Hasiera »
Julen Leuzaren bloga - Zenonen larraindantza
Julen Leuza
Folklorea eta musika, orokorrean. Soinutresnak jotzea, kantatzea eta dantzatzea gustoko dut, eta idaztea baino hobe egiten ditut gauza horiek, beraz blog hau nire errealitatearen isla txiki bat besterik ez da izango. Traizioa tradizio bihurtuko dugu. Iruñea.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Julen Leuza(e)k Arma politiko bat bidalketan
- Iñaki(e)k Arma politiko bat bidalketan
- Jon Torner(e)k Futbolari buruzko 4 kantu paregabe bidalketan
- Inaxio Esnaola(e)k A ze lotsa bidalketan
- Gu ta gutarrak, euskaratik eta euskaraz | Hitz eta Pitz(e)k A ze lotsa bidalketan
Artxiboak
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko martxoa
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko otsaila
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko otsaila
- 2012(e)ko abendua
Gora Iruñea!-k laguntza eskatu du txandak betetzeko Sanferminetan
2014-07-03 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Gora Iruñea! plataformak sare sozialeen bidez adiearazi berri du larri dabiltzala egun zehatz batzuetako txandak betetzeko, eta jendea ez lortzekotan Jaigunea istera behartutak egongo direla.
Jendea behar diren egunak uztailak 6, 12, 13 eta 14 dira. Helbide elektronikoa: txandak.gune@gmail.com
Sanferminak, Iruñeko Feriak gero eta hurbilago
2014-06-27 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Iruñeko dantzariak, prozesio ondoko dantza emanaldi batean Udal Plazan.
Hiri buruzagian iruindar petoak, jatorrak diren minoria horren barruan Sanferminen inguruko bi iritzi dira nagusi.
Bata, sanferminak kasposoak, kutreak, espainiarrak direla esatea. Alegia “Iruñeak dakirats” leloaren jarraitzaile amorratuen iritzia.
Bigarrena, ordea, positiboagoa, eta akaso errealistagoa dena: Iruñean faxistak gobernuan diren bitartean, jaiak iruindarrok gure egin behar ditugula pentsatzen dutenak.
Ez pentsa, lehenengo iritzia duten gehienak Iruñean geratzen baitira uztailean (Salou komandoa ez dut iruindar jatorren barnean sartu), baina hauek kexaka ibiliko dira beti Iruñeko udalean ezker abertzalea egon arte eta Gaztelu Plazan Los del Rio ordez Su Ta Gar entzun arte.
Berriki Juan Antonio Urbeltzek euskal festari buruzko hitzaldi bat eman zuen, eta Iruñea aipatzean argi utzi zuen: zuek zaudete hemen urte osoan. Udalak jaiak kanpotarrentzako egiten ditu, baina kalea zuena da, zuek baitzarete hemengoak. Zuek zarete kantaldietara joaten zaretenak, dantzaldi eta bazkari herrikoietara hurbiltzen zaretenak. Jaia zuena egin, eta horrela Iruñeko Jaiak izango dira. Ez zaio arrazoirik falta. Sanferminetako programa irakurri eta konturatu naiz ez naizela ekitaldi ofizialen herenetara ere gerturatzen, nahiz eta egun osoa kalean egon. Hori hala bada, jaiak guk egiten ditugulako da.
Aurten Gora Iruñea! plataformak bigarren aldiz lortu du Jai-Gune euskaldun bat jartzeko baimena. Bai, Arrotxapean, Iruñeko alde zaharretik kanpo, baina zer egingo diogu. Agian gobernu aldaketa etorriko da, eta udalak Jai-Gunea antolatzeko toki on bat utziko digu, orain arte Casa Regionalek edo salmenta postuek izan duten toki hori, nork daki. Berria pozgarria da. Dena den, komeni da festa kalean mantentzea, ferien xarma ez galtzea. Jai-Gunea bezalako tokiek masifikazio arriskua dute beti, eta horren harira, Gora Iruñea !k urteen baitan kaleko ekitaldiak antolatzeari jarraitzea espero dut. Espero dut ere gazteri iruidarrak ez ditzala herriko ostatuak eta karriketako giroa ahantzi.
Bitartean, borrokan jarraitu beharko dugu. Karrika gurea da, eta soilik guk dugu jai herrikoi eta euskaldun batzuk sortzeko aukera, udaletxean edonor egonda ere. Beste batzuk Bilboko txoznak hobeak direla esaten jarraituko duten bitartean, nik ahalegin guztiak egingo ditut hiri honetako jaiak hobetzeko, eta halere, lasai, abuztuan Bilbora joango gara.
Hona nire iritziz merezi duten zenbait ekitaldi: 6an 13:30etan Iruñerriko dantza talde guztien emanaldia Foruen Plazan. 10ean Atun-jana Zaldiko Maldikon (tiketak salgai Karrikirin). 13an txistularien alardea San Jose plazan, eta 13an ere Gora Iruñea!k antolatutako Dantza Eguna, kalejira, bazkari eta dantzaldiarekin. Egunero, 21:00tan, gaita eta txistu dantzaldia Gazteluko Plazan, eta segidan jauziak. Eta, giro euskaldun apartena Carmen kaleko Herriko Tabernan eta Zaldiko Maldikon aurkituko duzue gauean (komeni da Jarauta 69 txarangak ze egunetan jotzen duen jakitea ere).
Biba Iruñeko jaiak!
P.D: Zezenen eztabaida bukaezina hurrengorako utziko dugu…
Chirigotak: ikasteke dugun ikasgaia
2014-02-10 // Sailkatugabeak // 4 iruzkin
Bideoa pasa zidaten, eta ondoren sare sozialetan ikusi dut. Hasiera batean, estereotipo festa kutrea iruditu zitzaidan. Kritikatu daitezkeen hamaika detaile ikusi nituen ere, esaterako karlisten txapelak eramatearena. Gaur, ordea, osoa ikusteko parada hartu eta aho bete hortz gelditu naiz. Onerako geratu ere. Banekien chirigota askok (ez dakit denak izango diren) egungo arazo politiko eta sozialak kritikatzen zituztela, baina zinez diot ez nekiela hainbesterako zenik. Bideo honekin konturatu naiz Cadizeko jendeak chirigota aldakarrikapen sendoak egiteko arma duela, eta aparteko argitasun eta graziaz erabiltzen duela. Arazo larriak umore finarekin salatzea Goya sarietan lau gauza esatea baino gogorragoa izan daiteke, eta ziurrenez boteretsuei amorru handiagoa sortaraziko die. 26. minutuan, akaberatik gertu, popurriaren amaiera Ikurriñari eskainiko diotela esan eta hurrengoa kantatzen dute:
Que nadie tenga miedo al ver mi bandera,
bandera de una tierra que tiene esperanza.
Bandera que no mata, bandera que no sobra,
que aquí las que dan miedo y son más peligrosas
son las que van luciendo gaviotas y rosas.
Honek hunkitu nau, eta hau idaztera animatu. Bideoa modu batez hasi eta modu guztiz ezberdinaz amaitu. Tortillari buelta emanda, gainera, esango nuke estereotipo guztiak haien buruaz barre egiteko erabili dituztela, guk andaluziako jendeaz ditugun estereotipo guztien harira.
Etor daitezela euskal intelektualak bideoa larrutzera, ni beste guztiarekin geratu bainaiz. Hemen ez dugu horrelako aukerarik, horrelako plaza irekirik, eta akaso, beste formatu batean bada ere, bilatzen hasi beharko genuke. Lortuta ere, gutxik izanen zuten cadiztarrek duten adorea gauza asko esateko tenorean.
Halere kritikatzekoa da antzezle guztiak gizonezkoak izatearena, emakumeak lorontzi moduan erabiltze horrrek pena handia eman dit. Agian hor ere hemen ditugun eztabaida eta liskarrak dituzte, eta hala bada, emakumeek chirigotetan merezi duten lekua lortzea espero dut bihotzez.
Besterik gabe, hona agurra, duela zenbait urte Palestinari buruz egin zen honekin.
Biba chirigotak!
Iraungipen-datadun musika
2013-11-12 // Sailkatugabeak // 3 iruzkin
“Kantu hauek bi urte dituzte jadanik, zaharrak dira gaur egun jartzeko”. Hori entzun nuen parranda batean diska bat jarri nuenean. Bi urte! Zer egingo dut orduan Led Zeppelin, The Beatles edo Benito Lertxundiren diska zaharrekin? Erritual sataniko batean erre beharko ditut…
Baina kontua serioagoa da tamalez. Baieztapen apokaliptikoa dirudien arren, edozein garaitan arrakasta handiena izan duen musika ez da inoiz oraingoa bezain azalekoa, eduki gutxikoa izan. Musika elektroniko faltsua, Estatu Batuetako haur miraridunak, reggaeton matxista… Denak bere azalpena dauka. Multinazional handiek badakite ez dela urrezko garai haietan saltzen zen diska kopuru erraldoi hori berriro errepikatuko argitalpen berrien salmentan. YouTuberen garaian gaude, eta badakite arrakastarako bidea sarean bideoklip erakargarri bat ipintzea dela, bai eta Payolaren bidez irratian haien interesdun musika mota mantentzea. Kasu irratiaren fenomenoarekin, dirudiena baino arriskutsuagoa baita (irratian egunero entzuten dut=gustatzen zait). Akaso jendea irratian agertzen den eta haien gustukoa den musika gauza bera izatea kasualitate hutsaren fruitu ez dela konturatzean iraultza gertatuko da musikaren munduan, baina hori ez dugu ikusiko.
“Jendeari ez zaio nahi duena ematen, hori gezurra da. Jendeari boteretsuei sistema mantentzeko egokia iruditzen zaiena jartzen zaio, eta gero soilik haiek nahi dutena hori dela sartu behar zaie buruan” (W. Toledo)
Hirugarren fenomenoa: gazteak, haurrak. Egia da aurrekariak ditugula (Britney Spears izan daiteke bat), baina gaur egungo haur kopurua zoro bilakatzeko modukoa da: Hannah Montana (eta ez Miley Cyrus, argi ukan), Taylor Swift, Demi Lovato, Jonas Brothers, Selena Gomez…eta nola ez, Justin Bieber. Disney Channel/MTV mundutik agertu dira gehienak, eta ondoren multinazionalek fitxatu dituzte. Bieberren kasua ezberdina da: gazte apal bat sarean bideo batzuekin ezagutza lortu ostean, bat-batean munduko kantaririk ospetsuena bilakatu zen. Horra hor, milioika pertsonek oraindik sinisten duen Amerikar Ametsa (honen hamaika aurrekari ditugu ere). Guraso maiteak, zuen seme-alabak ergelak ez izatea nahi baduzue kendu Disney Channel telebistatik, mesedez, hemezortzi urte inguru dituztenean eskertuko dizuete gainera.
Eta formula guzti hau gutxi ez balitz ere, azkeneko puntua geratzen zaigu: musika iraungikorra izatea. Gaur egun diskek ez dute kantuek, singleek duten arrakasta bera, publikoak gauza gehiegi baititu buruan diska osoak entzuteko, beraz kantak banaka aterako ditugu (beti ere, ez ahantzi, YouTuben espainiar film batek balio duena baino gehiago kostatzen duen bideokliparekin). Epea berdina da normalean: urte bat askoz jota. Urte bat pasa eta gero, kantua ez zaio inori interesatuko. Multinazionaletan lanean dauden musikari fin, profesional eta mertzenarioek badakite hori musika eta letren eduki eskasaren ondorioa dela, baina musika eta letra landuagoa balitz ez luke mugitzen dituen milioika dolarrak mugituko, eta beraz, denontzat okerrago. Jendeak, konturatu gabe, garai batean bere kanturik gustukoenak izan direnak ahazten ditu, banan-banan, bata beste berri batengatik aldiro ordezkatuz (kantu desagertuen zerrenda amaigabean adibide garbi ditugu hau, hau, edo jadanik hau).
Amaitzeko, kantu sinple, erraz eta arrakastatsuak eraikitzeko formula dibertigarri bat erakusten digun bideo hau (mutil honen gainontzeko bideoak ikustea gomendatzen dizuet ere). Nik, bitartean, urteak eta hamarkadak irauten duen musika entzuten jarraituko dut…
En Vivo 2013 (II) by Beñat Lopez
2013-09-16 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Bigarren egun honetan ere nahiko berandu joan ginen, eta aurrekoan aipatutako autobus zerbitzuak ez zuen gehiegi lagundu. Reincidentesen amaierara heldu ginen, Vicio izan zen entzun genuen kanta bakarra. Pena handia hartu genuen, lehenago joateko intentzioa baikenuen. 40 minutu kostatu zitzaigun ETBren atzekaldetik kontzertu eremuetara heltzea. Aurreikuspen falta gure aldetik, antolakuntza falta haiengandik.
