Algara, edo ez gara
    Hasiera » Kultura » Zinea sustatzeko eredu arrakastatsua Tolosan
    urt31 0

    Zinea sustatzeko eredu arrakastatsua Tolosan

    Atalak: Kultura, Soziolinguistika, Zinema

    Joan den igande arratsaldeko zazpi eta erdietan Tolosako Leidor zinemara sartzeko ilara egin beharra zegoen. 500 bat lagun sartu ginen “Los miserables” filma ikustera. Bertan geundenontzat ezer berezirik ez, astea joan eta astea etorri Tolosan errepikatzen den irudia baita: ilarak zinemara sartzeko.

    Fenomeno honen atzean Tolosako Zine-Forumeko jende zinemazale eta ausarta dugu. Orduan, Tolosan, beste hainbat herritan bezala, filmak ikustera aretoetara inguratzeko joera gainbehera zetorren. Kopuruak alarmagarriak ziren. Ez zen harritzekoa izaten, film onak ikustera joan eta aretoa ia hutsik aurkitzea.

    Egoera irauli nahian Zine-Forumekoek sistema berritzaile bat proposatu zioten Leidor Zinemaren jabea den eta berau kudeatzen duen eta programazioa erabakitzen duen Udalari: bono-sistema bat jartzea martxan. Herritarrek 11-13 film ikusteko aukera dute (horietatik 4-5 Zine-Forumekoak), 12-13 € inguruko bonoak erosita. Film bakoitza behin ikus daiteke. Bonoak, ziklo batera mugatzen dira, baina, ez dira pertsonalak. Era honetan, fideltasuna saritu eta ohiturak sortu nahi dira.

    Azken bono barruko programazioa

    Azken bono barruko programazioa

    Sistema honi esker, gaur egun, zinemara joatea tolosar eta inguruko zinemazale askoren ohiko jarduera bihurtu da, oso prezio eskuragarrietan. Eta, azkenean, errentagarritasunean ere irabazi egin da, askoz ere jende gehiago doala zinemara eta inork gutxik ikusten dituelako bonoko film guztiak.

    Gainera, sistema honen bidez euskal zinema (euskaraz eginikoa eta euskarara bikoiztutakoa edo azpititulatutakoa) askoz ere hobeto programatu eta ikustarazi da. Duela aste batzuk Gorka Bereziartuak “Segregazio linguistikoa liburu dendako erakusleihoan” salatzen zuen astekari honetako bere blogean. Tolosako esperientzia, hain zuzen ere, kontrako joeraren adibidea da: euskarazko zinemari posizionamendu egokia emateak, emaitza onak ematen dituela frogatzen duen esperientzia. Hori bai, horrelako esperientzia bat bideragarria izan dadin bi baldintza bete behar dira: kudeaketa publikoa izatea eta talde zinezale dinamiko bat egotea.

    Eman ditzagun datu batzuk, adibide modura.

    Abenduaren 30ean (igandea) “Chef” filma euskaraz bikoiztuta eskaini zen arratsaldeko 7,30etan (284 ikusle) eta gaueko 10,30etan (76 ikusle). Urteberri egunean berriz arratsaldeko 7,30etan gaztelaniaz bikoiztuta (178 lagun).

    2012an ikusle gehien bildu zuen saioa “Lo imposible” filma izan zen. Igande arratsalde batez 826 ikusle bildu zituen. Baina ikusle gehien bildu dituzten 20 saioen artean 4 euskaraz eskainitako filmei dagozkie: 2 haur zinekoak (Vicky bikingoa eta Olentzero eta Iratxoen erregea), By pass, eta Sua.

    Bestalde, jatorrizko bertsioan eman diren filmen artean, 10 ikusienen artean euskarazko 6 film daude. Hona 10en datuak: Olentzero eta Iratxoen erregea (1.018),  Bypass (842), Gartxot (649), Sua (500), Baztan (451) edo Pura Vida –euskaraz azpititulatuta- (444). Beste 4ak hauek dira: Blancanieves (897), ¡Atraco! (505), Tadeo Jones (459) eta Todos tenemos un plan (446).

    Leidor zinema

    Leidor zinema

    Datu hauen arabera, garbi dago, euskarazko eskaintza osatuago batek ere (azpititulatuta nahiz bikoiztuta), harrera ona izango lukeela. Falta dena ez da publikoa, eskaintza baizik.

    Zinea sustatzeko, euskal filmak ikustarazteko, eta bide batez, herriko bizitza soziala suspertzeko bide emankorra ari da gertatzen Zine-Forumekoen bonoen formatoa. Zorionak!

    Iruzkina idatzi Erantzuna deuseztatu

    Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango.
    * Bete beharreko eremuak

    *

    *

    HTML etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

     

    Kike Amonarriz

    Blog honetan, nire bizitzaren ardatz nagusiak diren soziolinguistikaz, umoreaz eta hedabideez jardun nahi dut. Eta gai horiek eta nire eguneroko jardunak ekar ditzaketen bestelako kontuez.

    Kike Twitterren

    Jarraitu @KikeAmonarriz

    Tweets by @KikeAmonarriz

    Atalak

    • Hedabideak
    • Hezkuntza
    • Komikiak
    • Kultura
    • Nazioartea
    • Sailkatugabeak
    • Soziolinguistika
    • Txisteak
    • Umorea
    • Zinema

    Azken bidalketak

    • “Hizkuntza normalizazioa eta hedabideak: etorkizun hurbileko erronkak” Ikastaroa
    • Quebec: Hizkuntza Lege berriaren inguruko eztabaida sutsua
    • 8000 lagun katalanaren aldeko “Potonejada”n Perpinyàn
    • Hiru umore ttantta asteburua zipriztintzeko
    • Alsaziari buruzko oharrak, erreferendumaren aitzakian

    Iruzkin berriak

    • Kike --> Quebec: Hizkuntza Lege berriaren inguruko eztabaida sutsua
    • Olatz Olaso --> Quebec: Hizkuntza Lege berriaren inguruko eztabaida sutsua
    • Urko Azpiroz --> Quebec: Hizkuntza Lege berriaren inguruko eztabaida sutsua
    • ibhciupshuwen1 --> 2012ko Calvet Barometroa: euskara da munduko 51. hizkuntza
    • Kike --> Quebec: Hizkuntza Lege berriaren inguruko eztabaida sutsua

    Artxiboak

    • Maiatza 2013
    • Apirila 2013
    • Martxoa 2013
    • Otsaila 2013
    • Urtarrila 2013
    • Abendua 2012
    • Azaroa 2012

    Meta

    • Hasi saioa
    • Sarreren RSSa
    • Iruzkinen RSSa
    • WordPress.org

    ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA