Kimetz Arana Butroe
Periferietan; Euskaldunak gara inguru erdaldunean. Euskal Herriaren baitan berriz artxipelagoaren urruneko irla txikia da gurea. Langile artean nekazari eta orkestraren ondoan kaleko musikari. Beti gutxiengoan baina elkarturik gehiengo gara gure herrietan. Baratza eta ardiak, hango eta hemengo jendeak, orain eta lehengoak. Mundua gure herritik eta nire egunerokotik kontatzen saiatuko naiz, nire begietatik: Meatzaldea far west.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Iñaki(e)k Abertzale herrizale bidalketan
- Iruñerritarra naiz(e)k CARRASCOLIENDAS: hirietan identitate kolektiboa sortzeak duen garrantziaz. bidalketan
- Endika Cuesta(e)k Euskara ala ez gara. bidalketan
- Josema(e)k Muskizeko gazte lokala martxan! bidalketan
- karana(e)k Periferiatik bidalketan
Artxiboak
- 2019(e)ko apirila
- 2018(e)ko uztaila
- 2017(e)ko apirila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
Marokoko ikaspenak: Behia, esnea eta txokolatea.
Atalak: kultura, Sailkatugabeak
“Bizia behiaren modukoa da batzutan esnea ematen du, bestetan berriz txokolatea eta batetik zein bestetik ikasten da bizian” esan zigun Marwanek Atlas mendietako esaera zaharra gogoratuz. Marokon izan gara azken bi asteotan, musika tresnak soinean, batetik besterako bidean. Badira bi urte, lagun Marokoarrak ezagutu eta tarteka elkarrekin musikan aritzen garena. Noiz edo noiz elkarrekin afaldu eta solasean, elkar ezagutzan, eztabaidan, ideia trukean gabiltzana.
Ez dago gauzak egiteko modu bakarrik, ez modu zuzen edo okerrik, norberaren egoera, inguru eta etorritik sortzen baitugu geure arazo eta beharrei erantzuteko bakoitzaren moldea. Horrela geure barneko nor horren eraikuntzan, zuhaitzak sustraia bezala, garrantzi handia hartzen du gure herriak, lagunarteak, bizipenak, tribuak, paisaiak eta inguruak. Horregatik joan gara Marokora, gure lagunen herrian egon, lagun berriak topatu eta haien ikuskera ezagutzera, azken finean gure marokoko lagunak gehiago ezagutzera.
Hartu dugu kotxea eta irten gara hegoalderantz. Abuztuak 1, autobidea gainezka, kotxeak ezker eskuin, Madril igarota gasolina-zerbitzugune guztiak beteta, autoak lepo kargatuta fuera borda bezala, amama zaharra lurrean lotan, haurrak jolasean, te pitxarrak airean. Belgika, Frantzia, Alemania, Herbehereetatik badoaz marokiarrak pilaka “al pueblo”, “au bled” urtean ikusi ez duten senide eta lagunei bisitan. Algeciraseko portuko aparkaleku amaigabeetan, egun oso bat eman dugu zain eguzki galdatan eta pasatu gara azkenik Tangerrera.
Sartu gara Marokon eta Euskal Herriko bide txikien praktikaz berehala egokitu gara bertako gidatzeko modura. Argi luzeak sakatu aurreratzeko, astoz doan laguna inguratu, rotondan ez gelditu, maniobra arrarorik ez egin eta beti aurrera segitu.
Maroko hegoalderako bidean, lagun berriekin topatuz, hasi gara solasaldi luzeetan. Hitz egin dugu erlijioaz eta galdetu digute ia kristauak garen. Erantzun diegu gure ohitura eta balore asko pentsamendu kristautik datozela baina gu geu ez garela kristauak. Esan diegu hemen sinestarazi digutela norbera dela jainko, harreman kolektibo sendoen faltan, norbere buruaren gailentzean eta ondasun materialen pilaketan oinarritzen dela gurean jainkotasuna.