Reincidentes galduta, hobe genuen beranduago joatea, ordubete, zehatzago. Rulo & la Contrabanda urrunetik ikusi genuen, izan ere, bagenekien gutxi gora behera zer nolako musika zen. La Fugako abeslari ohia da Rulo. Talde pop-rockeroa. Hamaikatan esan zuen Rulo delakoak “Viva el Rocanrol!” baina hori pop hutsa zen. Nesken ahotsak entzuten ziren bereziki publikoan, La Fuga-ren kanta mitikoak eskatzen. Fitoren itzala luzea zen; antzeko proiektua eta antzeko emaitza. Rock-etik pop-era pasa den abeslaria, musikari hobeak kontratatuz. Endiosatu xamarra ikusi genuen tipoa, eszenatokiaren maisua, nahiz eta guk bagenekien eszenatokiko musikari kaxkarrena bera zela. Frontman-aren aktitudearekin nazkatuta, SA-ren soinu froga ikustea nahiago izan genuen.
Hasieratik txunditu gintuen SA-k. Soinu frogatik, hain zuzen ere. Pipak ere onak dituen talde batekin zer espero daiteke? Palomas y Buitres kantarekin hasi ziren. Horren ondotik Ratas, Cuando nada vale nada, Piedra contra tijera (Euskal kulturaren alde, Urquijo gobernu ordezkariaren aurka), Pauso bat, eta, beti bezala, amaitzeko, Nos Vimos en Berlín. Soinu brutala, saltoak, indarra, oihuak … argi itsugarriek lagunduta. Bateria berria daukate aurten arabarrek. Julenek noizbait esan duen moduan: “Oso ondo dago lagunekin talde bat egitea, baina mertzenario bat kontratatzea kolpe guztiak asmatu eta huts egin gabe jotzeko ez dago batere gaizki!”. Jakin izan dudanez, Alfred Berengena da bateriajole berria, bonbo bikoitzaren teknikan aditua omen dena. Lezio bikaina eman zuen Bilbon. Eguneko talderik hoberena, dudarik gabe.
El Drogas-en txanda zen bigarren eszenatokian, estalitakoan. Klasikoetan oinarritu zen banda Txarrenarekin, Iruñerriko talderik gorrotatuena, Barricada eta Koma hil omen dituen taldea. (Gure) Barrio conflictivo, Balas Blancas, Todos Mirando, Pétalos (La Tierra está Sorda diskakoa, gerrate zibileko 13 Larrosen omenez), Víctima… Barricadarekin jotzen zituen kantak, beste talde batekin (hori da hori aldaketa!). Txarrenaren Todos los gatos eta Azulejo frio bakarrik jo zituzten, baina kontzertu berezia izan zen, izan ere, Drogasen urtebetetzea zen, eta zorionak zuri kantatu zioten. Bikain aritu ziren iruindarrak. Ez dakit Barricadaren edo Drogasen alde kokatu haien bereizketan, baina bitxia iruditzen zait talde bat uztea talde horren kantak egiten jarraitzeko. Norberak atera ditzala bere ondorioak.
Talde nagusia hastear zegoen eszenatoki nagusian: The Offspring. Gutxi ezagutzen nuela uste nuen, baina 90. Hamarkadako kanta mitiko batzuk haienak zirela konturatu nintzen, entzun bezain laster. Antzekoak dira haien artean, baina bakoitzak badauka zerbait berezia: The Kids Aren’t alright, Original Prankster, Hit that, Why don’t you get a job; You’re gonna go far, Kid; eta, nola ez, Pretty fly. Aurregrabaturiko intro dexente erabili zituzten, eta orokorrean, diska baten modura entzuten zen. Ondo aritu baziren ere, soinu teknikariak ez zuen bere lana behar bezala egin, eta baxua eta ahotsa batzuetan bateriaren eta gitarraren atzean ezkutatuta geratzen ziren. Ez ziren SA-ren mailan egon, baina aurreko egunean ez bezala, ongi merezita izan ziren kartel buru.
Nostalgiaz beterik, Heavy-an sartu ninduen taldea ikustera joan ginen. Mägo de Oz-en txanda zen eszenatoki estalian. Lotsatuta sentitzen naiz bere garaian jarraitzaile sutsua izateagatik, gaurko perspektibatik ikusita. Afruxa xamarrak badira ere, musika nahiko entzungarria egiten dute, soinu zeltekin elkartuta. Abeslari berriak (Zeta) zaharra (Jose Andrea) patata frijituekin jaten du, eta Txus, bateriajolea eta taldearen sortzailea, lehen diskan bezain kaskarra da. Ezin zaie ukatu irudi estereotipikoa primeran zaintzen dutela: larru estu beltza, begi margotuak, zapiak buruan, eta dantza tontoak gitarrekin. Hala ere gustura egon ginen, Nicko McBrain (Iron Maiden-en bateria) bezala dantzan, kanta gehienak 6/8-an baitzeuden. On Kixoteren panpin puzgarri baten begiradapean jo zituzten Molinos de Viento, Xanadria, eta amaitzeko Fiesta Pagana mitikoa, beste gutxiren artean. Gutxi, zeren zazpi bat minutuko kantak eginik, ordubetean ez dute kanta asko jotzeko betarik. Ikusteko moduko kontzertua izan zen, nahiz eta taldea gehiegi ez gustatu.
Eta ikusi genuen azken taldea the Toy Dolls izan zen. Kasu handirik ez genien egin, gutxi ezagutzen baikenuen, baina ikusi genuena gustatu zitzaigun. Ganberro hutsak dira hiru ingelesak. Wipe Out kanta bertsionatu zuten gitarra bizkar atzetik eta hanka azpitik jotzen. Eta, noski, haien kantarik ezagunena jo zuten, publikoaren laguntzaz: Nelly the Elephant. Gustora egon ginen, emanaldi ona eman zuten, baina nekatuta geunden, beraz amaitutzat eman genuen jaialdia.
Balantzea oso ona izan zen. Kartel bikaina, emanaldi oso onak eta antolaketa zuzena, taberna zerbitzua pixka bat motz geratu bazen ere (bai eta autobusak, noski). Kontuan izanik Bilbon ez zela inoiz egin En Vivo jaialdia, eta azken momentuko erabakia izan zela, pentsatu nahi dugu datorren urterako hobetuko dutela. Eta hala bada, bertan egonen gara berriro ere!
