Odolaren mintzoa
    Hasiera » Suspentsea » Bat, bi eta… hiru
    eka25 0

    Bat, bi eta… hiru

    Atalak: Suspentsea, Zientzia-fikzioa

    Filmaren kartela

    Filmaren kartela

    Triangle (2009) Christopher Smithen hirugarren filma da. Lehenago, bertze bi hauek egin zituen: Creep (2004 – ikusi ez dudana) eta Severance (2006 – beldurra, umorea eta torture porn delakoa nahasteko huts egindako saioa, nire ustez). Geroztik, Black Death (2010) sinatu du, Erdi Aroan girotua.

    Zenbaitendako, Triangle-n heldutasunera iritsia zela erakutsi zuen Smithek, baina filmak jaso zituen kritika guziak ez ziren positiboak izan. Barregarri iritzi zioten pelikulari Slant magazine aldizkarian, eta Dread Central web orriko hitzak ere ez ziren samurrak izan. Nolanahi ere, nire iduriko, maisulana izan gabe, film interesgarria da Smithen hirugarren hau, ikustea eta are hemen komentatua izatea merezi duena.

    Smithen lan honen abiapuntuan, Nacho Vigalondoren Cronocrímenes (2007) dugu. Vigalondorena ikusia duenak halako déjà-vu sentipena izanen du zenbait mementotan, eta ez bakarrik istorioari dagokionez, baita motibo batzuei dagokienez ere (erasotzaileak jantzia daraman kaputxa da horren adibide).

    Pasabide luze horiek

    Pasabide luze horiek

    Seme autista zaindu beharraren zamatik egun batez ihes egin nahian, Jess (Melissa George) Gregekin (Michael Dorman) eta haren lagun batzuekin itsaroratuko da belaontzi txiki batean, eguna olatuen artean pasatzeko asmoz. Tamalez, ustekabeko ekaitz batek itsasontzia hondatu eta irauli eginen du. Itsasoaren erdian galdurik, salbazioa heldu zaiela pentsatuko du lagun taldeak, luxuzko transatlantiko erraldoi bat ikusten dutelarik. Kanpotik itsasontziaren bizkarrean emazteki baten silueta antzeman uste izan badute ere, hutsik aurkituko dute barkua. Bati baino gehiagori Kubricken The Shine gogoraraziko dioten korridore luze hutsetan barna norbaiten bila ibili ondoren, pertsonaia misteriotsu kaputxadun batek lagun guziak akabatuko ditu, banan-banan. Kaputxadunari aurre eginez, Jess izanen da salbatuko den bakarra; karel gainetik salto egin aitzin, baina, kaputxadunak denak hiltzeko erranen dio shockpean dagoen Jessi. Eta, orduan, dena hasiko da berritik: berriz ere ikusiko baititu Jessek bere lagunak (eta bere burua) irauliko belaontziaren gainean, transatlantikoaren ondoan, garrasika, laguntza eske… Ezin gehiago kontatu, istorioaren ezusteak desestali gabe.

    Nik atzera begiratuko nuke...

    Nik atzera begiratuko nuke...

    Filmaren kontra, zenbaitek erran dute pasarte batzuetan motelegia dela, erdialdera batez ere, eta aspergarri egiten dela gauza batzuk bi edo are hiru aldiz ikusi behar izatea. Ez nago ados. Nire ustez, tentsioa sortzen ez ezik, tentsio horri eusten ere jakin du Smithek. Zerbait kritikatzekotan, pertsonaia gehienen psikologia sinpleegia edo psikologia falta kritikatuko nuke: zaila da haietarik edonorekin identifikatzea, baita Jess protagonistarekin berarekin ere.

    Eta bitxia da protagonistarekin bat egiten ahal ez izatea, zeren eta, hein handi batean, haren psikearen isla baita film osoa, haren fantasia edo (apika) haren ametsa. Narrazioan aurkezten zaizkigun denborazko labirinto irteerarik gabeek Jessen sentimendu kontrajarriak islatzen baitituzte: seme autista zaindu beharra eta hura behar bezain ongi eta behar bezain gozo tratatzen ez duelako sentsazioa; semearengandik askatu beharra, hari itzuri egin nahia, hura hiltzeko desira, eta horrek guziak eragiten duen erru-sentimendua eta auto-gorrotoa. Jess betiko geldituko litzateke luxuzko transatlantiko horretan, baina barkua sorgindua dago, korridoreetan bere kontzientzia txarra dabil, semearengandik urrun eraman duten guztiak garbitzeko prest. Semearengana bueltatu nahi du, baina horretarako bere burua hil behar du; bere burua hil nahi baitu, ama eskasa delakoan. Horra filmaren gaia.

    [youtube]http://www.youtube.com/watch?v=65JP4wVVCOQ[/youtube]

    Triangle filmaren trailerra

    Eta, bai, aukeran, Vigalondoren Cronocrímenes nahiago dut, josteta hutsa zelako. Baina Triangle film bikaina da, eta ikusten duenak ez du denbora galduko, nahiz eta, beharbada, akaberak bihotza pixka bat estutuko dion.


    Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.comen laguntzaile

    Iruzkina idatzi Erantzuna deuseztatu

    Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango.
    * Bete beharreko eremuak

    *

    *

    HTML etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

     

    Santi Leone

    Liburuak eta komikiak maite ditut, bai eta lagunekin solasean aritzea ere. Gabaz ez dut lorik egiten ahal, eta filmak ikusten ditut, kaskoak jantzita, ordenagailuan. Film arraroak gehienetan. Horietarik batzuk, blog honetan komentatuko ditut.

    @ororostorm Twitterren

    Jarraitu @ororostorm

    @ororostorm(r)en Txioak

    Azken bidalketak

    • Grabbers
    • Macabre, edo Indonesiatik heldu den zinema
    • American Mary
    • Executive koala
    • Wrong

    Iruzkin berriak

    • Homepage --> Douce France (I)
    • Beñat --> Grabbers
    • Santi Leone --> Grabbers
    • Beñat Eizagirre Indo --> Grabbers
    • Edu Lartzanguren --> The cabin in the woods

    Artxiboak

    • Martxoa 2013
    • Otsaila 2013
    • Urtarrila 2013
    • Abendua 2012
    • Azaroa 2012
    • Urria 2012
    • Iraila 2012
    • Uztaila 2012
    • Ekaina 2012
    • Maiatza 2012
    • Apirila 2012

    Atalak

    • (Euro)-westerna
    • Beldurrezkoa
    • Egile-zinema
    • Giallo-a
    • Gore-a
    • Suspentsea
    • Zientzia-fikzioa

    Meta

    • Hasi saioa
    • Sarreren RSSa
    • Iruzkinen RSSa
    • WordPress.org

    ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA