Hasiera »
Mikel Garcia Idiakez
Gizarte gaiak jorratzen ditut batik bat eta arreta berezia eskaintzen diet hezkuntza eta osasunari. Zinemak ere izango du tarterik txoko honetan.
@mikelgi Twitterren
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
Artxiboak
- Maiatza 2013
- Apirila 2013
- Martxoa 2013
- Otsaila 2013
- Urtarrila 2013
- Abendua 2012
- Urria 2012
- Iraila 2012
- Uztaila 2012
- Ekaina 2012
- Maiatza 2012
- Apirila 2012
- Martxoa 2012
- Otsaila 2012
- Urtarrila 2012
- Abendua 2011
- Azaroa 2011
- Urria 2011
- Iraila 2011
- Abuztua 2011
- Uztaila 2011
- Ekaina 2011
- Maiatza 2011
- Apirila 2011
- Martxoa 2011
- Urtarrila 2011
- Abendua 2010
- Azaroa 2010
- Urria 2010
- Iraila 2010
- Abuztua 2010
- Ekaina 2010
- Maiatza 2010
- Apirila 2010
- Martxoa 2010
- Otsaila 2010
- Urtarrila 2010
- Abendua 2009
- Azaroa 2009
- Urria 2009
- Iraila 2009
- Abuztua 2009
- Uztaila 2009
- Ekaina 2009
- Maiatza 2009
- Apirila 2009
- Martxoa 2009
- Otsaila 2009
- Urtarrila 2009
- Azaroa 2008
- Urria 2008
- Iraila 2008
- Ekaina 2008
- Maiatza 2008
- Apirila 2008
- Martxoa 2008
- Otsaila 2008
- Iraila 2007
- Maiatza 2007


Pilotarien gainkargak eta beste hainbat zalantza
2012-05-03 // Kirola // Iruzkinik ez
Merino, Titin, Laskurain eta Xala, Binakako Txapelketako txapeldun eta txapeldunordeak / irekia.euskadi.net
Buruz buruko pilota txapelketa hasi berritan, pasa den igandean Titinek eta Merinok (bikain jokatuta, dena esate aldera) irabazitako Binakako txapelketari buruzko lauzpabost galdera:
1) Normala al da partiduetan pilotariek jasaten dituzten gainkarga eta lesioekin (bat baino gehiago ikusi ditugu txapelketa honetan) hain laxo jokatzea? Alegia, mina duenak (edo norgehiagokaren gogortasunagatik xehe-xehe egina dagoenak) nahi bestetan eta nahi adina denbora aldageletara erretiratzeak nola eragiten dio partiduari? Enpresen Ligako arautegiak ez du gainkargen afera aipatzen, baina Aspeko Komunikazio arduradun Ibon Arakistainek argitu didanez, “larrialdi medikoa denean, pilotaria aldageletara/erietxera sartu daiteke nahi beste alditan. Hori bai, aldageletara/erietxera sartzen diren bakoitzean epailea ere haiekin joaten da eta berak erabaki dezake pilotariak emandako arrazoia balekoa den ala ez”. Maltzurra izan da nire hurrengo galdera: plantak eginez edo leher eginda dagoelako atseden pixka bat hartzeko beharrez, pilotaria aukera horretaz baliatzeko arriskurik ez al dago? “Gaur arte, ez da egon pikareskarik eta sartu diren denak osasun arazoengatik sartu dira”, arrapostua. (gehiago…)
Irakaskuntza pribaturantz
2012-04-17 // Hezkuntza // 4 iruzkin
Protesta Altsasuko Lanbide Heziketako Institutuan.
Sistema publikoa ahultzea da pribatizazioaren ardatzetako bat. Zerbitzu publikoaren lan-baldintzak kaskartzen dituzunean, nahikoa inbertitzen ez duzunean, baliabideak murriztu eta kudeaketa txarra egiten denean… muzin egiten diozu kalitate ona mantentzeari. Sistema publikoarekiko irudi txarra zabaltzen duzu, eta are gehiago, jendeari sinestarazten diozu zerbitzu publikoak ez direla eskubidea, pribilegioa baizik, testuinguru ekonomikoak baldintzatuta. Hezkuntzarekin ari da gertatzen (eta laster izango dugu Osasun arloko murrizketa neurrien berri). (gehiago…)
Don Vito eta akolitoak
2012-04-03 // Zinema // Iruzkinik ez
Marlon Brando eta Al Pacino, Vito eta Michael Corleone aita-semeak fikzioan.
Martxoaren 15ean 40 urte egin zituen Francis Ford Coppolaren The Godfather apartak, aitzakia ezin hobea mafia italoamerikarra –botere borroka, ustelkeria, familia, mendekua, negozioa– gai duen filma berrikusteko. Azken finean, ezaguna zaigu istorioa: pelikula irekitzen duen ezkontzaren eszena luze eta gogoangarrian nola, ospakizun alaian eman ditugu egunak, eta alboko gela ilunean, don Vito eta akolitoak aritu dira azpijokoan, lokatzetan eroso. Sotilagoak dira egungoak, ez dituzte zaldi buruak uzten ohean, ez dute etsaia sokaz itotzen; nahiago dituzte neurrira sortutako legeak, mehatxuak eta txeke zuriak. Garaiotako Corleonek ez du Marlon Brandoren ahots urratuarekin hitz egiten, ahapeka adosten ditu eskupekoak, eta jokoa baino, adreilua, errauste plantak, hirigintza, espekulazioa ditu negozio-iturri. Haatik, familia zutabe garrantzitsua da oraindik, esleipenak eta goi-karguak banatzeko garaian.
Ikusi ditugu gurean funts-desbideratzeak –lapurretak, hizkera jatorrean–, irregulartasunak museo eta erakunde publikoetan, golf zelai eta lursailen salerosketa zalantzagarriak, epaile eta agintarien prebarikazioak, opari festak. Baina The Godfather-ko mafiosoen dotorezia eta estiloa falta zaie, gaurkoek trakets jokatzen dute, egun argiz eta lotsagabe. Fikziozko mafiak bere alde du klasiko bihurtu den Nino Rotaren musika-banda zirraragarria, ikuslea harrapatzeko gai den tentsio dramatikoa, Coppolak erabilitako plano berritzaileak, pelikula guztia zipriztintzen duen giro beltza, Marlon Brando eta Al Pacinoren interpretazio bikainak, buruan iltzatuta geratzen diren esaldiz osatutako gidoia… “Aitak edozein gizon boteretsuren antzera jokatzen du, senatari edo presidente baten antzera”. “Ez izan inozoa, Michael, senatariek eta presidenteek ez dute jendea hiltzen”. Isilunea. “Zein da hemen inozoa?”. Inozoenak gu, ospakizun alaia betiko izango zela sinesteagatik.
Ikasleei etxeko lanak bidaltzearen aurka daude gurasoak
2012-03-27 // Hezkuntza // 12 iruzkin
Ikasleei etxeko lanak bidaltzea kaltegarria izan daitekeela uste du Alfie Kohn irakasleak.
Hamabost egunez, eskolatik bidalitako etxeko lanei muzin egitera, grebara deitu berri du Frantziako Estatuko guraso elkarte handienak, Ikasleen Gurasoen Kontseilu Federazioak (FCPE), eta blog bat sortu dute horren inguruan. Haurrei etxeko lanak bidaltzearen onura ez duela inork frogatu eta etxean laguntza jaso dezaketen eta jaso ez dezaketen haurren arteko ezberdintasuna handitzen duela argudiatu dute. Frantzian, 1956tik zirkular batek debekatu egiten du lehen hezkuntzako ikasleei idatziz egin beharreko etxeko lanak bidaltzea, baina askotan ez da betetzen. Alfie Kohn irakasleak argi du, etxeko lanak ez dira beharrezkoak eta gainera ez dira onak; hala azaldu du The homework myth (Etxeko lanen mitoa) liburuan. (gehiago…)
Lagun ez hain minak
2012-03-14 // Zinema // Iruzkinik ez
"Lagun mina" film laburraren kartela eta fotograma.
“Noizbait Euskal Herrira bazoaz, aterpea duzu nire etxean”, esango dio Ekaitzek oporretako bidaia batean ezagutu berri duen Roman kolonbiarrari. Itsumustuan eta asko pentsatu gabe esaten diren esamolde horietakoa da, baina batzuek hitzez hitz sinesten dituzte halakoak, edo sinetsi egin nahi dituzte. Azken finean, gure behar eta nahietara egokitu ohi dugu errealitatea, eta bakarrik dagoenak laguna nahi du. Errealitatea, ordea, ez da beti gure behar eta nahietara egokitzen, eta lagun berria duela uste duena kolpera konturatu daiteke bakarrik jarraitzen duela. (gehiago…)
Geopolitika eta anti-industria Oscarretan
2012-02-20 // Uncategorized // Iruzkinik ez
"A separation" film iraniarraren irudia.