En Vivo 2013 (I) by Beñat Lopez
2013-09-10 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Ezin izan nuen En Vivo musika jaialdira joan, kartelak itxura ederra zuen arren. Bai ordea, Beñat Lopez ( @beinatlpz ) adiskideak. Berak idatzi du jarraian doan artikulua, gustu handiz argitaratu dudana:
Bilbon ospatu zen aurtengo “En Vivo” musika jaialdia. Lehenbiziko aldia da, lehen Madrilen edota Bartzelonan egiten baitzen. Aurten hiru hiriburuetan egiteko asmoa bazuten ere, dirudienez euskaldunok musikazaleagoak gara, hemen erosi baitziren aldez aurreko sarrera gehienak. Hona ikusi genuenaren kronika. Igoera autobusen zerbitzua desastre hutsa zen. Jaialdia Kobetamendin ospatzen zen (BBK Live eta Kobetasonik ospatzen diren lekuan), eta bertara igotzeko dohako zerbitzua jarri zen. Hala ere, ez zen zerbitzu jarraia. Bat-batean 10 autobus heltzen ziren ETB atzeko ilarara, eta hurrengo 45 minututan ez zen autobusik iristen. Entzun genuenez BEC–etik (Barakaldo) irteten ziren autobusak are eskasagoak ziren.
Atzerapen hauengatik ez ginen nahi bezain goiz iritsi kontzertu eremura, eta Kaotikoren azken kanta baino ez genuen entzun (Otra Noche). Karpa azpiko bigarren eszenatokian giroa bero zegoen, zantzuen arabera, La Polla Records-en itzal luzean hazi den taldeak bete zuen haiengandik espero zena.
Lehenbiziko eszenatokira abiatu ginen, aire librean zegoena. Ereserki sobietarraren introa eta jarraian, Lendakaris Muertos Iruñeko taldea edo talde iruindarra oholtzara atera zen. Aitor, kantaria, Espainiar selekzioaren kamisetarekin. Publikoak bazekien zer esan nahi zuen horrek, eta GOOOL! oihupean hasi zen Gora España kantua. Horren ondotik ordu betez egurra eman zuten, diska berriko eta betiko kantak tartekatuz: DNI Vasco?Ez, eskerrik asko, Cómeme la franja de Gaza, Horroróscopo, Drogopropulsado, eta, nola ez, Oso panda. Animalitxo honekin zegoen apainduta teloia eta bateriaren bonboa. Kontzertu bikaina, azkarra, zuzena eta, beti bezala, ironiaz betea.
Hauen ondoren, Los Zigarros Valentziarrak zetozen. Ez genituen ezagutzen, beraz, belarretan eseri ginen, urrunetik entzuteko intentzioarekin, gerorako deskantsatzeko. AC/DCren antzeko gitarra riff dezente entzun genituen, gerora abesti propioak zirenak. Propioak, ez oso originalak. Dispárame izeneko kantu bat gogoratzen dut, zeinetan 50 bat aldiz esan zuen ditxosozko hitza. Ondoko batek erantzuna ahotik kendu zidan: “Dispara diezaiola norbaitek!”.
Berez, eguneko kartel burua zetorren ondoren. Within Temptation “heavy sinfoniko” estilokoa. Heavy-a baino beste edozer ematen zuen. Neska katxarro abeslaria aurrean, eta beste guztiak berbena orkestra gisa laguntzen. Gorgoritoka aritu zen ordu luze batez, gora eta behera, eszenatokiaren alde batetik bestera. One hit taldea zen guretzat, eta ezagutzen genuen kanta entzun bezain laster joan egin ginen, pseudo-heavy-gotikoetatik ihes, eta, bide batez, afaltzera.
Bigarren eszenatokira bueltatu ginen Banda Bassoti italiarrak ikustera. Hauek ere sobietar ereserkia jarri zuten intro moduan, eta jarraian ska, reggae eta punk erritmoak nahastu zituzten, erabat dantzagarria, abesgarria eta, batez ere, gozagarria izan zen kontzertuan. Nabarmenena La Pollaren bertsio bat izan zen, karpa osoak kantatu zuena: “Ellos dicen mierda”.
Eta karpa utzita, lehen eszenatokira bueltatu ginen, oraingoan benetako kartel burua ikustera. Berri Txarrak. Modu bikainean tartekatu zituzten kanta zahar eta berriak, Ikasten-ekin hasi ziren, Stereo mitikoa ondoren, eta azken diskako beste asko (Makuluak, Sugea suge, Albo Kalteak…). Oihu egin genuen Gorkarekin batera eta azken aldian bezala, Oreka kanta deformatu zuten, tartean Rise Against-en bat tartekatuz, eta estatuarena egiten minutu eta erdiz edo. Faxismoari kritika latza egin zion Gorka Urbizuk Maravillas jo aurretik, esanez jendea etxeetatik eta lanetatik botatzea ere faxismoa dela. Kontzertu bikaina eta indartsua. Ustezko kartel burua patata frijituekin jan zuten.
Shikari sound System zetorren ondoren. DJ mahai baten atzean ezkutatzen ziren hiru lagunek kriston bolumenarekin sekulako disko festa antolatu zuten. Gure ustez, lekuz kanpo, goizegi baitzen horrelako musikarentzat.
Celtas Cortos-en txanda zen eszenatoki nagusian. Rock eta keltiar musika maisuki elkartzen dituzte, eta jai giro bikaina antolatu zuten. The Pogues-en Fiesta mitikoa jada haien errepertorioan sartu dute, bertsio garbia eta alaia eginez. Polkak dantzatu genituen, salto egin genuen inguruko jendearekin, eta gogoz abestu bagenizkien gutxiak (Cuéntame un cuento ez zuten jo, lastima!).
Eta tributu taldeen garaia heldu zen. Kuriositate handia geneukan Guerrilla ikusteko, RATM-en tributu talde Sevillarra. Aurreikuspenak bete zituzten, dudarik gabe. Gitarrajolea Morelloren mailan zegoen, eta abeslariak berezkoak baino hobe egin zuen. Talde originala ikusten ari ginela zirudien: Testify-rekin hasi ziren, misilen aurkako alarmaren introa eta gero. Bombtrack, Sleep now in the fire, Freedom, Know your enemy, eta, nola ez, Killing in the Name. Guztiak bikain, soloak ia identikoak, edo erabat ezberdinak, estiloa mantenduz. Karpa osoa saltoka jarri zuten, oihuka, gorrotoa zainetan, makinaren aurka, sistemaren aurka. Oso goian jarri zuten listoia hurrengo talderako.
Programan, AC/DC-ren tributoa omen zen. Baina Nirvanarena sartu nahi izan ziguten. Bi talde horiek maila berean jartzea iraintzat hartuta, etxera joan ginen.
Aipatzekoa da ia talde guztiek (kanpotarrak, bereziki) “Eskerrik asko” esan zutela gehienetan, formula erdaldunaren ordez. Esan gabe doa, kronika hau nahiko subjektiboa da, gauza askotaz ez ginen enteratu, gainera, ez genuen kanta gehiegi ezagutzen, baina gure iritziz, eguneko onenak Berri Txarrak eta Guerrilla izan ziren. Okerrenak Los Zigarros eta Within Temptation. Informazio zehatzagoa lortzeko, beste ikuspuntu batetik eta gazteleraz, hemen.
Hellfest, day three: Hellmuga
2013-09-07 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Azken eguna. Esnatu eta aurreko egunekoaz hitz egiten pasa genuen goiza (hau ere, euri, hotz eta haize bolada arriskutsuekin). Idatzi nuen bezala, Korn taldeak eman zuen kontzertuarekin zoraturik bueltatu nintzen ohera ni, baina argi geratu zen gainontzekoentzat Kiss izan zela larunbateko jaun ta jabe. Bederen denok bat gentozen kontu batean: Anselmok eta Down taldeko lagunek emanaldi aparta eman zuten.
Berriro ere bazkal ostean joatea erabaki genuen. Batzuk Newsted taldea ikustera joan ziren (ex-Metallica den Jason Newsted baxujolearen talde berria). Nahiko mingotsa, haien ustez. Beste batzuk, ordea, beranduxeago joan ginen, egun horretan talde bat ikusteko irrikitan ginela eta: Gojira.
Ostiralean Berri Txarrak nafarrek jo zuten, baina ez ziren jaialdian egon zen Euskal Herriko talde bakarra izan. Askoren harridurarako, Gojira Baionako taldea da. 90. hamarkadan sortu zen, eta Death Metal tekniko aparta egiten dute. Mundu mailan gero eta ezagunagoak dira, eta gaur egun ohikoa da jaialdi erraldoietako Mainstageetan Gojira ikustea. Hori bai, ingeleraz abesten dute. Programan, ordea, “la formation basque” bezala aurkezten zituzten, baina publikoaren erantzuna ikusiz, argi geratu zen etxean jolasten zutela, hau da, gaur egungo Frantziako metal talderik internazionalena. Atera berri duten “L´Enfant Sauvage” diska aurkeztu eta ordu beteko kontzertu bizia eman zuten. Gitarjoleek ez bazuten punteorik egiten ere, taldearen teknika eta entsaio orduak agerian gelditu ziren. Kantek etengabeko erritmo aldaketak zituzten, eta aipatzekoa izan zen Mario Duplantier bateria-jotzaileak bonbo bikoitzarekin zuen azkartasun eta abilidadea (2012an metal musikako bateria-jotzailerik onena izendatu zuen metalsucks.org-ek). Musika mota hau entzuteko gai den ororentzat Gojira bezalako talde bat ikustea zoramena da. EH Zuzenean jailadian jo zuten iaz, ea hegoaldera hurbiltzen diren aurki ba.
Gojira ondoren, beste Mainstageean Symphony X talde estatubatuarraren txanda etorri zen. Izenarekin soilik jakin daiteke egiten duten musika mota (Metal Progesiboa, Power Metal). Teklatuekin egiten den metalari higuina diogunez beste eszenatokietan zer zegoen ikustera animatu ginen, non eta infernuan bukatu genuen. Temple eszenatokian lagunetako batentzat jaialdiko talde onenetariko bat izan zena aurkitu genuen, bai eta gainontzekoak oilo ipurdiz utzi gintuena: Dark Funeral suediarrak, Black Metal iluna egiten zuten antikristo batzuk edo. Black Metala entzuteko adorea izan behar da, egia da, baina onartu behar da bateria-jotzaile horiek beste mundu batetik etorri direla. 3-4 minutuz bonbo bikoitzarekin semifusak egiten egon daitezke, atseden hartu gabe eta erritmoa mantenduz. Bai eta besoekin egiten dutena ere, breaketan tom guztiak jotzen baitituzte bakoitzean 8 kolpe emanez. Krudela. Hori bai, ahotsak oihuz ari den katu baten eta Star Warseko areetako biztanleen arteko nahasketak izaten dira normalean.
Duela gutxi Metal Hammer aldizkarian irakurri nuen ordu horretan ere, Valley eszenatokian, Masters of Reality taldeak jo ezin izan zuenez larunbatean jo zuten Downekoak igo zirela oholtzara (haien proposamena bezala, parrandan jarraitzen baitzuten), eta lagunentzako kontzertu moduko bat eman zutela. Bertsioak egin zituzten batez ere, eta Panteraren Walk mitikoarekin bukatu omen zuten. Pena handia hor ez egotea, lastima!
Mainstageera itzuli ginen infernutik atera eta gero. Stone Sour yankiek jotzen zuten orain, batez ere Slipknot taldeko abeslari (Corey Taylor) eta gitarjolearen (James Root) beste taldea izateagatik ezagunak (haiek talde honetan Slipknoten baino lehen zeunden arren). Musika mota ezberdina egiten dute hauek; Heavy Metala zen, baina ez Slipknotek egiten duen muturreko metal pisutsua. Ahotsa melodikoa zen kanta guztietan (abeslariak hainbat estilotan kantatzeko gaitasuna zuen, Slipknoten egiten duena kontuan hartzen badugu). Pertsonalki asko gustatu zitzaidan, kantak ezagutzen ez nituen arren, eta Corey Taylor primerako frontmana iruditu zitzaidan, alaia, bizia eta publikoa animatzen zekiena. Aipatu behar da ere haien artean giro ona nabaritzen zela, eta hori ezinbestekoa da publikoa pozik mantentzeko.
Stone Sour amaitzean Lordi ezagunen ordua zetorren. Bai, Eurovisión bat irabazi zuten suediar mozorratu horiek. Gu, ordea, afaltzera joan ginen eta ez genituen ikusi. Itzuli ginenean Volveat jotzen hasiak ziren, Danimarkako Trash & Roll (hala jartzen zuen programan) taldea. Eta hala zirudien bai: Slayer eta Metallica bezalako taldeen Trash Metala Elvis edo Stray Catsen Rockabillyarekin nahasten zuten kantetan. Arrakasta handia hasi da lortzen talde hau, mundu mailan gainera, baina guri ez zitzaigun bereziki gustatu. Hori bai, soinua eta musikarien kalitatea jaialdiko onenetarikoa izan zen. Formazioan Anthrax taldeko gitarjolea izan zen Rob Caggiano sartu berria zeramatzaten, eta bertsio modura Slayeren Raining Blood, Judas Priesten Breaking the Law eta txalotua izan zen Johnny Cashen Ring of Fire eman zuten. Publikoa, orokorrean, oso gustora daniarrekin.
Amaitu aurretik, Valley eszenatokira gerturatu ginen. Bertan Estatu Batuetako Swank taldea zegoen. Talde hau 80ko hamarkadan sortu zen, 1992an utzi zuten eta 2010an oholtzetara bueltatu ziren. Musika esperimentala, muturreko rock psikodelikoa alegia, eta muturrekoa esaten dugunean The Beatlesen Lucy in the Sky with Diamonds edo Pink Floyden The Great Gig in the Sky kantak bigarren maila batean uzten dituela esan nahi dugu. Bolumena erraldoia zen, bi gitarra ultradistortsionatuak, baxua, bateria eta tipo bat perkusioa eta haizezko soinutresnak tartekatuz. Adibide bezala, akorde batekin 7-8 minutu egon ziren. Publikoa 60 eta 70 hamarkadetako LSDzaleen tankeran, begiak itxita burua aldeetara mugituz, eta bateon bat lurrean botata. Bizitzeko momentua.
Jaialdiko azken taldeak Mainstageean, Danzig behar zuen, baina programan aldaketa baten ondorioz Ghost izan zen azkenekoa. Suediarrak hauek ere (esanen nuke estatubatuarrekin batera jaialdiko talde gehienak Eskandinaviako herrialdekoak izan zirela), Heavy Metal light batekin, ahotsa aldiz leuna eta melodikoa zen. Hori bai, denak mozorratuak, monastegi bateko monjeak balira (baina beltzez eta buruhezurren maskarekin), eta abeslaria Aita Santu sataniko baten gisara. Slipknot taldearen kasua muturrera eramana da hauena: Iowakoei, askori behintzat, baxujolea hil zenean eman zuten prentsaurrekoa arte ez zitzaien aurpegia publikoki ikusi ere. Ghostekoak, berriz, izenak ere ez dituzte eman. Hau da, informazio bakarra Estokolmokoak direla da. Besteak beste, haien kantu bat Isabel Báthory hungariar aristokratari eskainia dute, esaten denez, historian erahil gehien egin dituen emakumea dena. Tankera honetakoa, ba.
Nekatuak geunden, eta Ghost amaitu aurretik kanpinera itzuli ginen. Eguneko txapeldunak, zalantzarik gabe, Gojira izan ziren. Lo gutxi egin (batzuk ez zuten jaia amaitu nahi, antza) eta hurrengo egunean goizean-goiz Iruñera abiatu ginen bueltan.
Ondorio bezala, esango dut Hellfest Europan dagoen jaialdirik handi eta gogorrenetariko bat dela. Ezinezkoa da nahi dituzun talde guztiak ikustea, eta beraz erabaki gogorrak hartu behar dira. Gu, hasiberri emozionatu batzuk bezala, jaialdia gehien bat Mainstageetan eman genuen, baina jende asko beste eszenatokietan egotera joan zen. Askok ere (eta hori nabaritu genuen) talde berriak deskubritzeko helburua zuten soilik. Orain pentsatuta, goizeetan ez joatea pekatua iruditzen zait, baina momentuan genuen neke, hotz eta buruko minak ez zigun indarrik ematen. Esango dut ere ez naizela kazetaria, eta ez nintzela jaialdira kronika bat egiteko ideiarekin joan (hori gero suertatu zen), beraz nire ikuspuntua oso subjektiboa da, eta hala konprobatu dut beste aldizkarietako kroniketan nik idatzitako gauza askoren kontrakoa irakurri dudanean.
Besterik gabe, esango dut (berriz ere) Korn taldearekin txunditurik gelditu nintzela, eta orokorrean talde guztiekin disfrutatu genuela. Hau izan zen, Latzenek bere azken birarako erabilitako hitz jokoa erabiliz, gure Hellmuga.
HELLFEST, DAY TWO: Rock and Roll All Night
2013-08-15 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Esnatu eta kanpin-dendatik atera ginen. Euria eta hotza. Goizean talde ezagunik ez, eta gu nekatuak oraindik, arratsalderarte ez joatea erabaki genuen.
5etarako heldu ginen, Mainstagean Down ikusteko asmoz. Aurreko egunean Hellyeahk jo zuen, esan bezala, Panterako bateria izan zen Vinnie Paulen taldea (gogora ekarri nahi dut Panterako gitarjolea, Dimebag Darrel aparta, honen anaia zela, eta kontzertu batean tiroz hil zutela 2004ean). Down Panterako abeslaria izan zen Phil Anselmoren taldea dugu orain. Espektatiba ezberdinak genituen Anselmorekin; drogekin arazo handiak izan dituen pertsona bat da, eta kontzertuetan maiz benetako zirkuak eman dituena. Hori bai, Trash/Groove Metaleko abeslari onenetariko bat kontsideratua da (barrabilekin kantatzen duen horietakoa, esan daiteke). Coverdalerekin ikusi genuena berriz ikusteko beldurra genuela aitortuko dut. Eta ez, ez zen hala izan. Egundoko kontzertua eman zuen Downek. Urruti geunden arren, azkeneko kantan Jason Newsted, Metallicako baxujolea izandakoa, igo zela iruditu zitzaigun. Ginda aparta, eta kontzertu aparta ere, aurrean genuen arratsalde eta gauari hasiera emateko.
Down ondoren, arnasa hartu, ausardiaz jokatu eta Death eta Black Metal taldeen karpan sartu ginen, Temple eta Altar eszenatokietan ze giro zegoen ikusteko. Rotting Christ izeneko Black Metal talde greziar bat zegoen jotzen. Societas Satanas kanta geratu zitzaigun buruan. Bai, asmatu duzue: infernua.
Infernutik atera eta Mainstageera bueltan, Accept hasiak ziren. Jaialdi honetan 80etako Heavy Metal alemanak eman dituen 4 talde ezagunenek jo zuten. Ostiralean Saxon, Kreator eta Helloween, eta larunbatean, esan bezala, Accept (Scorpions zaharragoak ditugu, eta Rammstein, berriz, gazteagoak, beraz lau hauek ditugu Apocalipsiseko Zaldunak). Ona kontzertua. Azkeneko kantan Anselmo igo zen haiekin kantatzera. Taldeen artean Backstageean giro ona zutela antzematen zen kanpotik. Accept jotzen ari ziren bitartean, momentu batez Warzone eszenatokira hurbildu ginen, bertan Unearth estatubatuarrak ziren. Talde ona, bizia, eta sekulako bateriajolea. Fitxerora. Papa Roachen garaia heldu zen gero Mainstageean, baina hauek ere ezezagunak zirenez guretzat, kanpinera afaltzera joan ginen.
