ere harenak bezain harrigarriak izaten dira, eta Miike bezala, Tsukamoto kultuzko zinemagile bihurtu da aspalditik.

    Tetsuo: The Iron Man (1989) Tsukamotoren lehen filma izan zen: zuri-beltzean eta diru gutirekin egina, Tetsuo film estrainoa da, ia-ia hitzik gabea, bortitza (gehienetan), erotikoa (tira, batzuetan), eta asaldarria (beti).

    Tsukamoto-ren film hau DVDn ikusi behar da nahitaez, zeren, zenbait gauza ulertzekotan, ezinbertzekoa izanen baitzaigu DVDren kontrazala irakurtzea. Adibidez, nik aurkitu ditudan kritika guzietan hasieran agertzen den pertsonaiari “Fetixista” deitzen zaio, edo “Metalaren fetixista”; filmean, ordea, ez du izenik, baina bai DVDren gibeleko aldeko azalpenean.

    Erdi gizona, erdi burdineria mukurua

    Erdi gizona, erdi burdineria mukurua

    Kontatu, istorio bat kontatu egiten da Tetsuo-n. Mendeku baten istorioa. Lehen minutuetan, aipatu Fetixista ikusiko dugu fabrika batean, burdin barra bat izterrean sartzen (!!). Ondoren, korrika abiatuko da, baina auto batek harrapatu eta gidariak, lagundu beharrean, baso batera eraman eta han utziko du. Fetixista ez da hil, ordea, eta, mendeku gisa, autoko gidariaren gorputza burdinazko munstro bihurtzen hasiko da, poliki eta mingarriki.

    Edonola ere, ildo narratiboa ez da Tsukamotori sobera axola. Haragia metal bihurtzearen prozesua erakustea da filmaren interes nagusia. Izan ere, David Cronenberg aipatu ohi da Tsukamotoren eraginen artean, beren filmetan bi zuzendariek gustuko baitute erakustea haragiaren eta metalaren arteko nahastea eta bat-egitea. Biendako, gainera, sexua dago transformazioaren jatorrian. Tetsuo-n, adibidez, bere eraldaketa hasi baino lehen, autoko gidariak, ametsetan (tira, nik erranen nuke ametsetan dela), emazteki bat ikusiko du dantzan, suge baten antzera bizirik dirudien burdinazko strap-on alimaleko batez hornitua. Eta, ametsetan (berriz diot, nik ametsetan dela erranen nuke) emaztekiak autoko gidaria bortxatutakoan hasiko da benetan honen transformazioa.

    Maiz, iduri luke musika bideo bat ikusten ari garela, eta musikak berebiziko inportantzia dauka filmean: pare bat aldiz, irudiei kontrapuntu ironikoa emateko, eta, gehienetan, filmaren giro industrial metaliko astuna azpimarratzeko. Soinu banda Chu Ishikawak egin zuen, Der Eisenrost perkusio industrialeko taldearen liderrak.

    [youtube]http://www.youtube.com/watch?v=dxvzqwgoQb4[/youtube]

    WTF!

    WTF!

    Tetsuo ez da film luzea: 67 minutu eskas ditu, baina indartsua eta intentsua da. Azken batean, giza-gorputz bat formarik gabeko makina herdoildua nola bihurtzen den erakusten digu, edo, bertze modu batean erranda, teknologiak gure bizitza eta gure gorputza nola inbaditzen dituen. Horixe baita filmaren gai nagusia: teknologiak gure bizitzan duen gehiegizko presentzia; Japoniako bertze hainbat filmetan ageri zaigun gaia, hain zuzen ere (adibidez, Hideo Nakata-ren The Ring –1997– edo Takashi Miikeren One missed call –2003– filmetan, bi baizik ez aipatzearren).

    Underground zinemaren adibide ederra, Tetsuo ez da publiko guziendako, eta ez genuke Ameriketako Burdinazko Gizonarekin, Tony Stark superheroiarekin alegia, nahasi beharko. Gure gizonezko gizona ez baita mundua salbatzera etorri, mundua hondatzera baizik. Azken irudian, Fetixista eta autoko gidaria, biak burdineria mukuru batean nahasiak, mundua menderatzera abiatuko dira ziztu bizian, alaiki.

    [youtube]http://www.youtube.com/watch?v=uROMTzJsfOI[/youtube]

    Iruzkina idatzi Erantzuna deuseztatu

    Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango.
    * Bete beharreko eremuak

    *

    *

    HTML etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

     

    Santi Leone

    Liburuak eta komikiak maite ditut, bai eta lagunekin solasean aritzea ere. Gabaz ez dut lorik egiten ahal, eta filmak ikusten ditut, kaskoak jantzita, ordenagailuan. Film arraroak gehienetan. Horietarik batzuk, blog honetan komentatuko ditut.

    @ororostorm Twitterren

    Jarraitu @ororostorm

    @ororostorm(r)en Txioak

    Azken bidalketak

    • Grabbers
    • Macabre, edo Indonesiatik heldu den zinema
    • American Mary
    • Executive koala
    • Wrong

    Iruzkin berriak

    • Homepage --> Douce France (I)
    • Beñat --> Grabbers
    • Santi Leone --> Grabbers
    • Beñat Eizagirre Indo --> Grabbers
    • Edu Lartzanguren --> The cabin in the woods

    Artxiboak

    • Martxoa 2013
    • Otsaila 2013
    • Urtarrila 2013
    • Abendua 2012
    • Azaroa 2012
    • Urria 2012
    • Iraila 2012
    • Uztaila 2012
    • Ekaina 2012
    • Maiatza 2012
    • Apirila 2012

    Atalak

    • (Euro)-westerna
    • Beldurrezkoa
    • Egile-zinema
    • Giallo-a
    • Gore-a
    • Suspentsea
    • Zientzia-fikzioa

    Meta

    • Hasi saioa
    • Sarreren RSSa
    • Iruzkinen RSSa
    • WordPress.org

    ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA