Julen Leuza
Folklorea eta musika, orokorrean. Soinutresnak jotzea, kantatzea eta dantzatzea gustoko dut, eta idaztea baino hobe egiten ditut gauza horiek, beraz blog hau nire errealitatearen isla txiki bat besterik ez da izango. Traizioa tradizio bihurtuko dugu. Iruñea.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Julen Leuza(e)k Arma politiko bat bidalketan
- Iñaki(e)k Arma politiko bat bidalketan
- Jon Torner(e)k Futbolari buruzko 4 kantu paregabe bidalketan
- Inaxio Esnaola(e)k A ze lotsa bidalketan
- Gu ta gutarrak, euskaratik eta euskaraz | Hitz eta Pitz(e)k A ze lotsa bidalketan
Artxiboak
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko martxoa
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko otsaila
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko otsaila
- 2012(e)ko abendua
HELLFEST, DAY TWO: Rock and Roll All Night
Atalak: Sailkatugabeak
Esnatu eta kanpin-dendatik atera ginen. Euria eta hotza. Goizean talde ezagunik ez, eta gu nekatuak oraindik, arratsalderarte ez joatea erabaki genuen.
5etarako heldu ginen, Mainstagean Down ikusteko asmoz. Aurreko egunean Hellyeahk jo zuen, esan bezala, Panterako bateria izan zen Vinnie Paulen taldea (gogora ekarri nahi dut Panterako gitarjolea, Dimebag Darrel aparta, honen anaia zela, eta kontzertu batean tiroz hil zutela 2004ean). Down Panterako abeslaria izan zen Phil Anselmoren taldea dugu orain. Espektatiba ezberdinak genituen Anselmorekin; drogekin arazo handiak izan dituen pertsona bat da, eta kontzertuetan maiz benetako zirkuak eman dituena. Hori bai, Trash/Groove Metaleko abeslari onenetariko bat kontsideratua da (barrabilekin kantatzen duen horietakoa, esan daiteke). Coverdalerekin ikusi genuena berriz ikusteko beldurra genuela aitortuko dut. Eta ez, ez zen hala izan. Egundoko kontzertua eman zuen Downek. Urruti geunden arren, azkeneko kantan Jason Newsted, Metallicako baxujolea izandakoa, igo zela iruditu zitzaigun. Ginda aparta, eta kontzertu aparta ere, aurrean genuen arratsalde eta gauari hasiera emateko.
Down ondoren, arnasa hartu, ausardiaz jokatu eta Death eta Black Metal taldeen karpan sartu ginen, Temple eta Altar eszenatokietan ze giro zegoen ikusteko. Rotting Christ izeneko Black Metal talde greziar bat zegoen jotzen. Societas Satanas kanta geratu zitzaigun buruan. Bai, asmatu duzue: infernua.
Infernutik atera eta Mainstageera bueltan, Accept hasiak ziren. Jaialdi honetan 80etako Heavy Metal alemanak eman dituen 4 talde ezagunenek jo zuten. Ostiralean Saxon, Kreator eta Helloween, eta larunbatean, esan bezala, Accept (Scorpions zaharragoak ditugu, eta Rammstein, berriz, gazteagoak, beraz lau hauek ditugu Apocalipsiseko Zaldunak). Ona kontzertua. Azkeneko kantan Anselmo igo zen haiekin kantatzera. Taldeen artean Backstageean giro ona zutela antzematen zen kanpotik. Accept jotzen ari ziren bitartean, momentu batez Warzone eszenatokira hurbildu ginen, bertan Unearth estatubatuarrak ziren. Talde ona, bizia, eta sekulako bateriajolea. Fitxerora. Papa Roachen garaia heldu zen gero Mainstageean, baina hauek ere ezezagunak zirenez guretzat, kanpinera afaltzera joan ginen.
Itzuli eta festibaleko arrain lodien momentua hasi zen. Lehenbiziz ZZ Top, Texasko talde ezaguna. Haien bizar erraldoi eta hegoaldeko (irakur bedi “southern-sureño”, “delsur” ordez) Rock eta Blues mitikoarekin, ordu betez show aparta eskaini zuten beterano hauek. Emanaldia La Grange kanta famatuarekin amaitu zuten gainera. Top 5ean ZZ Top, dudarik gabe. Hauek amaitzean Bullet For My Valentineren ordua, Galeseko Trash Metal taldea. Guk ondotik entzun genituen, alboko Mainstageean hurrengo talderako lekua hartzen geundelako. Metalcore moduko zerbait, Trash Metal melodiko bat edo. Txarrak ez, baina ez ziren gure gustukoak, beraz hauek amaitzeko gogoekin. Dena den, ez zitzaigun luzea gertatu ordu hori.
Momentu bereziena iritsi zen: festibaleko kartel-buruak, faboritoak, larunbatean beste bi egunetan baino jende kopuru bikoitza egotearen errudunak. Kissen garaia heldu zen. Teloi handi bat zegoen eszenatoki aurrean, muntai guztia nola egiten zuten ikustea izkutatzen zuena. Intro bezala, Led Zeppelinen Rock and Roll kantua (zinez miresgarria detailea), eta hau amaitzean oihu pare bat: Good night Hellfest! Oilo ipurdia dagoeneko, eta jotzen hasi ziren. Teloia jeitsi eta ikusi nuen lehengo gauza bateria bat zorutik 10 metrotara izan zen, plataforma erraldoi batean. Behera begiratu eta han zeuden beste hiruak, haien jantzi eta makillaje enblematikoekin. Aitortuko dut: Kiss glam-metalero kutre xamar batzuk bezala nituen buruan. Kantaren bat gustatzen zitzaidan arren, ez nituen oso estima handian. Kontzertua amaitzean guztiz kontrakoa pentsatzen nuen ba; zelako ikuskizuna New Yorkeko Hard Rock taldeak eman zuena. Paul Stanley eta Gene Simmons, 60 urteren bueltan, sasoiko eta gogoekin (eta birako azken kontzertua zela kontuan hartuz), kanta guztietan ehuneko ehuna emanez. Bai, Simmonsek 200 bat aldiz atera zuen mihia, baina egia da ere mihi hori ez dela humanoa. Tommy Thayeren riff gogorrak, eta zer esanik ez Eric Singeren bateria break eta koru indartsuak. Aipatzeko moduan, espero bezala, muntai erraldoia: metalezko armiarma handi bat argiak eutsiz, tirolina bat Stanley soinu-dorrera garraiatzen zuena, su-jaurtigailuak, Simmons eta Thayer publikoaren gainean kokatzen zuten plataformak eta bateria igoarazten zuen Gathuzainaren artazien antzeko tramankulua. Orokorrean, fansek errana, kanta nahiko berriak jo zituzten, baina klasikoak aparte utzi gabe. Nola ez, Rock and Roll All Night izan zen gehien txalotutako bat, eta kanta hori hartuko dut erreferente egun guztia deskribatzeko. Amaitzeke zeudenean, poliki-poliki ondoko eszenatokira joaten hasi ginen. Ahaztuko ez zaidan kontzertu bat izan zen, mundu guztiarentzat gomendagarria.
Parentesi txiki bat: ikusi ez nituen arren, aipatuko dut gau horretan ere, Warzone eszenatokian, Nofx eta Bad Religion Punk talde ezagunak aritu zirela, eta Templean (infernuko eszenatokietako bat, kasu ez nahas Curia kaleko taberna iruindarrarekin) Immortal, Norvegiako Black Metal taldea.
Bihotz taupadak milara nituela, kanpinera itzuli eta ohera. Kissek eman zuen Rock and Roll show erraldoia aparta izan zen arren, eta hauen baimenarekin, Korn irabazle bigarren egunean.