Hasiera »
Lander Arbelaitz
Donostia, 1985. Argiako kazetaria eta webguneko erredaktore burua. Blog honetan hiru gai hartuko ditut ardatz: Estaturik gabeko herriak, politika eta Internet. Ongi etorri.
@larbelaitz Twitterren
Atalak
- Aktibismoa sarean
- Aosta Harana
- AskeGunea
- AskeGunea Ondarroa
- Attawapiskat
- Australiako jatorrizko herriak
- Azawad
- Borroka teknikak
- Bretainia
- Desobedientzia zibila
- Eskozia
- Eskozian idatzitakoak
- Estaturik gabeko nazioak
- Euskal Herria
- Galizia
- Gatazka armatuak
- Hegoafrika
- Hegoafrikatik idatzitakoak
- Herrialde Katalanak
- Historia
- Irlanda Iparraldea
- Irlanda iparraldean idatzitakoak
- Jatorrizko herriak
- Kanadako indigenak
- Kortsika
- Kurdistan
- Liburuak
- Maia herria
- Memoria
- Mendebaldeko Sahara
- Palestina
- Sardinia
- Sare sozialak
- Tirol
- Txetxenia
- Uncategorized
- Veneto
- Wallmapu
- Wikipedia
- Zientzia eta teknologia


Gaztelaniazko eta ingelesezko Wikipedietan ekarpenak egitea ez dago hain erraz
2011-09-28 // Wikipedia // 2 iruzkin
Wikipedia Internet osoko proiekturik harrigarrienetakoa iruditu izan zait betidanik, edonork ekarpenak egin ditzakeen makro hiztegi/proiektu ia utopikoa, ehunka hizkuntzatan dagoena gainera. Dagoeneko sortua ez balego eta norbaitek hori sortu nahi duela esango balit, ziurrenik ezinezkoa dela erantzungo nioke.
Nire ekarpentxoak egin izan ditut, gehienbat euskarazko bertsioan, baina baita gaztelaniazkoan eta ingelesezkoan ere, gehienbat Euskal Herriari buruz. Hala ere, nazkatuta nago azken bi hizkuntza handi hauetako zenbait administratzailek duten jarrera prepotentearekin, eta ea jendeak antzeko arazoak izan dituen, eta zer egin duten jakin nahi nuke. (gehiago…)
Katalanak bazterrean utzita, Twitter beste bost hizkuntzatan prest da
2011-09-16 // Uncategorized // Iruzkin bat
Sutan jarri zuten Twitter atzo arratsean kataluniarrek. Haserre zeuden, Twitter enpresarekin gainera.
Suminaren arrazoia: enpresa amerikarrak bere blogean jakinarazi zuen bere zerbitzuak beste bost hizkuntzatan prest direla: Txinera sinplean, txinera tradizionalean, hindieran, filipineran eta malayeran. (gehiago…)
Hasi da kanpaina: Twitter euskaraz
2011-02-23 // Uncategorized // 12 iruzkin
Berriz ere hartu digute aurre katalanek. Eta eskerrak horri. Kostako litzaiguke bestela trena ateratzear, baina oraindik geltokian dagoela konturatzea. Twitterri buruz ari naiz, baina orokortu liteke eta hitz egin katalanek teknologia berriekin egin duten apostuaren seriotasunaz. Atzetik goaz, baina beti pentsatu izan dut ona dela gidari onari jarraitzea. (gehiago…)
Kantuak itzuli eta sareratzen hasiko bagina zer?
2011-01-25 // Aktibismoa sarean // Iruzkinik ez
El Paíseko artikulu batetik Youtubeko kanal kriminal batera heldu nintzen. Honela zioen kazetariak:
Youtubeko bi kanal ez ditu epaile batek egunero aipatzen, eta horregatik, zeozer potoloa behar zuen bertan! Propaganda! (gehiago…)
Leteren ondarea teknologia berrietan
2010-12-05 // Uncategorized // 2 iruzkin
Xabier Lete hil zen atzo arratsean, baina sarean abeslariari buruzko errerentzia asko topa daiteke, Facebook eta Twitterretik hasi, Youtubetik pasa eta Spotifyra heldu arte. Hona bilduma bat ondare gisa gera dadin.