Itzuli eta festibaleko arrain lodien momentua hasi zen. Lehenbiziz ZZ Top, Texasko talde ezaguna. Haien bizar erraldoi eta hegoaldeko (irakur bedi “southern-sureño”, “delsur” ordez) Rock eta Blues mitikoarekin, ordu betez show aparta eskaini zuten beterano hauek. Emanaldia La Grange kanta famatuarekin amaitu zuten gainera. Top 5ean ZZ Top, dudarik gabe. Hauek amaitzean Bullet For My Valentineren ordua, Galeseko Trash Metal taldea. Guk ondotik entzun genituen, alboko Mainstageean hurrengo talderako lekua hartzen geundelako. Metalcore moduko zerbait, Trash Metal melodiko bat edo. Txarrak ez, baina ez ziren gure gustukoak, beraz hauek amaitzeko gogoekin. Dena den, ez zitzaigun luzea gertatu ordu hori.
Momentu bereziena iritsi zen: festibaleko kartel-buruak, faboritoak, larunbatean beste bi egunetan baino jende kopuru bikoitza egotearen errudunak. Kissen garaia heldu zen. Teloi handi bat zegoen eszenatoki aurrean, muntai guztia nola egiten zuten ikustea izkutatzen zuena. Intro bezala, Led Zeppelinen Rock and Roll kantua (zinez miresgarria detailea), eta hau amaitzean oihu pare bat: Good night Hellfest! Oilo ipurdia dagoeneko, eta jotzen hasi ziren. Teloia jeitsi eta ikusi nuen lehengo gauza bateria bat zorutik 10 metrotara izan zen, plataforma erraldoi batean. Behera begiratu eta han zeuden beste hiruak, haien jantzi eta makillaje enblematikoekin. Aitortuko dut: Kiss glam-metalero kutre xamar batzuk bezala nituen buruan. Kantaren bat gustatzen zitzaidan arren, ez nituen oso estima handian. Kontzertua amaitzean guztiz kontrakoa pentsatzen nuen ba; zelako ikuskizuna New Yorkeko Hard Rock taldeak eman zuena. Paul Stanley eta Gene Simmons, 60 urteren bueltan, sasoiko eta gogoekin (eta birako azken kontzertua zela kontuan hartuz), kanta guztietan ehuneko ehuna emanez. Bai, Simmonsek 200 bat aldiz atera zuen mihia, baina egia da ere mihi hori ez dela humanoa. Tommy Thayeren riff gogorrak, eta zer esanik ez Eric Singeren bateria break eta koru indartsuak. Aipatzeko moduan, espero bezala, muntai erraldoia: metalezko armiarma handi bat argiak eutsiz, tirolina bat Stanley soinu-dorrera garraiatzen zuena, su-jaurtigailuak, Simmons eta Thayer publikoaren gainean kokatzen zuten plataformak eta bateria igoarazten zuen Gathuzainaren artazien antzeko tramankulua. Orokorrean, fansek errana, kanta nahiko berriak jo zituzten, baina klasikoak aparte utzi gabe. Nola ez, Rock and Roll All Night izan zen gehien txalotutako bat, eta kanta hori hartuko dut erreferente egun guztia deskribatzeko. Amaitzeke zeudenean, poliki-poliki ondoko eszenatokira joaten hasi ginen. Ahaztuko ez zaidan kontzertu bat izan zen, mundu guztiarentzat gomendagarria.
Parentesi txiki bat: ikusi ez nituen arren, aipatuko dut gau horretan ere, Warzone eszenatokian, Nofx eta Bad Religion Punk talde ezagunak aritu zirela, eta Templean (infernuko eszenatokietako bat, kasu ez nahas Curia kaleko taberna iruindarrarekin) Immortal, Norvegiako Black Metal taldea.
Bihotz taupadak milara nituela, kanpinera itzuli eta ohera. Kissek eman zuen Rock and Roll show erraldoia aparta izan zen arren, eta hauen baimenarekin, Korn irabazle bigarren egunean.
HELLFEST, DAY ONE: Infernuan ate joka
2013-08-01 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Iritsi ginen, autoan 7 orduz ibili eta gero. Clisson, Frantzia, Nantesetik hurbil. Kanpinean dendak eta abarrekoak jarri eta laister ohera. Hurrengo egunean hasiko zen Hellfest rock-metal festibal erraldoia, igandeko gauerarte iraungo zuena. Hona ba, nik ikusi nituen kontzertuen kronika laburrak.
6 eszenatoki zeuden: Mainstage 1 eta 2 alde batetik, handienak, elkarren ondoan eta tartean pantaila erraldoi bat zutelarik. Han joko zuten talde nagusiek, beti eszenatoki batekoak bestekoarekin tartekatuz (han eman genuen denbora gehien). Altar eta Temple bestetik, karpa handi batean, eta honetan Black eta Death-metal taldeak nagusi (konparazio batera, gizadiaren %85arentzat musika ordez “zarata” sortzen dituzten taldeak). Eta azkenik, Valley eta Warzone eszenatokiak. Bi hauetan, nagusiki, talde alternatiboak aritu ziren. Jendea, orokorrean, beltzez, eta gizonezkoak nagusi. Giro neardentala (oihuak momentu oro), eta garagardo litro kopuru imaginaezin bat. Bestetik, Quechuak kanpin-denden monopolioa dutela argi geratu zen.
Hala ba, lehenengo egunean goizean goiz joan ginen, nortzuk eta Berri Txarrak ikustera, Warzone eszenatokian. Harrotasunez aipatuko dut 150 talde baino gehiagoren artean euskaraz kantatzen duen bat egotea, gaztelerazko bakar bat ez dagoelarik gainera, gure hizkuntza urrun eramatea dela, dudarik gabe. Kasu, gutxitan heldu baita puntu hauetara euskal rocka. 12:15etan hasi eta Denak ez du balio jo zuten, atzerrian gehien zabaldu nafar taldearen kanta. Honen atzetik, ordu erdi motz baina bizi batean azken hiru diskoetako kantak jo zituzten soilik. Akaso festibalarekin bat zetozen kanta motak, esan daiteke, Dortoken Mendea bezala, itzela gertatu zitzaidana. Txalotzekoa ere bonboan Oteizaren argazkia ikustea, doike. Beti bezain fin.