Erakutsi digute adinekoak errespetuz agurtzen eta galdetu digute heriotzaz eta zaharren zainketaz. Esan diegu ezkutatu egiten direla biak gurean, etxetik urruneko ospitaleko gelan hiltzen baitira normalean gure adineko senideak, gure begietatik urrun. Gaztaroa ordea gurtu egiten dela gurean eta beraz normalean zaharrek ez dutela gizarteko ardatz diren guneetan tokirik.
Aritu gara musikan eta ikusi dugu nola musika bertako jendearen baitan bizi den. Esparru akademikotik kanpo, jolasean, eginez, joz, probatuz, kantatuz uneoro. Ez dago lotsa edo mugarik, ez dago ondo eginik edo txarto jorik, musikari izan ala ez jende guztiak gure tresnekin aritu nahi zuen eta guztiak aritu gara. Azaldu dira bibolinjole, gaitero, gitarrista, txirulari eta mota guztietako perkusio joleak.
Topatu dugu Ahmed eta kontatu digu nola Fisika ikasketak amaitu eta bizibiderik ezean Europara emigratzea pentsatu zuen. Nola lagun talde batekin Libiara iritsi zen eta hilabete luzez bertan ezkutuan eman ondoren pateraz pasatu ziren Italiara. Azaldu zigun nola jendez lepo, berekin batera irtendako lau txalupatatik bi soilik iritsi ziren Lanpedusara. Nola Italiaratzea lortu arren paperik gabe izan zen, eta zenbatetan atxilotu zuten. Bertan etxerik gabe ibili zela, kalean, eraikin edo lantegi hutsetan bizitzen eta lanik ezin topaturik Frantziara abiatu zela. Baina Frantses poliziek bitan harrapatu zutela eta bitan itzuli zutela Italiara. Azkenik nola urte bete eta erdiren ostean Euskal Herrira iritsi zen. Ahmedek azaldu zigun zein txarto pasatu zuen, zenbat etsipen, ezintasun eta beldur eta ez diola inori opa berak bizitako moduko bidaiarik. Baina hala ere harritu gintuen bere tokatutakoa onartzeko jarrera eta gogortasunetatik eta estutasunetik ikasitakoa azpimarratzeko .
Ibili gara basamortuan eta Atlaseko mendietan. Ikusi dugu Mohammed erregearen erretratu handia kaleetan eta estatuarentzat existitu ere egiten ez diren mendiko nomaden txaboletan. Mintzatu zaizkigu ondo eta txarto monarkiaz eta batzuk zein besteak entzun ditugu. Hitz egin dugu berbereekin Amazigh herriaz, haien hizkuntzaz eta berau garatu eta transmititzeko arazoetaz. Galdetu digute euskarari eta euskaldunei buruz eta azaldu diegu geurea. Ezagutu ditugu ere arabiarrak eta hitz egin digute afrika iparraldeko arabiar kulturaz, musika, kantu eta hitz eta sorkuntzaz.
Hartu dugu iparralderako bidea eta ekin dugu etxerantz. Berriz aduanak, koloretako poliziak, eskanerrak, destornilladoreak, kotxea usaintzen duten txakurrak… Beti pentsatu izan dut guztiok berdinak garela. Gure gizartearen guztia etiketatu behar horretan ez lukeela garrantzirik ze itxura, ze ofizio, ze jatorri dugun, eta bai ordea nor garen. Guztiok ordea ez gara berdinak bizi garen munduan etxean bezala tratatu gaituzten bertako lagunak ezin baitira askatasunez gure etxera etorri. Itsasoa tarteko Afrika eta Europa, elkar ikusi baina hain hurbil eta hain urrun. Behiak bai baina gutxi topatu ditugu marokon, bai ordea esnea eta txokolatea, zerua eta lurra, zoriontasuna eta laztasuna. Bada garaia guk ere geure plastikozko munduan ikas dezagun, azaleko gauzak baztertu eta sakonekoei gehiago erreparatu diezaiogun. Beldurrik ez, esnea eta txokolatea, bietatik ikasten da bizian.