Facebook
Xabier Lete 1991ko kantaldi batean (Arg: Badok.info Joxek aterea)
Heriotzaren albistea jakin bezain pronto sortu zuen norbaitek abeslariaren zaletuak bilduko dituen orria. Bestalde, erabiltzaileen profiletan Leteri errererentzia egiten dioten mezuak zabaldu dira.
Twitter
Egun osoan zehar animo mezuak idatzi zituzten euskal twitariek, eta heriotzaren berri jakin zenean, mezua minutu gutxitan errebotatu zuten erabiltzaileek. Ondoren bere kantuen letrak ta dolumin mezuak gailendu ziren. Gaur goizean ere, mezu askotan egiten zaio erreferentzia abeslari eta poeta oiartzuarrari. (gehiago…)
Wikipedia, guk ere erabil dezakegun arma potente hori
2010-11-09 // Euskal Herria // 8 iruzkin
Wikipedia, entziklopedia askea baliatzea herritarren ardura politikoa da nolabait esateko
Internetek eskura jarri digu mundu globalizatu honetan geure ahots propioa izateko aukera. Eta mundu ikuskeran monopolioa lortu nahian dabiltzan kultura handiei itzalik egingo ez diegula jakin arren, gure errealitatea historian geuk idazteko, sareak berak emandako baliabideak ongi erabiltzea ezinbesteko zaigu kultura txikiagooi.
Bide ezberdinak daude horretarako, baina lan kopuruari eta emaitzen ikusgarritasunari erreparatuta, Wikipedia helburu estrategikoa dela esatera ausartuko nintzateke –ez naiz hau dioen lehenengoa, beraz, argi utzi nahi dut ez nabilela profetarena egin nahian–. Salbuespenak salbuespen, kanpotik laguntza gutxi izango dugu gure errealitatea garbi azalduta uzteko. Lekukotasun hori egiteko, beraz, herri bezala era aktiboan parte hartzea beharrezko zaigu. (gehiago…)
Euskal komunitatea Interneten indartzeko zenbait irizpide
2010-09-29 // Zientzia eta teknologia // 2 iruzkin
Vicent Partal artxiboko argazki batean
Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Euskal edukiak eremu globalean jardunaldietan hartu ditudan oharrak dira ondorengo lerroetan topatuko dituzunak. Vicent Partal, vilaweb.cat agerkari digitaleko sortzaile eta zuzendariak eman duen hitzaldikoak dira denak. Ez da lehen aldiz pertsonaia inspiragarri hau gure artean duguna, besteak beste, ARGIAk antolatutako hitzaldi batean izan zen kataluniarrek .cat nola lortu zuten azaltzen. Euskaldunoi kemen eta argia ematen saiatzen da beti bere hitzaldietan. Bere azalpenak etorkizun teknologikoaren ildoak nahiko garbi ikusten dituen pertsona batenak dira, inondik ere. Hau da, kataluniarren esperientziatik abiatuta, nondik jo klabe batzuk ematen dizkigu, mundu globalizatu honetan zerbait izan nahi dugun euskaldunoi. (gehiago…)
Euskal spam-aren erasoa
2010-08-03 // Uncategorized // Iruzkin bat
SPAMaren euskal mapa
Euskal Herrian ere norbaitek sortzen ditu gure posta zerbitzuak saturatzen dituzten spam edo mezu maltzurrak. Hori ikus daiteke Google-ek zabor mezuak nondik sortzen diren erakusten duen mapan. Gorriz markatzen ditu puntu beroak. AEB, Europa, Asia ekialdea, Australia… eta Euskal Herria!
(gehiago…)
Mari Boine artista samia Donostian bihar
2010-07-20 // Uncategorized // Iruzkinik ez
Mari Boine, artista samia
Mari Boine artista samirik ezagun eta errespetatuena da. Samiak Norvegia, Suedia, Finlandia eta Errusia iparraldean bizi diren indigenak dira, eta diskriminazio garai zaharrak atzean utzi badituzte ere, nahikoa lan badute euren hizkuntzari eusten (egun, datu zehatzik ez bada ere, 100.000 pertsona inguruk dakite samiera). Mari Boine beren kantu tradizionalak jazz eta rockarekin nahastu zituen lehen artista izan zen, oso militantea euren kulturarekin. 1994ko Olinpiar Jokoen inaugurazio ekitaldian parte hartzeko gonbidatu zuten, baina uko egin zion, Norvegiak mundu osoaren aurrean gutxiengoak errespetatuko balitu bezala egin nahi zuela salatuz.
(gehiago…)
Hegoafrika: Amaiera (eta XXV)
2010-07-15 // Hegoafrikatik idatzitakoak // Iruzkinik ez
Durban, uztailaren 15ean.
Aireportura noa. Horrenbestez hainbeste bizipen eta gogoetagai izan den herrialdea bere bidea egiten utziko dugu. Horregatik, post honekin amaiera eman nahi nioke bidaiari. Irakurleak zerbait berria ikasteko parada izan badu, asko poztuko nintzateke; hori izan da behintzat nire intentzioa.
Eskerrik asko irakurtzeaz gain, iruzkinak egin dituzuen guztioi. Plazer bat izan da banaka-banaka, denak irakurtzea.
Ongi izan eta beste bat arte.
Lander Arbelaitz
Hegoafrika: Zuluen lurraldean barrena (XXIV)
2010-07-15 // Hegoafrikatik idatzitakoak // Iruzkinik ez
Gora eta behera ibili naiz egun osoan. Literalki. Valley of Thousand Hills-en izan naiz, hau da, Mila Malden Bailaran. Kostako Durban hiri modernotik ordubete baino gutxixeagora, taxi elkarbanatuak konbinatuz iritsi naiz barnealdeko herri honetara. Ingurugiro zoragarrian, alde batera eta bestera erortzen diren penditzetan etxeak eraikiz osatutako herria da. Zuluak dira bertako biztanleak eta teknologia berriak hona ere iritsi diren arren, beren bizitzak ez du inolako zerikusirik hirian bizi den hegoafrikarrarenarekin.
Umezalea berez, emakume batek bere etxea (gela) haurtzaindegi nola bihurtu duen ikusteko parada izan dut. Gurasoek haurrak goizeko 6etatik ekartzen dizkiote, eta askotan arratsaldeko 8ak arte izaten ditu bertan. Argazki batzuk atera ostean, haur-kanta zuluak abestuz agurtu naute.
Herriko sendagile naturistarekin izan naiz ondoren. Kono formako teilatudun etxe biribila hau ere. Barnera sartu eta espiritu garbiaren erakusle, txanpon bat utzi behar da lurrean dagoen katiluan. Belar jakin batzuekin egindako suak gela nabarmen girotu eta keztatzen du. (gehiago…)
Hegoafrika: Soweton barrena diaporama (XXIII)
2010-07-14 // Hegoafrikatik idatzitakoak // Iruzkinik ez
Batetik, azkenean hartu dut Soweton bildutako materialarekin diaporama egiteko tartea. Helburua, Sowetoz hainbeste hitz egiten entzun duen horri, mentalki irudikatzen laguntzea da.
Bestetik, aste honetan publikatu da paperean “Bakearen Irribarrea” erreportajea, webgunetik bertatik irakur dezakezue, edo bestela, PDFa irekitzeko aukera ere bada.
Hegoafrika: ‘Thank you South Africa’ (XXII)
2010-07-13 // Hegoafrikatik idatzitakoak // Iruzkinik ez
Eskerrik asko Hegoafrika. Hala zioten kale-argiak iluminatzeko zintzilikatutako Sowetan egunkariaren lehen orriek. Herrialdearen sentimendu orokortua (hala esan badaiteke) ongi islatzen du titularrak.
Atzo orratz bat sartzen ez zen pantaila erraldoiaren inguruan sortutako negozio eremuan, gaur inor ez. Tartean hilabete pasa balitz bezala aurkitu dut hondartza. Neguak ere gogorragoa zirudien gaur. Haizeari norbaitek esan dio munduko kopa amaitu dela.
Agertoki erraldoiaren eskeletoa haizetan, ehundaka iragarkirekin babestuta egon diren egiturak larruazalik gabe. Berdin sarrera, tabernak, jolas guneak, ingurua zaintzen zuten hesiak eta hanburgesak erosteko txiringitoak. Denak biluzik. (gehiago…)
Hegoafrika: Hegoafrikarren finala diaporama (XXI)
2010-07-12 // Hegoafrikatik idatzitakoak // Iruzkinik ez
Hainbeste denbora honen zain, eta azkenea amaitu zaie Munduko Kopa hegoafrikarrei. Astelehenean berriz ere ikasleak eskolara itzuliko dira (sei asteko oporrak izan dituzte Munduko Kopagatik) eta langileak lantegietara. Munduko Kopa hau amets bat bezala izan da, eta horren lekuko gaur gauean finala ikusten bildu garen milaka pertsonak.
Espainia edo Herbehereak, zaleek beren hautuak eginak zituzten eta talde hauek animatzen eman dituzte partidak iraun dituen 120 minutuak. Zein baino zein mozorro bitxiagoekin (hori bai, vuvuzelak ez dira faltatu) agur esan diote mundu osoko hainbeste txokotatik milaka pertsona ekarri dituen txapelketari. Gaur gaua, baina, berezia izan da, eta hori islatzen saiatu naiz diaporama honetan. Hegoafrikarrentzat, kopa eurek altxatu izan balute izan da.
Hegoafrika: Suak sortutako kea (XIX)
2010-07-11 // Hegoafrikatik idatzitakoak // Iruzkinik ez
Keamogetswe Mothapo “Kea”-k 21 urte ditu eta Pretoria kanpoaldean dagoen Mabopane auzunean bizi dira anaia eta biak, aitonarekin. Ama orain hamar urte hil zitzaien eta aita beste auzune batean bizi da. Pronostiko guztien aurka, Kea ingeniaritza informatikoa ikasten ari da. Durbanera bi aste pasatzera etorria da, lehengusuaren etxera.
Ordenagailu bat erosteko dirurik ez eta hogei urteko aldea ateratzen dion lehengusuak bat oparitu zion. Hor ireki zitzaion informatikaren leihoa. Kontatu didanez, ikasketetan ongi aritu eta unibertsitatean hirugarren urtea amaitzen ari den arren, familian zenbaitek ez dute oraindik begi onez ikusten neska bat unibertsitatean ibiltzea. Bere eginbeharra familia osatu eta seme-alabak heztea da. Kea ordea burugogorra da eta entzungor egin die hitz gaiztoei. (gehiago…)
Hegoafrika: Johannesburgo eta Pretoriako argazkiak (XVIII)
2010-07-10 // Hegoafrikatik idatzitakoak // Iruzkinik ez
Atzo autobusa hartu eta kostan dagoen Durban hirira etorri nintzen. Autobusean denbora hartu nuen argazkiak aukeratu eta bai Johannesburgo eta Pretoriako argazki batzuk txukuntzeko. Hemen daukazue ikusgai. Sowetoko diaporama bat egingo dut tarte bat hartzen dudanean, ikus dezazuen argazkitan zeri buruz hitz egiten dudan.
Hegoafrika: Benetako arazoak (XVII)
2010-07-09 // Hegoafrikatik idatzitakoak // Iruzkinik ez
Judua da Malcolm Yselon eta Johannesburgon bizi da. Bere aiton amonak Letoniatik etorri ziren. Malcolmek eta bere beste lau anai-arrebek apartheid garairako oso hezkuntza aurrerakoia jaso zuten, etxean beltzak eta zuriak maila bereko pertsonak direla erakutsi baitzieten. Apartheid garaian herrialdeko kolektibo judua oso aurrerakoia izan zen eta gehienbat apartheidaren aurka zegoen Progressive Party-ko legebiltzarkide bakarra bozkatzen zuten: Helen Suzman.