Kanpinera itzuli ginen bazkaltzera. 15:00tan Saxon heavy talde mitikoa ikusi genuen Mainstageean. Kanta bakarra ezagutu gabe ere, kontzertu ederra eman zutela aitortuko dut. Hauen segidan Hellyeah estatubatuarrak, Panterako bateriaren taldea izateagatik ezagunagoak, Vinnie Paul handiarena, hain zuzen ere. Panterarekin erabiltzen zuen bateria ikusi ez genuen arren (hau txikiagoa, baina bonbo bikoitza mantenduz), soinu on ona zuten Hellyeah taldekoek, abeslari eta gitarrista paregabeekin. Fitxerora. Hauek bukatu eta ondoan Europe hasi. Bai, It´s the final countdown ninoninorenak. Kanta gehiago omen dituzte, aizue. Ez zitzaizkigun gehiegi gustatu, beraz bigarren edo hirugarren kantan komunera joateko tenorea zela erabaki genuen. Beti esan ahalko dut Europe ikusi nuela eta haien kanta bakarra entzun aurretik joan nintzela.
Itzuli ginenean Testament hasiak ziren. Esaten dutenez, Machine Head eta Manowarekin batera munduko talde zaratatsuenetariko bat da. Ba bai, bada. Eszenatoki aurrean jarri eta bonboen kolpeak zuzenean bihotzean jasotzen genituen. Hala ere, ez zitzaigun talde txarra iruditu. Europe baino hobeak behintzat. Testament ondoren, eta egitarauan ordutegi aldaketa bat eginez, Twisted Sister hasi ziren. Hauek ere kanta bakarreko taldea, We’re not gonna take it ezagunarekin. Argi utzi zuten gainera, kanta honekin 20 minutu egon baitziren. Guk, ergel profesionalak garenez, Huevos con aceite oihukatu genuen aldi guztietan. Hori bai, hura izan zen diferentzia handiz festibaleko 3 egunetan gehien entzun genuen melodia, jendearen ahots eta txistuetan. Hauek amaitu eta Kreator alemanak hasi ziren. Hauek ere, Saxon bezala, eupoako Heavy Metalaren gurasoetako batzuk. Guk ordea ez genituen ezagutzen, beraz kanpinera itzuli ginen, bokatak prestatzera.
Koadrilakoek gehien espero zuten taldeetariko bat ikustera itzuli ginen afalostean: Whitesnake. Ez naiz inoiz izan Whitesnakezalea. Egia esan, David Coverdale kantariaz gehien entzun dudana Deep Purpleekin grabatu zuen Burn disko mitikoa da. Whitesnakezalea ez naizela esan dut, eta gaitzerdi, zaleek haserre amaitu baitzuten kontzertua. Abeslaria ez omen zegoen sasoiko (hori guk ere nabaritu genuen), eta kantak goitik behera hautsi zituela esan zuten. Gainera, bi gitarjoleen eta hauetako batek armonikarekin egin zuen solo bukaezinak irentsi behar izan genituen. Pena, ba.
Ingelesek bukatu eta, iluntasuna lagun, Helloweenen txanda etorri zen. Hauek ikusteko gogo handiekin nengoen. Eagle fly freerekin hasi zuten (kanta erdira arte ahotsa entzun ez genuen arren), eta orokorrean azken urteetako kantak jo zituzten gero. I want outekin amaitu zuten behintzat, bideoklipa Nafarroan grabatu zuten kantarekin alegia. Kanta asko ezagutzen ez nituen arren, hauek ere sekulako kontzertua eman zuten. Gozamena.
Amaitu eta eguneko kartel-buruen ordua etorri zen: Def Leppard ingeles historikoak. Kristoren muntaia, argiak, eszenatoki eta soinua kontuan hartuz. Egia esan, bateriak beso bakarra zuela entzuna genuen, eta bi orduak bateriak nola demontre jotzen zuen jakiten saiatzen egon ginen. Deskubritu genuen, gutxi gora-behera. Honez gain, ez dut esango talde txarra denik, baina aitortuko dut kanta batek ere ez ninduela sobera harritu, beraz ez zen nire talde maiteenetariko bat izan.
Amaitzeko, Avantasia taldeak itxi zuen gaua. Taldea baino, gizon baten (Tobias Sammet alemana) proiektu pertsonala omen da, musikari finez inguratua. Halako opera rock/heavy arraro xamar bat. Bi kanta entzun eta kanpinera joan ginen, ohera. Egun gogorra genuen bistara, eta nekatuak geunden.
Lehenengo egunean, Berri Txarrak eta Helloween irabazle.
Beterri: la résistance Erriberan
2013-07-30 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
“Mil euskaldunes en la Ribera equivalen a diez mil en Tafalla, a cien mil en Pamplona y a un millón en el Baztán” (Montxo López de Goikoetxea)
Ohiko ohitura dugu udan herrietako jaietara joatea. Orokorrean, Euskal Herriko herri nabarmentsuenetan erraza izaten da giro euskalduna aurkitzea. Giro euskalduna, euskaraz hitz egiten duen jendeaz gain (hori ez baita hain ohikoa), musika, jarrera edo estetika konkretu batzuk biltzen dituzten giroak. Nafarroako Erriberan, ordea, azken hau ere aurkitzea ia ezinezkoa da.
Tuterako jaietan egon gara asteburu honetan. Beterri peñak urtero antolatzen dituen ekitaldiek gainontzeko egitarauan ikusten ez den euskal kutsua dute beti. Tutera bezalako hiri batean hori ikusteak poztu egiten gaitu.
Ostiralean dantzan aritu ginen. Urteak daramatza Beterrik dantza kalejira/emanaldi bat antolatzen hiriko kaleetan barna. Azkeneko sei urteetan Iruñeko Duguna dantza taldeari egokitu zaio eginkizun hori. Arratsaldeko 8ak aldera, tenperatura 30 gradutara jaitsi zenean, biribilketan abiatu ginen. Geldialdi batzuk egin, hainbat dantza eskaini (esan gabe doa, tragoren bat hartu ere), eta azkenik 9ak aldera Foruen Plazara iritsi ginen. Bertan Zezenzuskoak Otsagabiko Jota bat nola zapuzten zuen ikusi eta gero, dantzaldia amaitu genuen ondoko txoko batean. Ederki, ohi den moduan.
Dantza emanaldia alde batera utziz, benetan harritzekoa da hiri horretan dantzarako duten gogo nekaezina. Gauerdiko dantzaldian ehunka lagun elkartzen dira Tuterako Jota, Polka, Larraindantza eta bestelakoak dantzatzeko. Ondoren, “La Revoltosa”rekin amaitzen dute, Sakanako jaietan bezala, plazako kioskoari bueltak ematen dantzatzen den pieza.
Hau guztiaz gain, Beterri peñak gauero kontzertuak eskaintzen ditu bere egoitzan, eta hori ezean, DJ bat aritzen da musika jartzen. Denetatik entzun daiteke baina tarteka Erriberako hiriburuan entzuten ez dena aditzeko parada izaten da.
Bejondeizuela, Beterriko lagunak. Gora Erribera euskalduna!