Hollywoodeko ordezkari aske eta garbiek [barreak] erabaki dute dagoeneko nortzuk merezi dituzten igandean banatuko diren Oscarrak. Baina Film Onenaren eta Ingelesez Ez Den Film Onenaren sariak faborito direnek irabazten badituzte, kuriosoa izango da. (gehiago…)
Ia 2.800 etxe huts eta erabilgarri Donostian
2012-02-14 // Gizartea // Iruzkinik ez
Kepasakonlakasa plataformaren irudia.
Gipuzkoako hiriburuan hutsik eta aprobetxagarri dauden etxebizitzak 2.783 direla kontuan hartuta, jendea bizitzen jartzeko irtenbide erraza eskaintzen duten 500 etxebizitza ingururen zerrenda osatua (PDFa gaztelaniaz) aurkeztu dute gaur goizean Kepasakonlakasa plataformako kideek. Bankuari etxea ordaindu ezin diotelako kale gorrian geratzen den jende kopurua geroz eta ugariagoa den garaiotan, agerikoa da kontrastea. Azken finean, etxetik kaleratutakoen kasu partikularrak laguntzeaz gain, sakonagoa behar du aldaketak: etxebizitza politikan bada zer egina. (gehiago…)
Hezkuntza erreformaz hitz (itsusi) bi
2012-02-01 // Hezkuntza // Iruzkinik ez
Hezkuntza sistema, alderdi politikoen menpe.
Rajoyren Gobernuak, boterera iritsi eta berehala erabaki du hezkuntza ereduan eskua sartzea. Lege berria atera baino, errazagoa (eta azkarragoa) da erreformak egitea, eta hala bideratu du, di-da batean. Nahiz eta zalaparta gehien sortu duena Heziketa Zibiko eta Konstituzionala delako ikasgai berria izan (Herritartasunerako Hezkuntza ikasgaiagatik ordezkatu dute, balio ideologiko batzuk bestetzuengatik, azken finean), ez da gehiegi eztabaidatu beste aldaketaren inguruan: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari (DBH) urtebete jan eta hiru urtera luzatu dira Batxilergoa eta Lanbide Heziketa. (gehiago…)
Begirada berri bat egunero
2012-01-16 // Argazkia // Iruzkinik ez
Abuztuaren 31n Gonzalo Izak ateratako argazkia, "Udako ekaitza".
Fotografia digitalaren aroan, argazki galeria eder askoak aurki ditzakegu Interneten. Flickr bezalako ekimenek benetako artelanak biltzen dituzte, eta erakusleiho aproposa dira kamerarekin atzemandako irudiak zintzilikatzeko. Flickr-en argazki ugari ditu bilduak Gonzalo Iza 27 urteko zumarragarrak, horietako hainbat Una foto por día (Argazki bat eguneko) bere blogetik arrantzatuak. 187.000 bisita baino gehiago izan dituen webgune hau 2011n zehar osatu du Izak, egunero foto bat igoaz. Bilduma erakargarria biribildu du, paisaiak, erretratuak, animaliak, jana (arau eta sekretu propioak ditu janari-argazkilaritzak), egunerokoan ikusitako detaileak eta inguruko txokoak dotorezia handiarekin irudikatuz. (gehiago…)
‘The Artist’, irribarre mutua
2011-12-16 // Zinema // Iruzkinik ez
The Artist filmeko protagonistak.
Ezustekoa eman du aurten, sariz sari dabil eta dagoeneko eskalada geldiezina hasia du Oscarren bidean. Donostiako Zinemaldian ere, Publikoaren Saria irabazi zuen, gauza ederra lortu baitu The Artist filmak: kritikak goraipatzea eta ikusleek maitatzea. 1927an dago kokatua, zinema mutuaren azkenetan, eta ahosdun zeluloidera egokitzen jakin ez duen aktorearen gainbehera du ardatz, sasoi batean izandako ospearen itzaletan. Pelikula arriskatua egin du Hazanaviciusek, zuri-beltzean errodatua eta mutua, baina ahotsa ez da faltan botatzen pelikulan eta ikusleak gozatu egiten du pertsonaien elkarrizketa, oihu eta xuxurla entzunezinez; keinuak eta begiradak gauza dira beren kabuz asko transmititzeko –bi aktore protagonisten lan onari esker, hein batean–. (gehiago…)