Malcolm jaioberria zenean emakume beltz batek zaintzen zuen. Askotan ibiltzen zen hemen hain ohikoa den oihal batekin bilduta emakumearen bizkarrean alde batetik bestera. Emazte honen semea zuen bere lagunik onenetakoa, adin berekoak baitziren. Familia beltz batek adoptatutako haur zuria zela pentsatzen zuen askotan jendeak. Umetatik arrazismoaren aurkako balioak zeharo barneratu zituen. (gehiago…)
Hegoafrika: Roelf Meyer: “Hegoafrikako gure lezioak ongi balio dizuela uste dut” (XVI)
2010-07-08 // Hegoafrikatik idatzitakoak // Iruzkinik ez
Roelf Meyer abokatuarekin izan naiz gaur goizean. Pertsona atsegina eta interesgarria. Apartheid gobernuaren negoziatzailea izan zen eta ondoren Mandelaren gobernuko kidea. Egun, nazioarteko zenbait gatazkatan dabil bitartekari gisa, Euskal Herrian barne. Elkarrizketa osoa aste batzuk barru publikatuko dugu, hemen aurrerapen bat.
Zein helbururekin sartu zinen politikan?
Herrialdea aldatzeko nire ekarpena egin nahi nuen. 1979an Legebiltzarrerako lehen aldiz hautatu nindutenean, pozik nengoen alde batetik, 31 urte nituelako eta hor nengoelako; baina bestetik nire baitarako esaten nuen: “Hau ez da erreala, hemen ez dugu herrialde osoa ordezkatzen”. (gehiago…)
Hegoafrika: Garai zaharrak oroituz (XV)
2010-07-07 // Hegoafrikatik idatzitakoak // Iruzkinik ez
Apartheid garaiko banderak zintzilik, tiroak, barrikadak, atxiloketak, exekuzioak, kartel politikoak, oihuak, borroka kantuak… gaur goizean apartheid aroa nolakoa izan zen nolabait bizitzeko parada izan dut. Apartheidaren Museoan izan naiz, Johannesburg hiriko turisten patata berorik nagusienetakoan. Sarrera 50 Rand, hau da, 5 euro. Goizeko 9:30erako barruan nintzen, eta erakusketan aurrera patxadaz nindoala, amaiera aldera heldu naizenean, gose nintzela ohartu naiz. Erlojuari begiratua bota eta arratsaldeko 15:30ak!
Museoaren lehen parteak bikain kokatzen du testuingurua. Lurralde hauetara gizon zuria heldu zenetik, 1614an, 1948an apartheida formalki ezarri zen arte. Labur azaltzeko, bertako natiboekin zenbait guda izan zituzten arren, armamentuan zuten aldea faktore garrantzitsua izan zen lur hauek hartzeko. Behin herrialdean, zurien bi komunitate nagusi: afrikanerrak eta britainiarrak. Afrikanerrak Herbehereetatik, Frantzia eta Alemaniatik etorritakoen ondorengoak dira, gehienbat nekazariak. Herrialdeko aberastasunak kontrolatu nahian, diamanteak eta urrea, Anglo-Boer Guda izan zuten. Britainiarrek irabazi zuten guda mingarria. 27.000 emakume eta haur afrikaner kontzentrazio eremuetan sartu zituzten britainiarrek eta bertan hil ziren gehienak. Afrikanerrak benetan umiliatu eta mindu zituen historiako kapitulua da hori. Beren kulturaz harro, honi eusteko modu bakarra, komunitateak aparte mantentzea zela erabaki zuten. Zurien artean gehiengoa ziren, eta 1948an hauteskundeak irabazi zituzten. Beren asmo nazionalistak aurrera eramateko parada jarri zitzaien lehen aldiz. Horratx apartheida. (gehiago…)
Hegoafrika: Mac Maharaj: “Borroka armatua uztea mugimendu taktikoa izan zen beste aldeak negoziazioak serio har zitzan” (XIV)
2010-07-06 // Hegoafrikatik idatzitakoak // Iruzkinik ez
Gaurkoa bezalako egunetan, pribilegiatua naizela pentsatzen dut kazetaria naizelako. Lanbide hau hautatu ez banu, ez nukeen sekula “Mac” Maharaj (ahoskatu “Majaratx”) bezalako pertsona batekin mintzatzeko aukera izango. Hegoafrikako apartheidaren aurkako borrokaz hura lehen eskutik bizitu zuen ANCko kide historiko batekin lasai mintzatzea ez da egunero egin daitekeen zerbait. Maharaj meatzarien herrixka txiro batekoa da, borroka politikoan gaztetan hasi zen, 60 egunez torturatu zuten, arrautza azalekin zainak moztuta bere buruaz beste egiten saiatu zen, Robben Uharteko kartzelan 12 urte egin zituen Mandela eta konpainiarekin, apartheidaren gobernuarekin negoziatu zuen taldeko kidea eta ANC alderdiko ideologoetako bat izan da. Egun gobernuarentzat egiten du lan bere 75 urteekin.
Pretoriara joan naiz, Johannesburgotik ordu bete baino gehixeago autoz. Pretoriak bi milioitik gora biztanle ditu eta herrialdeak hiru hiriburu formal baditu ere, Pretorian dago gobernua hartzen duen Union Buildings eraikin erraldoia. Eraikinak herrialdean izandako agintari zurien handi-nahiak ekartzen ditu gogora, bere belardi eta zuhaixka dotoreekin. Atal ezberdinak ditu eraikinak, Presidency-ra joan behar izan dut nik. (gehiago…)
Hegoafrika: Soweton bueltaka (XIII)
2010-07-04 // Uncategorized // Iruzkinik ez
Egun osoa pasa nuen atzo Soweton, herrialde honek askatasunaren bidean egindako borrokaren ikono den auzunean. SOuth WEst TOwnship-en laburdura da, Hego Mendebaleko Auzunea.
Johannesburgotik 15 kilometrora, hirira etortzen diren turisten gehiengoa harrapatzen du auzunearen dei umilak. Hori noski badakite bertakoek, eta autoan edo bizikletan, historia eta morboa nahasten dituzten tourrak egin ditzake hona heldutako bisitariak.
Soweto ez da gehienok buruan dugun auzunea. Milioi bat biztanle inguruko auzunea, lur eremuz oso oso zabala da eta ezin da inondik ere oinez bisitatu. Batetik, BMW, Mercedes eta gama altuko autoak nagusi dituen parteak daude, bestetik, urik eta elektrizitaterik gabeko erakin luze grisak (hostel izenez bataiatuak) eta azkenik, txapaz egindako etxolak ere badaude. Metalezko pospolo-kaxak. (gehiago…)
Hegoafrika: Carlin: “Zortez aldatu egingo da Europak Hegoafrikaz duen pertzepzioa” (XII)
2010-07-02 // Hegoafrikatik idatzitakoak // Iruzkinik ez
John Carlinekin hitz egiteko aukera izan dut gaur goizean. Herrialdeaz artikuluak idatzi eta idatzi ari dela esan dit, Europako, Brasileko eta Hegoafrikako egunkarientzat. Hegoafrikara lehen aldiz 1989an etorri zen kazetari korrespontsal gisa. Kazetari eta idazle honek urteak egin ditu bertan eta herrialdea oso ongi ezagutzen du. El Factor Humano (ingelesez Playing the Enemy) liburua kaleratu zuen Hegoafrikan 1995ean jokatutako Munduko Errugbi Txapelketak herrialdearen berradiskidetzean jokatu zuen papera azalduz. Liburu bikain honetan oinarrituta egin zuen Clint Eastwood zinema zuzendariak Invictus filma. Herriadlearen analisia egin dugu. Hemen zenbait puntu. (gehiago…)
Hegoafrika: Currin: “Ezker abertzalearen gidaritza alde militarretik alde politikora pasa da” (XI)
2010-07-01 // Hegoafrikatik idatzitakoak // Iruzkinik ez
Johannesburgoko bere bulegoan hartu nau Brian Currin abokatu eta nazioarteko “bakegileak”. 11. solairutik hiriaren ikuspegi ederra du, Sandtom auzoan. Hegoafrikako egungo egoerari eta Euskal Herriari buruz mintzatu gara. Hemen berarekin egindako elkarrizketatik zenbait pasarte.
Kontzientzientzia politikoaz
“Abokatu ikasketak amaitzean, Pretoriara joan nintzen lan praktikak egitera: apartheidaren hiriburua. Konpainia komertzial batean ari nintzen abokatu lanean. Smangaliso Mkhatshwa apaiz beltz aktibista atxilotu zuen poliziak, eta Eliza asistentzia legal bila hurbildu zitzaigunean, aukerarik merkeena nintzenez, niri eman zidaten kasua. Nire bizitza aldatu zuen erabaki horrek. Hegoafrikako politika ulertzen orduan hasi nintzen”. (gehiago…)
Hegoafrika: Johannesburgo eta segurtasuna (X)
2010-06-29 // Uncategorized // Iruzkinik ez
Ilargi beteak argitu dizkit Cape Town eta Johannesburgo arteko 1.300 kilometroak. Hasiera batean mendi batzuk gurutzatu baditugu ere, gehienbat paisaia laua eta lehorra da. Area eta zuhaixkak. Horrela kilometroak eta kilometroak. Azkenean, 21 ordu autobusean egin ostean, Johannesburgoko geltokira heldu naiz eguerdi partean. Inurriak bezala jendea. Ez dut hiria ikusteko aukera handirik izan, neguko egun labur eta hotzak bizi baititugu hego hemisferioan. 6etan gautu du.
Orain arte ikusitakoarekin, argi honek ez duela zerikusirik azken astean ezagututako lekuekin. Ez Europako hiri izan litekeen Cape Town turistikoarekin, ezta Khayelitsha auzune lagunkoiarekin ere.
Ahal dudan guztietan taxia hartzeko aholkatu didate informazio bulegoan. Melville auzoan hartu dut ostatu, hirigunetik kanpo dagoen auzo erosoan. Etxe adosatuak dira guztiak, bakoitza bere hesi sendoarekin. (gehiago…)
Hegoafrika: ‘Agur, Khayelitsha’ diaporama (IX)
2010-06-28 // Hegoafrika, Hegoafrikatik idatzitakoak // Iruzkinik ez
Bihar goizean alde egingo dut hain ongi hartu nauen Khayelitshatik. Gaur egun osoa bertako lagun batekin eman dut. Ingurua erakutsi dit bertako historia kontatu didan bitartean. Idatzi beharrean, diaporama bat prestatu dut. Atera ditzala erabiltzaileak atera beharreko ondorioak auzune honi buruz behin diaporama ikusita. (gehiago…)
Hegoafrika: Khayelitsha, auzune arriskutsu hori (VIII)
2010-06-26 // Hegoafrikatik idatzitakoak // Iruzkinik ez
Orain arteko hiru gauak Cape Town erdialdeko ostatu batean egin ditut. Khayelithsara nindoala erantzun diot sarrerako emakumeari, kortesiaz nora nindoan galdetu didanean. Ez zuen halakorik espero. “Khayelithsara zertara zoaz baina? Kontuz ibili”, atera zaio barrutik. Khayelithsa Cape Town kanpoaldean dagoen auzunea da, ingelesez township. Orain sei urte, ostatua ireki zuten negozio ikuspegia zuten bi kidek, eguneroko ogia irabazteaz gain, turismoa auzunera erakarri eta bertako ekonomiari bultzadatxo bat eman asmoz. eKasie du izena ostatuak eta bertatik ari naiz, Ghana eta AEBen arteko partida telebistan dagoen bitartean.
Eguerdi partean atera naiz motxilak enborraren alde banatan, Cape Town erdialdera. Kale berean, 100 metro beherago zeozer gertatu da. Ikaragarrizko jendetzak espaloia blokeatu du eta zenbait polizia auto ere hurbildu dira. 100 bat pertsona, mugikorrak eskuetan, denda baten kanpoan. Ikusmina AEBetako presidente ohiak sortu du. Bill Clinton Hegoafrikan dabil eta Afrikako oroigarriak saltzen dituzten denda batera sartu da. (gehiago…)
Hegoafrika: Cape Towngo argazkiak (VII)
2010-06-26 // Hegoafrikatik idatzitakoak // Iruzkinik ez
Zintzilikatu ditut sarean orain arte ateratako argazki batzuk. Arazo teknikoak eta tartean dauden milaka kilometroak medio, ezin izan ditut Argiako multimedia kanalean fundamentuz jarri. Lotura honetan klik egin argazkiak ikusteko.
Hegoafrika: “Hegoafrikarra naiz beltza baino lehen” (V)
2010-06-25 // Hegoafrikatik idatzitakoak // Iruzkinik ez
Lizwi Mashalabarekin Cape Towngoa da eta biok kale kantoi batean egin dugu topo. Itsu batek gitarra era harrigarrian nola jotzen zuen begira geundela hasi gara solasean. Hitzez hitz transkibatuko dut kalean izan dudan elkarrizketa.
Zer iritzi duzu Munduko Kopaz?
Esperientzia berria da. Mundu osoko jendeari ostatu ematea, hegoafrikarrontzat errekorra da. Afrikan egiten da lehen aldiz munduko kopa, gure herrialdean, eta benetan harro nago. Berdin du gure taldea kanporatu egin badute ere, Munduko Kopa hartze hutsa plazera da guretzat.
16 urte dira demokrazia ezarri zenutela. Nola dago gauza egun?
Ongi. Herritarrak gehiago batzea lortu behar dugu. Nire bizipenetatik hitz egingo dizut. Beltza, zuria, edo nahi duzuna baino lehenago dago, nire ustez, hegoafrikar izatea. Ea noizbait lortzen dugun hegoafrikarrok kolorearen kontu hori alde batera uztea. Hemengo musikari zuri batek kazetariei esan zien berak ez zuela bizitza zuri gisa bizitzen, hegoafrikar gisa baizik. Erabat ados nago berarekin. Ni harro nago hegoafrikar izateaz eta nik uste posible dela herrialdea batzea, ikusi bestela bikote hau [momentu horretan bikote gazte bat pasa da elkarri eutsita, bata beltza eta bestea zuria]. Herrialdea eraikitzen ari gara. Ikusten duzu, beraz, kolorearen kontua alde batera utzi eta Hegoafrikak AEB edo Europako zenbait herrialdek bezain ongi egin ditzake gauzak. Gure herrialdea herrialderik onena izan liteke. Jada onena da, baina kolorearen kontu hau baztertzea lortu behar dugu.
Hegoafrika: Burbuila zuria eta orratza beltza (IV)
2010-06-25 // Hegoafrikatik idatzitakoak // Iruzkinik ez
Jay eta Sascha hegoafrikar petok dira. Euren familiak herrialdean aspalditik errotuta, harro esaten dute hegoafrikarrak direla. Jay eta Sascha zuriak dira gehiengo handia beltza den herrialdean.
Eskuzabaltasun osoz, ezertaz ezagutzen ez duten kazetari europarra etxera gonbidatu dute afaltzera. Senar-emazteen etxean egin genuen bart afaria, Cape Town kanpoaldean dagoen Observatory auzo lasai eta dotorean. Kolore biziz dekoratutako etxearen alde banatan autoarentzat aparkalekua batean, eta bestean, belardi txikia dute. Finn izeneko seme ilehoria izan zuten orain bi urte eta orain arreba ekarri nahi diote. Familia zoriontsua dirudite.
Herrialde honetako zuriek (biztanleen %9’6) gainontzeko beltz (%79), mestizo (%8’9) eta asiarrekin (%2’5) nahi zutena egin zuten ia ia, kontinente beltzaren mutur honetan asentatzen hasi zirenetik, kopuru handitan orain 200 urte inguru. Zapalkuntza hori 1948an erabat formalizatu zen eta arrazismo legalak 1994. urtera arte iraun zuen. Erraz esaten da, baina 46 urtez bizitu egin behar da horrela, izan beltz edo izan zuri. (gehiago…)
Hegoafrika: Dantza zuluak eta house musika (III)
2010-06-24 // Uncategorized // Iruzkinik ez
Batzuetan gertatzen dira horrelakoak kazetaritzan, eta datozen bezala hartu behar dira: Asyen gaztea ez da 11:00etan zitara agertu. Iritziz aldatuko zuen.
Gauzak horrela, Cape Towngo udaletxea ikustera joan naiz. Momentu historikoak modan daudenez, historiara pasa zen momentua bizitu zuten bertan 1991. urtean, Mandela kartzelatik atera eta bertan milaka pertsonari zuzendu zitzaienean.
Mandelak, 27 urte kartzelan egin ostean, udaletxeko leihotik herritarrak borrokan jarraitzeko animatu zituen, baita euren helburuak lortu arte borroka armatuarekin jarraitzeko ere. Helburua beltz eta zurien askatasuna zuen. (gehiago…)